argia.eus
INPRIMATU
Seilurik gabeko gutunak
Imanol 'Troya' Zarautz 2013ko maiatzaren 02a
Maddi Soroa
I

Aspaldi hontan bihurtu nauzu
postariaren bezero.
Buzoi barruan begiratzen det
esnatu eta goizero.
Karta ireki ta irakurriz
irri egin goxokiro!
Zu nolakoa zaren jakinda,
ezin besterik espero,
gutunak bihotz ondon jarrita
hartu ohi det lo gauero.

II

Oraindik ez du argitu baino
eguna dator oskarbi.
Negu erdian udaberriko
egunsenti bat dirudi!
Gauez izotzak estali ditu
soro, baso ta belardi.
Mendi arteko eguzki printzek
nahiz itsu utzi bi begi,
zure hitzetan maitasun asko
irakur dezaket garbi.

III

Ez dut gogoan noiz jaso nuen
bidali zendun lehena,
baina oraindik eskuetan dut
iritsi zaidan azkena.
Hitz goxo eta maitasunezko
esaldiak dituena.
Korrespondentzi hau bihurtu zait
bizitzan gauz ederrena!
Zure gutunek alaitzen dute
nire egun tristeena.

IV

Zazpi bat urte izango dira
elkar urrundu ginela.
Erabakia hartu genuen,
ezin zen bizi bestela.
Hain dago triste, hain dago hotza
gure etxeko logela!
Amestu arren gauez zu nire
ohean sartzen zarela,
ezta mantarik emango dunik
zuk adinako epela.

V

Zuk ez duzu nahi, edo agian
oaindik ez zara kontura!
Plater huts batek, mahai buruan
ematen duen tristura.
Garai batean etorkizunak
hartua zuen itxura,
ilusioa, maitasuna ta
bizipozaren freskura...
Berriro ere nere ondora
nahi zinduzket berreskura.

VI

Gure arteko erlazioa
amildegiaren mugan
ikusten hasi ginen unean
jarri ginen biok dudan!
Aipatu arren, jarri dezagun
esperantza pixkat gugan,
geroztik jada ez dakit zenbat
gutun erantzun ditudan!
Zuk aberria maite zenuen
ta nik zu maite zintudan!

VII

Bakardadeak eragin dizkit
nik ez dakit zenbat kalte!
Nahiz urrun egon, jakin nigandik
ez zaude oso aparte.
Aspaldi hontan paperez eta
boligrafoz zaitut maite!
Seilurik gabe dijoan gutun
honen jabe egin zaite
ta gorde zazu egunen baten
berriro ikusi arte!

VIII

Zita goxo bat jarri dezagun
komeni den egunean.
Egunez ez da horren xamurra,
hobe gauez ta klabean.
Hain guapo zauden txuri beltzeko
argazki xahar bat aldean,
esker eskuan lore sorta bat,
nerbio denak aidean!
Zure muxu ta besarkaden zain
Baionako kostaldean.

Doinua:“Aita izena”.

Usurbilgo Santixabeletako XXXIII. Bertso Paper Sariketaren irabazlea.