Euskal Herrian eta hemendik kanpo ere, jende askok ezagutzen du Holtzarteko zaldaina edo zubixka. Holtzarteko basoan lan egiten zuten egurginek –haietatik asko italiarrak– altxatutako eraikin honek, Oladübiko arroila gainean 180 metrotik gora igaroarazten gaitu. Ahaztu ezineko zirrara une bat!
Larraineko aldaparen behealdean kokatua den Lojibar ostatu inguruetatik abiatuz, bisitari tropelak egin ohi duen ibilbidea hartuko dugu hasiera batean eta hiru ordu laurdenen buru Holtzarteko zaldainerat iritsiko gara.
Alabaina, jende nahiko gutxik egiten duena egitea aholkatuko dizuegu, egun berean zirrara aukera bi edukitzeko xedean. Hala, zaldaina pasa eta gero, Holtzarteko oihanean ondo markatua den xendatik gora egingo dugu. Hogei bat minuturen buru lurbide batekin topo egitean, honetan eskuin alderat hartuko dugu eta beste horrenbeste denboraren buruan zurez eginiko zubi batera helduko gara. Hortxe, goialdetik datorren erreka oso politaren eskuinaldetik gora egingo dugu, lehenik zuhaitzen artean eta aski laster larre gero eta zabalago batean, bidezidorra badelarik beti.
Horrela, zurezko zubitik ordu bat baino gehixeagoren buru, sekulako emozioa bizituko dugu Pistako ur-jauzi miresgarria bat-batean begi aitzinean edukita. Pista hitzak “ur-jauzia” esan nahi du zuberera zaharrez, “turrusta” gehiago baliatua delarik gaur egun. Anartean, guztiz miresgarria da ur-jauzi, pista, turrusta hau, 40 bat metroko altueratik jauzi egiten duelarik ur zuri indartsuak.
Paradisu antzeko leku honetan denbora bat geratu nahi duenak aukera hori izango du, Bortükariak mendi elkarteak berreraikitako artzain txabola zaharrak aterpea eskainiko baitio. Azkenik, jakin ezazu urte oro, ekainaren hirugarren larunbateko eguerdi aldean, hortik pasatzen baldin bazara, Pista peko jai egunean –bazkari xume bat– ongi etorria izango zarela.
Beste ihesaldi batzuk: