argia.eus
INPRIMATU
Hondartzari jarriak
Alaitz Sarasola 2013ko maiatzaren 06a
Nagore Legarreta
I

Izerdi eta krema usainak
nahastu ohi diren mapa:
flotadorea toldo azpian
ta eguzkitan hamaka,
anteajuak, aletak,
kanpazoa, txankletak,
helatuari zupaka...
batzuentzako koadroa da ta
besteentzako estanpa.


II

Nahiz eguzkiak baino gehiago
“jotzen” gaituen euriak
batzuk beltz asko ikus daitezke
denak ez dira zuriak.
Slip estu frikien
ta bikini ttikien
azpian ze irudiak...
Tonalidade desberdineko
giharre eta guriak.



III

Oinak bustiaz hara ta hona
ikusiz jende tropela,
esan daiteke itsasertzeko
“bidegorrian” gaudela.
Bizkar zabalekoak,
lirainak, balekoak...
edo, tira, dena dela,
batzuentzako pasira dena,
besteentzat pasarela.

IV

Adinekoak nondik gordeko,
ipurdi bistan umeak,
nonahi sonbrila estanpatuak
edo toalla xumeak.
Tetrisean bezala,
betetzen dira hala
hondarrezko hutsuneak...
Galernarekin errematatzen
diren udako uneak.


V

Nola hondartzak horretarako
patxada eman dezakeen,
eguzkitako etzanaldian
bada hainbat burutapen…
Ta norberak ez badu,
zintzo eta ondradu
kontrol pixkat eramaten,
buka daiteke aldameneko
konbersazioak jaten.



VI

Maiz begirada lizun batekin
nazkatu galanta hartu…
Hondarrarekin, zipriztinekin…
Nor ez da jenio txartu?
Egoten jakitea,
edo aldegitea,
hori norberak hausnartu,
baina hondartzara abitzerako
pazientzia poltsan sartu.


Doinua: “Iparragirre abila dela”.