argia.eus
INPRIMATU
Igotz Ziarreta
‘Bartzelonako euskal etxea benetan da kultur gunea’
  • Informatikariak bere burua birdefinitu zuen: programatzaile lanetan ari zelarik diseinuaren eta irudiaren arlora zuzendu zituen urratsak. Urteak iragan eta Bartzelonako metropolian libro ikusi du bere burua, web, afixa eta argazki munduan euskal etxean guztiz murgildurik.
Miel Anjel Elustondo 2009ko uztailaren 08a
Zaldi Ero

2007ko Durangoko Azokak eman zizun izena, azoka iragartzen zuen afixa erabakitzeko lehiaketara aurkeztu eta irabazita.


Izena eman zidan ez dakit, bada. Hura izan da nik egindako lanen artean gehien ikusi dena, hori bai. Hala ere, lan hura askoren arteko bat izan zen. Egia da afixa hura jendeari erakutsi eta ezagutzen nautela, ezagutzen dutela nire lana. Azken finean, horixe nahi dut nik, jendeak nire lana ezagutzea, ez ni. Ni ezagutu ala ez, berdin da.

Afixak izan zuen harreraz zer diozu?


Ikaragarria. Horrelako afixa egitea amesten duzu, horrenbeste zabaltzea. Kasu hartan, lehenengo aldiz aurkeztu nintzen lehiaketa batera –eta oraindik ez naiz beste lehiaketa batera aurkeztu–, kartel hura egin eta, ondoren, kalean nindoala Olentzero hura horman itsatsita ikustea… Niretzat gauza handia izan zen, baina uste dut handiagoa izan zela Olentzerori aurpegia jarri zion lagunarentzat.


Josep kataluniarrarentzat, alegia.


Bai, kalean zihoala batek baino gehiagok ezagutu zuen eta Josep berari arraroa zitzaion egoera horretan ikustea bere burua. Gainera, kataluniarra izanda, ez zuen argiegi zenbat zabalduko zen irudia ezta euskaldunen artean nolako garrantzia duen Durangoko Azokak ere. Niri dagokidanez, Durangoko Azokaren atala izatea –txikia bada ere, atala–, oso garrantzitsua iruditzen zait. Urte hartan neu izan nintzen Azokaren azalaren egilea. Gauza inportantea niretzat.


Euskalkultura.com web bidez jakin zenuen lehiaketaren berri.


Bartzelonan nintzen ordurako. Euskal etxeko koordinatzaileak jakinarazi zidan. Guk, izan ere, hemen egiten ditugun afixak euskalkultura-ra bidaltzeko ohitura dugu. Handik, berriz, lehiaketaren oinarriak zeintzuk ziren azaldu ziguten. Koordinatzaileak niri esan, afixa hura sortu, eta irabazi!


Diasporari begira lan egiten duen webgunea euskalkultura.com, eta diasporako kidea zu zeu.


Diasporan nago, bai, Bartzelonako euskal etxean. Gure aita ere diasporakoa izana da. Hura AEBetan izan zen, 1969an joana. Zenbait urtez artzain lana egin zuen Idahon, etorri zen arte. Etxean baditugu argazkiak eta beste, garai hartakoak. Dena dela, askorik ez du kontatu behin ere. Zenbait gauza besterik ez. Ez daukat informazio osorik. Baina hura diasporakoa izan zen urte batzuetan, eta ni ere diasporakoa naiz. Gure aitak baino urte gehiago daramatzat kanpoan, eta bertan segitzeko asmoa daukat gainera.

Amerikako zenbait euskal etxe ez bezalakoa duzue Bartzelonakoa. Leku askotan ez dagoen aktibitate mordoa antolatzen da hemen.


Euskalduna ikastera etortzen da Bartzelonara. Gaztea da, asko mugitzen da. Urte batzuk egiten ditu hemen eta ezkutatu egiten da gero, Euskal Herrira itzultzen da. Haien atzetik, berriz, beste batzuk etortzen dira. Horregatik du indar handia Bartzelonako euskal etxeak, gazte asko daudelako bertan. Gauzak egiteko gogoa du eta euskal etxea guztiz irekia dago edozein kultur proposamen antolatzeko edo sortzeko. Hemen urte gehiago egin ditugunak gauzak zelan aldatzen diren ikusten dugu, baina beti jende gaztea hemen.


