argia.eus
INPRIMATU
Adierazpenak
Gorka Bereziartua Mitxelena @gorka_bm 2013ko maiatzaren 06a

Alvaro Rabelli literatur ikerlariak Berrian: "Genero txikitzat eta eleberriaren mendekotzat hartu izan da ipuina, baina literatur genero autonomoa da, hibridaziorako joera duena eta irakurlearen inplikazioa suposatzen duena. Hori oso garrantzitsua da. (...) Ipuinak gorabehera handiak izan ditu batez ere 90eko hamarkadan, argitaletxeek eleberriaren alde egin baitzuten nabarmen (...) Akademikoki ipuinak ospea du, baina hedabideetan ez dira aipatzen".

 

Javier Zuloaga kazetari eta idazleak esandakoak bildu ditu Deiak: "Askotan benetako kazetaria izatea norberaren izaerari lotuta dago. Izaera hori zenbait bekadunetan ikus daiteke. (...) Askok diote komunikazio kabineteek kazetaritzari bere benetako izaera murriztu diotela, baina beharrezkoak dira. Garrantzitsuena profesionaltasunez lan egitea da".

 
 

Josetxo Azkona idazleak Diario de Noticias egunkarian, Arbola naiz, eta zuhaitza (Alberdania) liburuaz galdetuta: "Idazten dudan bakoitzean belarriak markatzen dit bidea, musikaltasuna bilatzen dut, hitz jokoak, esaldi kateak; izan ere, testu bat idazteko ezinbestekoa da erritmoa kontrolatzea: zenbait momentutan erritmoa azkartu behar da, beste batzuetan, berriz, moteldu. Beraz, jende aurrean edo irratian irakurri behar baduzu, poema interpretatu behar da, ezin da irakurketa neutro bat egin".