argia.eus
INPRIMATU
Lantua eta amorrua
2013ko maiatzaren 02a
Iñigo Azkona
Lantua eta amorrua
A ze marjinatu saldoa bildu den orrialde bakar batean: nafarra, emakumea, homosexuala, arabarra... Bakoitza bere proportzioetan, baina guztiak ere tara ezkutaezinekin. Apropos egingo ote zuten Argiako arduradunek? Kuota bat betetzeko sartu ote gaituzte, gure negarrek tokitxo bat behintzat izan dezaten euskal prentsan?

Baina ez, gu ez gaude hemen lantuan, Juanjok iradoki bezala. Gure subalternotasun horiez harro ere bagaudela esan daiteke –baina norbaitek aukeratu du hemen emakume, homosexual edo arabar izatea? Posible da beraz gauza horietaz harro egotea?–.
Biktima izateko modu asko daude –ondotxo dakigu hori inguru honetan– eta biktimizazio bera ukatzea bada modu horietako bat.
Naomi Wolf-ek oso ondo zehaztuta utzi zuen victim feminism eta power feminism arteko desberdintasunak –feminismoaren teoria berriz hona ekartzea gehiegizkoa ez bada–. Hala dio Fire with Fire liburuan: “Biktima-feminismoa botere-gabezian zentratzen den identitate batetik boterea bilatzean datza. Biktima-feminismoa guk guztiok egiten duguna da, emetasunaren berezitasunean oinarrituta estatus berezi bat aldarrikatzen dugunean, giza balioan oinarritu beharrean. Ezkutuka borrokatzen dugunean, modu ohoretsu batean borrokatu beharrean”.

Fire with Fire liburua power feminismoaren aldeko manifestua da, noski, eta liburua arretaz irakurtzen baduzu, feminismo mota horren onurez konbentzituko zaitu, seguru asko. Interesgarria da, dena den, neska gazteentzako bereziki diseinatutako power feminismoaren garapena aztertzea. Girl power delakoaz ari naiz, neska nerabeei borrokalari izateko deia egiten dion ustezko mugimendua, 90eko hamarkadan zabalduta. Pista bat emango dizuet: mugimendu horren bozeramailea Spice Girls musika (?) talde (?) britainiarra izan zen –ez dakit gogoan izango duzuen edo zuen memoria selektiboak lana ondo beteko zuen–. Teorian neskatilei boterea eskuratzen laguntzen zuen mugimendua zen, neska gazteen amorrua eta injustizien aurka borrokatzeko grina artikulatzen zuena. Praktikan... horixe bera, praktikan Spice Girlsak ziren, eta Scream bezalako pelikulak eta Buffy banpiro-ehiztariaren abenturak. Askoz gehiago ez.

Beste Troiako behor bat. Oraingo honetan entretenimendu industriaren onurarako.

Girl poweraren inguruan idazki zenbait irakurtzen ari nintzela, hurrengo esaldiarekin egin nuen estropezu: “Amorrurik gabe ez dago injustizien aurka borrokatzeko kemenik”. Twitter-en zintzilikatu nuen eta lagun batek berehala egin zidan kontra. Amorrua ez omen zen ezinbestekoa. Kode etiko zurrun batekin nahikoa omen zen. Epeltasuna bertutea omen. Eztabaidatxo bat izan genuen, Internet bidezkoa, eta uste dut bakoitzak zorrozki mantendu zuela bere hasierako atxikimendua eta beraz eztabaidak ez zuela ezertarako balio izan.

Subalternotasuna lantuaren tokia ez dela adostu dugu. Amorruaren tokia behintzat izan beharko litzateke. Amorru konstruktiboarena, esan nahi da, halakorik onargarria bada. Gure kontra egiten diren injustizien aurrean altxatzeko moduko amorrua, eta baita besteen kontra egiten diren injustiziei igarri eta haien kontra egitekoa. Hara hor subalternotasunaren beste abantaila bat: menpekoen arteko elkartasun unibertsala. Hori, teorian. Amonak, aldiz, askotan errepikatzen du: “No sirvas a quien sirvió, ni pidas a quién pidió”. Zergatik ote?