argia.eus
INPRIMATU
Arditurriko meazuloen ustiapena
Jon Torner Zabala @jtorner 2013ko maiatzaren 06a
Dani Blanco
Granitozko harritzarra. Horixe ikusi zuten Txinguditik bueltan itsasoz zihoazen erromatarrek, Aiako Harria bistaratzean. Bazekiten granitoa eta arbela loturik daudela, eta arbelak zilarra gordetzen duela barrunbeetan. Ingeniari oso onak ziren: arbela pikotxekin lantzen zuten eta minerala ateratzeko arroketan suteak egiten zituzten, beroak pareta biguntzen zuelako.

Arditurriko meazulo erromatarrak Juan Guillermo Thalacker ingeniari alemaniarrak deskubritu zituen 1804an. Hamabost kilometro galeria aurkitu zituen, baina 1960tik aurrera harrobi moduan ustiatzen hasi eta Thalackerrek aurkitutako meazulo piloa desagertu egin ziren. Ingeniari alemaniarrak egindako kalkuluen arabera, horrenbeste zulo egiteko 400 pertsona aritu beharko lirateke lanean 200 urtez (Kristo ondorengo I. mendetik III.era). Zilarra txanponak egiteko erabiltzen zuten bereziki, horiek baitziren ekonomiaren euskarri. Ezkerreko argazkian, 90 metro luzeko meazulo erromatarra.

Erdi Aroan burdina ateratzen hasi ziren Arditurritik, erromatarrek apenas ukitu zutelako mineral hori. III. mendetik XVIII.era ez zuten galeria luzerik egin, “satorzuloak” baizik, ez zeukatelako erromatarrek adinako teknologiarik.

Jarduerarik gabeko denboraldi baten ostean, 1790. urtetik aurrera, Oiartzungo Sein familiak ustiatu zuen meatzea, zilarra eta beruna lortzeko, baina lehergairik erabiltzen ez zutenez, ezin izan zuten lan handirik egin.

1830ean Compañía Guipuzcoana de Minas enpresa heldu zen Arditurrira. XIX. mendean hasi ziren lehergaiak erabiltzen, eta aurreko garaietako aztarna asko desagertu ziren. Duela 25 urtera arte, lanean aritu dira bertan, burdina, beruna, fluorita eta zinka ateratzen.

Arditurriko meazuloetan barrena:
www.arditurri.com.