Askotariko ekitaldiak antolatzen dituzue gazteok: Literaldia, Zinemaldia, Euskal Herria Sona!, Euskal Herria a la Mercè, euskarazko eskolak… Zuekin bat egiten dute euskal etxea sortu zutenek, gaur egun erretretan sartuak direnek?


Nik uste pozik egon behar direla. Ekitaldi mordoa antolatzen dugu, mugimendu handia sortzen. Nire iritziz, Bartzelonako euskal etxea halako puntu batera heldu da non ez daukan denbora materialik gauza gehiago egin edota antolatzeko. Hala ere saiatzen gara. Zuk aipatu dituzun jaialdi horiez gainera, ostiralero-ostiralero zer edo zer bada euskal etxean, izan kontzertu edo antzerki, izan hitzaldiak ostegunetan… Eta ezin ahaztu euskal etxean 150 pertsona baino gehiago ari direla euskara ikasten, gehienak kataluniarrak. Eta 350 baino gehiago Bartzelonan, bertako Hizkuntz Eskolan, Unibertsitate Autonomoan eta Bartzelonako Unibertsitatean ere erakusten da-eta. Oso dinamikoa da euskal etxe hau. Ni hemen parte hartzen hasi nintzenean trantsizio aldi batean zegoen Bartzelonako euskal etxea. Handik hona, gutxika-gutxika, gauza gehiago egiten ari gara eta, gaur egun, bai kalitate eta bai kantitate aldetik ere, oso maila altua iritsi dugu. Pasa den urtetik hona beste pauso bat eman du euskal etxeak, kanpoan sortutako kultur ekitaldiak erakutsi bai, baina sortu ere egin nahi ditu; aurten, besteak beste, Oteiza 101 proiektua sortu da euskal etxean, eta espero dugu laster euskal etxean sortutako kultur ekitaldiak Euskal Herrian ere ikusi ahal izatea.


Bartzelonako maila handiaren pare.


Kontuan hartu behar da kultur mailan Bartzelonan dugun konpetentzia oso-oso handia dela. Gu, ekitaldiak antolatu eta jendea bertara etor dadin saiatzen gara. Beti ez dugu lortzen, jakina, baina kontuan hartu behar da Bartzelonan gaudela, munduko hiri batean, kultur eskaintza oso handia den lekuan. Euskal kultura zabaltzeko ahalegina egiten dugu, horixe da-eta gure lana. Bestalde, kontuan hartu euskal etxera ez direla izen “handiak” etortzen gehienetan, bere bidea egiten hasten ari den jendea baino. Jende horrek Euskal Herritik irten eta aukera izan dezan nahi dugu, bere bide naturala Euskal Herrian badu ere, Kataluniara pausoa ematen lagunduko diogula. Ken Zazpik, Betagarrik eta besteren batek horrela egin dute, eta guk bide horretan sakondu nahi dugu.



Zuek euskal kulturaren alde hainbeste lan eginagatik ere, lan horren oihartzun izpiak baino ez ditugu guk jasotzen Euskal Herrian.


Zaila da. Euskal Herrian beti geure buruari begira bizi gara, kanpoan egiten denari kasu handirik egin gabe. Saiatzen gara ahal dugunaren berri ematen, baina geure mugak ditugu…

Zuen ekinaz baino, geure aldetiko interes txikiaz ari nintzen. Kanpoko euskaldun munduaz ez garela behar beste arduratzen, alegia.


Arduratu, gutxi. Nik uste planteatu ere ez dugula egiten aukera hori. Euskal Herritik kanpora bizi diren euskaldunek zer egiten ote duten, galdetu ere ez jendeak. Bartzelonako euskal etxeari dagokionez, asko ez bezalakoa da, gaztez beteta dagoelako, eta hori ez da leku askotan gertatzen. Euskal Herrian euskal etxeez duten ikuspegiaz, nik esango nuke aspaldiko zera bat bezala ikusten direla, urruti dagoen mundua, zaharren kontua. Bartzelonako euskal etxean, aldiz, euskaldunak batzeko lekua egiten saiatzen gara eta, horrekin batera, gaur egungo euskal kulturari leihoa egiten. Benetan kultur gunea da hemengo euskal etxea, eta hori indartu nahi izan dugu beti. Beharbada hori ez da beste euskal etxe askoren planteamendua, baina bai gurea eta gure bazkideena.


Zuri, besteak beste, hemen bertoko euskal etxearen webgunea kudeatzea dagokizu.


Bloga.

Ez da webgunea, beraz?


Badago ezberdintasunik. Euskal etxeak badu weba, aurpegi instituzional bat –serioa, nahi bada–, eta badu bloga, non antolatzen ditugun ekintza guztiak sartzen diren, baina plano pertsonalagoan, gertuagoan. Komunikazio arazoa dugu horretan: jendeak usteko du ohiko euskal etxea dela Bartzelonakoa, bazkideek bazkideentzat egina. Guk ideia hori apurtu nahi dugu eta publiko gazteari begira jarri, kontuan izanda hiri honetan dabiltzan euskaldun gehienak gazteak direla. Eta badakigu euskal etxea aurrera ateratzekotan gazteak behar ditugula, haiek dute indarra euskal kulturaren alde musu-truk lan egiteko. Ekintza pila antolatzen dugu, lan handia da, eta jende asko behar izaten dugu lanean. Gazteek hartzen dute lan horren pisua gehienbat.


Bloga kudeatzen duzu. Informatika ikasketak egina zara, baina diseinu eta irudi arloan ari zara buru-belarri lanean.


Informatika ikasi nuen, bai, eta programatzaile egin nuen lan. Baina garai hartan, inguruan ezagutzen zuten informatikari bakarra nintzelako –edo ez dakit, bada, zergatik–, azkenean neuk egiten nituen afixak, egutegiak eta osterantzekoak, eta horrantz jo nuen, nahi gabe, eta bertan geratu naiz!


Gazte zara eta zeure garaiari dagokion estilo “modernoa” ageri dute zure lanek.


Informatikari lana bera kontu modernoa da. Ordenagailu bidezko diseinua bera ere, modernoa… Bestalde, diseinatzailea ez da argiketaria baino gehiago, ez iturgina baino gehiago ere: haiek saiatzen diren moduan saiatzen naiz ni lanean. Arazo batekin egiten dut topo –zer edo zer komunikatu nahi dut–, material jakin bat dut eskura, daukadana edo sor dezakedana, eta haren arabera dihardut lanean, ahal den ondoen egiten. Baina badiotsut, lanean, komunikatzen. Modernotasuna dela-eta, joera ezberdinak daude eta, horietarik bat, “lore” gehiegi jartzea. Ni aldiz, ahalik eta elementu gutxiago erabiliz komunikatzen saiatzen naiz. Elementu asko jartzeak ez du komunikazioa laguntzen. Komunikatzen ez duten elementuak soberan daude. Horretan saiatzen naiz ni. Gainera, Mediterraneoak horretara bultzatzen zaitu: etxeak zuri dira, ez dago soberakorik. Horrela izan beharko luke eta, zorionez, oraindik horrelako herriak badira. Horixe da nire planteamendua, moderno izan edo ez: elementu gutxirekin komunikatzea lortzen baduzu, gainerakoa soberan dago. Baina ez dut beti horrela egiten! Kar, kar, kar…


Meñakan, zeure jaioterrian iraun izan bazenu, uste duzu bertsua izango zenuela estiloa?


Ez. Meñakan nengoela, zerbait falta zitzaidala sentitzen nuen. Horregatik etorri nintzen Bartzelonara, bila. Zerbait hori zer izango, eta neure bidea egitea. Garai hartan programatzaile lanean ari nintzen, baina ez ninduen betetzen. Hona etorri –proba egiten, zer nahi nuen zuzen ez nekiela–, eta kostata baina neure bidea egin dut, egiten ari naiz. Hortik bizitzen ahalegintzen naiz, batzuetan ondo lortzen dut, eta beste batzuetan ez hain erraz, Bartzelonan lehia handia, oso handia dago-eta. Betiere, ahal den onena lan egiten ahalegintzen naiz, neure buruarekin gustura geratzen, eta bezeroak ere pozik uzten, jakina.


Komunikazioa helburu, zein dituzu lan on baten ezaugarriak?


