Euskararen ingurukoak modu nahikoa agonikoan bizi ditugu sarritan, baina bestelakorik ere bada: plazera, atsegina, irribarrea... Eta, areago, gertakari bera modu ezkorrean edo baikorrean ikus dezakegu. Horixe gertatzen zait, konparaziora, Hodeierarekin.
Hodeiera 3 urteko gure seme Hodeiren euskara da. Leitzako gainerako 3 urteko umeen hizkera beretsua, Leitzako euskalkia-edo, baina bereizgarri batekin. Iraganeko aditzak osatzeko sistema propio eta erabat erregularra dauka: orainaldiko aditzari “n”a gehitu, eta segi aurrera. Aditz guztiei, gainera. Analogia horiek ohikoak dira edozein hizkuntzatan, noski, baina gure txikiak erakusten duen sistematikotasuna harrigarria gertatzen zait, ez baitzait inguruan suertatu hainbesteko erregulartasunez jokatzen duen beste inor.
Zehaztuko dugu, hobeki uler dadin. Horrela egiten ditu iraganeko aditzak Hodeik. “dozo” (duzu) →“dozon” (zenuen). Alegia, orainaldiko forma + “n” (dozo + n). Honatx jasotako batzuk: “daukezo (daukazu) → “daukezon” (zeneukan); “dot” (dut) → “doten” (nuen); “dizot” (dizut) → “dizoten” (nizun); ga (gara) → “gan” (giñen); “zattot (zaitut) → “zattoten” (zintudan), “zait” → “zaiten” (zitzaidan)…
Hodeik ez du inoiz horrelakorik entzun. Entzuten duena “ziñun”, “ziñauken”, “nun” edo antzekoak dira, baina hala ere erabateko konstantziaz bere sistema propioari eutsi dio. Aditz-formaren batetik ondorioztatu du araua zein den, eta berdin aplikatzen die gainerako guztiei.
Eta zergatik esan dugu arestian gertakari bera aldarte edo jarrera ezberdinez har dezakegula? Bada, aditz horiek entzutean, nire barruko zuzentzaile-errepresoreak tarteka aditzak zuzentzera bultzatzen nau. Gehienetan, ordea, sufritu baino gehiago gozatu egiten dut Hodeierarekin. Harrigarria eta ederra iruditzen baitzait hiru urteko ume batek aditz berriak erregularki sortzea, entzuten duena alde batera utzita.
Oso oker ez banago gertaera hau ongi samar ezkontzen da Chomskyren hipotesiekin-eta, alegia, gure dotazio genetikoan badugula, besteak beste, nolabaiteko gramatika. Beste azalpenen bat ere izan lezake Hodeierak, akaso, baina horrek ez dio nire plazer txikiari deus ere kentzen.
ARGIAko espazio honetan gure seme-alaben berri lehenago ere eman izan dut. Izan ere, aitortu beharra daukat euskararekin azken urteotan hartzen ari naizen gozatu handienetako bat seme-alaben hizkuntza-jabekuntzak eragin didala, eta gozatu horrek agerbidea aurkitzen du beti handik edo hemendik.