Inguruan izaten diren ekaitz beldurgarrietatik babesten omen gaitu San Adrianek. Esaerak dioenez, “San Adrian, txikia baina ausarta”. Lizarragako patroia da santua; haren izena daraman baselizara igotzen dira herritarrak ekainaren hasieran, San Adrianen irudia hartu eta herrira jaisten dute. Bederatziurrena egin ostean, ekainaren 20an santuaren eguna ospatuko dute, baselizara igoz eta egun osoko erromeria eginez.
San Adrian talaia paregabea da, Sakana eta haren inguru guztiak ikusteko toki ezin hobea, baita Urbasa eta Andiarako sarbide eta topagune ere. Balkoi eder horretara ailegatzea erraza da oso, txangorik laburrenenean 40 bat minutu besterik ez dira beharko ailegatzeko. Dena den, bada aukera txangoa luzeago egiteko, Etxarritik edo Lizarragatik abiatuta, esaterako.
Lizarragako portura igo behar da lehendabizi. Bi aldetik ailegatzen ahal da, Ergoienatik, portutik gora, edo Lizarratik, Urbasa eta Andia artean doan errepidetik. Lizarragako tunelaren ondoan aparkaleku txiki bat dago; hesia pasatuta, pista bat abiatuko da eta handik aurrera ez dago galbiderik. Handik gutxira, pistak Bakaikutik etortzen den galtzada erromatarrarekin bat eginen du. Zertxobait aurrerago dagoen pagadian sartu gabe, galtzada utzi eta eskuinera eginez, berehala aurkituko dugu baseliza txikia.
Handik ikusten den paisaia zoragarria da: Sakana bailara, Aizkorri, Aralar mendilerroa, eta ondo-ondoan, ia eskura, Beriain mendi harroa.
Ibilbide ezin errazagoa, familia osoak egiteko modukoa, apenas 100 metroko desnibela duena. San Adrianetik txangoa nahi adina luzatzen ahal da, mendilerroaren ertzetik: Baitzako gaina egin edo pixka bat urrunago dagoen Santa Marinako baselizaraino ailegatu.
Beste ihesaldi batzuk: