argia.eus
INPRIMATU
Lan erreforma edo finantza erreforma?
Juan Mari Arregi 2013ko maiatzaren 06a
Bankaren arduradunek (Espainiako Bankua, Europako Banku Zentrala, BBVA, Santander...) eta patronalekoek herritarrak estutzen gaituzte kaleratzea merkatzeko, soldatak jaisteko eta babes soziala murrizteko. “Lan erreforma” deitzen diotenaren neurri-sorta da hori; beharrezkoa, diote, gaur egungo finantza krisitik ateratzeko. Lehenengo patronala izan zen, gero banku pribatu handietako presidenteak, eta joan den astean, Espainiako Bankuko eta Europako Banku Zentralekoak, apustu horrekin tematu direnak. Agintean dagoen kapitalismo basatiaren eta bera ordezkatzen duten alderdi politikoen apustua da. Ez dute lotsarik foro publikoetan, egun batean bai eta bestean ere bai, kontu hori ateratzeko. Hori bai, foro horietan euren ekimenak txalotzen dituzten enpresari eta bankariez inguraturik egoten dira, enpresariek mozkin handiagoak lortzen jarraitzeko eskatzen dituzten ekimen berdinak baitira, krisian gauden arren.

Horrelako lan erreformarekin ausartzen direnak dira, hain zuzen, langabezia zifra larriak sortzen ari den krisi ekonomikoaren arduradunak. Horiek ez dute finantza erreformarik proposatzen. Nahi dutena da langileak izatea, erreformen bidez, beraiek eragindako krisitik aterako dituztenak. Oraintxe bertan premiazkoa da gaur bezalako krisia ezinezko egingo duen egiazko finantza erreforma. Hipoteka-basurak eta merkatuen kutsadura eragotziko duten neurriak premiazkoak dira. Neurriak espekulazio operazioei ihes egiteko; bankarien eta exekutiboen soldata milioidunak eragozteko; kapitalista eta bankariak ezkutatzen diren paradisu fiskalak ezabatzeko; enpresa eta kontsumitzaileei kredituak errazteko; mozkinak eta dibidenduak kontrolatzeko... Gaur, premiazkoena, finantza erreforma da. Langileak nahikoa lan erreforma jasaten ari dira.