Lehenik, komunikazio arazoa konpontzea. Gero, arreta deitzea. Egoerak ez dira beti bat eta bera. Bartzelonan, esaterako, komunikazio handia dago eta, ondorioz, beharrezkoa da arreta deitzea. Baina Durangoko Azokako hartan ere horrexetan saiatu nintzen. Gaur egun, kalean hainbeste mezu daude, bonbardaketa dago leku guztietan. Hortaz, ez dago arreta deitu beste biderik. Aurrekontu minimo batez, arreta deitu behar duzu, jende artean zeure publiko duzun horren arreta bereganatu. Aurrekontu handia baldin baduzu, komunikazio estrategia bat baino gehiago erabil ditzakezu.


Beti lortzen duzu arreta deitzea?


Ez, ezinezkoa da hori. Komunikazioa gauzatzeko baliatuko duzun ideia, erraz sortzen da batzuetan, eta beste batzuetan berriz, ez da sortzen!

Ideia.


Kontzeptua da garrantzitsuena. Kontzeptua izanez gero, nahiko erraza da afixa edo dena delakoa egitea, mezua transmititzea. Kontzeptua lortzea da gakoa. Hala ere, zuk kontzeptua lortu duzula uste izateak ez du ziurtatzen mezua “zure” publikoari helaraztea. Horregatik egiten dira analisiak, alegia, zer ondorio izan duen zure lanak. Bestalde, afixa guztiak ez dira berdinak, ezta diseinu guztiak ere. Zenbait afixa, adibidez, arin egin behar dira, denbora gutxi duzulako, eta horrelakoetan ezin da kontzeptu bila jardun: denbora gutxian mezua jendeari helaraztea dute helburu lan arin horiek. Aldiz, festibalak direnean-eta, denbora gehiago ohi duzu eta kontzeptua are gehiago lantzera jotzen duzu, komunikazioaren elementu guztiak barneratzen dituen kontzeptua sortzera.

Nola ikasten da hori?


Nik diot, gaztetan, 90eko hamarkadan, gurasoek Atari 2600 bideo kontsola erosi zidatela, beste guztiek Nintendorekin jolasten zuten bitartean. Han ageri ziren pertsonak eta bestelakoak ez ziren pertsona, laukiak baino. Horrek irudimena areagotu zidala esan ohi dut nik, laukiak pertsona zirela irudikatu beharrak, alegia. Kar, kar, kar…
Nortasun agiria
Igotz Ziarreta Barrena (Meñaka, 1977). Oinarrizko ikasketak burutu eta REM ikasi zuen akurietakoa izan zela dio. “Hura ez zen Batxilergo ez Lanbide Heziketa ere, erdibidekoa baino. Guk amaitu eta kendu egin zuten!”. Informatika ikasi zuen ondoren, eta Programazio eta 3D arloan lan egin. Bi urtez arlo horretan lan egin eta heldu zen Bartzelonara 2004ko urtarrilaren 2an. Bertako euskal etxean ari da, blog, afixa eta irudi munduan askotariko lanean. Bertan zen 2007an Durangoko Azoka iragartzeko afixa lehiaketaren berri izan, lan bat aurkeztu eta irabazi zuenean.
Bartzelona
“Neure bidea egiteko askatasuna eman dit. Bartzelonara heltzen zarenean ez duzu iraganik, bidea egiten hasi beharrean zaude. Zorionez, bertoko euskal etxea topatu nuen, ikaragarri lagundu zidan jende maitagarria ezagutu nuen. Asko eman dit Bartzelonak”.
Informatika
“Erabiltzaileentzako gidak erraz ulertzeko gaitasuna eman dit informatikak. Txarra naiz hizkuntzetan. Aldiz, direlako erabiltzaileentzako gidaliburuok ulertzen, ona. Programazioan lan egin nuen eta lan gogorra da: arazoak bata bestearen ondoren beti dira ezberdinak. Egunean hainbat sudoku egiten jardutea bezala da. Bestalde, jende asko ari da horretan lanean”.
Diseinua
“Dena da diseinua mundu honetan, nonahi eta egunero. Denak du diseinua. Janzten zarela, edalontzi bat hartzen duzula, kalean non edo non bazkaltzen duzula, komunean zaudela… diseinuz inguratuta zaude. Diseinu gara gu geu: nola jantzita goazen, nola daramagun ilea. Diseinu jakin baten ondorio gara”.