argia.eus
INPRIMATU
Zergatik ez dugun iraungo (edo bai)
Harkaitz Cano 2013ko maiatzaren 06a
Alberto Elosegi
Meme deitzen dio Richard Dawkinsek komunitate baten baitan, kulturalki gogoangarria izaki –gogoratzea merezi duena, alegia–, pertsona batengandik beste batengana eta belaunaldiz belaunaldi transmititzen den unitate minimoari. Nukleo gogoangarri hori osa lezakete, besteak beste, pertsonaiek (Don Quijote; baina baita ere Maradona), esaldi batek (“Izan edo ez izan...”; baina baita ere “la noche me confunde”), irudi batek (Che Guevararen soslai zuribeltzezkoa; baina baita ere Nike-n logoa) edo kantu batek (Blowing in the wind; baina baita ere “Próxima estación Esperanza” eta ondorengo txirrin hotsa). Horrela, memeen baturak eta konbinazioak egitura kultural konplexuak sortuko lituzke, hizkuntza bat edo mitologia bat, kasu.

Dawkinsek El gen egoísta liburuan asmatu zuen teoria honek, genetikaren mundua eta bere funtzionamendua kultur mundura ekartzeko ahalegina egiten du, eta aldekoak adina sortu ditu kontrako iritziak, ez baitu, oraindik ere, nahikoa oinarri eta garapen matematiko sendorik. Interesgarria da, edonola ere, transmisioaz hainbeste hitz egiten den garaiotan, biologiaren legeak kulturara ere aplika daitezkeela pentsatzea. Batez ere, gurean bezala, fosil izateko bidean sentitzen garenean sarritan, eta bizirauteko “kanpotiko laguntza” edo Ama Zelula Santisima guztiak beharko ditugula susmatzen dugularik.

Memeen kasuan ere, genetan legez, badira hainbat unitate ugalkortasunerako joera eta denboran irauteko ahalmen berezia dutenak; beren burua errepikatu eta aldagai berriak sortzeko gaitasuna. Euskal kulturari dagokionean, ez litzateke beharbada guztiz hutsala meme hauek zeintzu diren identifikatu eta haien erabilera maliziosaren bidezko aldagai sintetikoak sortzea laborategi batean (ez dakit Etxepare Institutuari edota Pasteur Institutuari legokiokeen: onena bien arteko elkarlana litzateke, ziur aski... Edo, zer arraio, sor dezagun espreski erakunde berri bat: EKUMEBANK –Euskal Kulturako Memeen Bankua...–). Bagenuke non bildu eta zer egin... Zenbat dira, ordea, benetan ugalkortasuna, iraupena eta mutabilitatea ziurtatuko luketen kultur genetikako meme eraginkor horiek, gehiengo batek hala sentitzen dituenak? Ez litzateke erronka makala errolda osatzea. Bitxia da, baina bururatzen zaizkidan erreferente gehienak musikalak dira: Mikel Laboak sortu ditu makina bat meme berak bakarrik, Hertzainak taldeak ere bai, Ruper Ordorikak beste hainbeste... “Ze urrun dagon Kamerun”, “Hauxe da debilidadia”, “Aio eta ondo bizi” edota “Edozein herriko jaixetan” ez ote dira memeak esaldi okurrenteak baino gehiago? Bertsolaritzatik asko edan liteke. Literaturan ez zaizkit hainbeste adibide bururatzen, baina inor gutxik ukatuko du Obaba espazio mitikoa meme bat denik, edota “ehun metro” hitz elkarketak Saizarbitoriaren nobelako pasarteak ekartzen dizkigunik askori burura oihartzun olinpikoak baino lehen. Koldo Izagirreren Agirre pertsonaia izan liteke meme bat. Zineman: Kareletik meme bat da. Hamaseigarrenean aidanez ere bai, hizkuntz egitura bezala, baina baita pasarte historiko jakin horrek hunkitzeko duen eraginkortasuna medio: irauten du denboran, errepikatzen da eta mudatzen... Animalario konpainia madrildarrak Urtainen aitaren bizitzako pasarte harexekin amaitzen zuen boxeolari zestoarrari eskainitako antzezlana.

Kontua da, globalizazioak eskaintzen dituen (in vitro xiringatzen dizkigun) meme horien baitan nola txertatu daitezkeen geure memeak, eta elkarrekin armonian bizi, Josef Mengele bihurtu gabe.