argia.eus
INPRIMATU
Subalternoak
2013ko maiatzaren 02a
Judit Fernandez
Nire adiskide batek, Katixak, hurrengo errenkarnazioan normala izan nahi zuela aldarrikatzen zuen. “Heterosexuala, madrildarra eta PPkoa izan nahi zuela” esaten zuen. Zuria ez izatea ez zuen irudikatu ere egiten. Nire adiskideak, jakina, normalitatea –hau Fernandoren egia da, badakit– deitzen dugun hori izan ere ez dela adierazi nahi zuen bere ironiarekin.

Niestzche parafraseatuz, esanen nuke ez dudala normala izan nahi normala izan ezin naizelako. Normaltasuna, argi gelditu da zutabe honetan behin baino gehiagotan, boterearen araua da, naturala, heterosexuala eta abarrak bezala. Gainera, normaltasuna ennuiak jota dago, eta horrek ez du esan nahi ez-normalak ez gaituela ennuiak jotzen.

Eider, zure idazle lagun gizonezkoekin zaudela zure jokaleku subalternoaren deskribapen zehatza egin duzu, bai horixe. Nik horrelakoetan, ahal dudan neurrian jakina, jokaleku horrek berak ikustarazten dizkidan etekinez baliatzen naiz. Nafartasuna zen garai batean nire subalternotasunetako bat –barkatu hitza, jode!–. Idazle jendearekin aritzen nintzenean ahaide pobrearekiko begirunez zein gurasokeria arinez tratatzen nindutenean, adar joka eta irainik gabe, dena esan beharra dago, nire jokaleku nafarra ateratzen nuen paseatzera nire kokalekua mugituz argudioak beste bide batetik eramateko. Gero ikasi dut gauza bera egiten homosexualitatearekin. Beti ere, zure eztabaida kideek zarena, homosexuala, nafarra, emakumea, onartu eta errespetatu behar dutela aurre-baldintza; bestela atera korrika, jipoitu eginen zaituzte-eta, hurrengo errenkarnazioan madrildarra, heterosexuala eta PPkoa izan nahi zuen adiskide hura Takoneran cruising ari zela jipoitu zuten bezala.

Niri asko kostatu ondoren, zer esanen dizuet, subalternoa izatea zortea iruditzen zait, izan ere, bizitzak berez erakutsi dizkit bestela neke intelektual anitz beharko luketen lezioak.

Izan ere, Eider, zuk aipatzen dituzun puntu horiek emakume izateak erakutsi dizkizu, horretan, beraz, argi ikusten da barne-barnetik duzula arakatua gizonen arteko botere harremanak nola sortzen diren, emakume baino lehenago, noizbait zuen haurtzaroan “gizon” ere izan zaretelako.

Bestelakoa da nola kudeatzen duzun botereak ezarri dizun txokotasuna. Duela gutxi aritu da botereak emakumeari paratzen dion putatasunetik Devenir perra idatzi duen Itziar Ziga errenteriarra Euskal Herrian bere liburua aurkezten. Halaber hasieran aipatutako nire adiskideak, gizonkotez osaturiko kamaraderia talde batean, halako batean “zuri eman dizute inoiz atzetik?” galdetzen zuen serio-serio hitzetik hortzera. Izugarrizko isiltasuna egiten zen, eta bat-batean kamaraderia hautsi eta taldea zena ihes bideak inguruko gauzetan bilatzen zuten banakako multzo bihurtzen zen.

Subalternotasuna ez da ez hobea ez txarragoa. Tokatu zaizuna baino ez da, baina zerbait ez bada lantuaren tokia da. Subalternotasunaren teoriak horixe da ekarri duen ona: ezin duzula ezarri zaizun jokalekuan egon lantuan, zein gaizki zauden negarrez, ezarri dizuten biktimaren papera egiten, horrek berak zure jokalekua menpekoago eginez boterea indartzen duelako. Postmodernitatearen lezioa, krudela, baina lezio.