argia.eus
INPRIMATU
Adierazpenak
2009ko uztailaren 21

Sabin Bikandi Aiko dantza taldeko kideak Bizkaie! agerkari elektronikoan: "Folklorea zer dan zehazteko tesi doktorala beharko geunke. Gurean badago herri kulturea, jantzan, musikan zein hizkuntzan bertakotasuna aldarrikatzen dauen jokera bat eta gaiaren harian, lagun bategaz izandako berbaldiaren harian, harek esaten eustan lehen jantzan egiteko zein euskeraz berba egiteko modu desbardinak egozala eta hori holan zan desbardinak ginalako. Gaur, barriz, batzuetan desbardin jantzan egin eta berba egiten dogu apropos desbardinak izateko eta horrek panoramena apur bat konplikatu egiten dau".

 

Ane Miren (www.kontorsioan.com) bihurrikariak Aizu! aldizkarian: "Hangoa (Kataluniakoa) hasieratik ezagutu nuen, eta agian hamar edo hamabost urteko abantaila daukate gure aldean. Han erakundeek badute sentsibilitate handixeagoa. Eta Frantziara bazoaz, harrituta geratuko zara. Han ehun mila argi-urtetara daude. Artista moduan izan ditzakezu ez dakit zenbat emanaldi urtero, eta lesio bat izanez gero, langabezia daukazu. Zuzenean behar batzuk estaliak dituzu. Erretiratzen zara, eta badauzkazu lekuak eskolak emateko; hemen kale gorrian geratzen zara".

 
 

Juanra Madariaga idazleak Berrian, kaleratu berri duen Eroriaren logika (Susa) poema liburuaren harira: "Ez dut uste nire poesiak filosofikotik ezer duenik, baina gerta daiteke irakurleak liburuaren atzean denboraren gaineko filosofia bat antzematea. Azken batean, irakurleak liburuak teorizatzen ditu, eta baten batek teorizazio filosofikoa egin dezake honetaz ere. Baina ni ez naiz horretan saiatu. Poesia errealista da nirea, edo hiperrealista. Errealista, zentzurik traketsenean. Hau da, egunero ikusten dudanaz aritu naiz, egunero sentitzen dugunaz".