"Natur baliabideen kontrola publikoa ez izatea inkoherentzia da"

  • Gazumen Eusko Jaurlaritzak eraiki nahi duen haize-errota parkeaz galdetu nahi genion. Elkarrizketa egin eta gutxira jakin dugu Legebiltzarrak energia plana geratzeko eskatu duela. Gazumez gutxi hitz egin du, bere ustez, EAEn egituratutako energia politika oinarritik dagoelako ustelduta. Erro zimel horiez eta etorkizuneko bideez galdetu diogu.
Aitziber Sarobe
Aitziber SarobeOnintza Irureta
Zarata mediatikoz beteriko garai nahasiotan, merkatu logiketatik urrun eta irakurleengandik gertu dagoen kazetaritza beharrezkoa dela uste baduzu, ARGIA bultzatzera animatu nahi zaitugu. Geroz eta gehiago gara, jarrai dezagun txikitik eragiten.
Gazume Gipuzkoako Errezil, Azpeitia eta Asteasu herrietako lurretan dagoen mendi muinoa da. Erniotik, esate baterako, ederki ikusten da. Aitziber Sarobe biologoa Zarauzko Arkamurka Natur Elkarteko kidea da. Beste askorekin batera, Eusko Jaurlaritzak proposatu duen parke eolikoaren kontra egin du. Sarobe ez dago eolikoak jartzearen aurka, baina energia politikan EAEk ba omen du aurreragoko lanik: “Proiektu eolikoak ez daude eraikita energia beharren diskurtsoaren gainean. Kontsumo etengabearen eta enpresa batzuen etekinean oinarritutako planteamendua da. Horregatik egiten dugu planto hasieratik. Energia eolikoa ezinbestekoa dugu, baina bide honetatik ez”.


Zergatik zaude Gazumeko haize-erroten kontra?


Gazumeko eolikoei kontra egiten diegu, Gazumerako planteatu den zentral eolikoen eredu hori, hau da energia eolikoaren aprobetxamendurako Jaurlaritzak prestatu digun markoa bera, ez dugulako onartzen. Ekologistok honetan ez gara inoiz hipokritak izan, oso garbi daukagu Euskal Herriak arazoa daukala energiarekin. Batetik, Euskal Herriak subirautza balu, Europako bigarren herri industrializatuena izango litzateke. Ez hori bakarrik, demografia tasari dagokionez, aurrenekoa ez balitz oso hurbil ibiliko litzateke. Paisaia horren barruan, daukagun bizi mailarekin, ezinbestekoa da onartzea energia kontsumo handia daukagula. Bestetik, gure bizi mailari ez diogu uko egiten, horretan beste edozein herri bezain kontsumista gara.

Beraz, batetik, gure energia beharrak handiak dira, eta bestetik, herri bezala ez daukagu energiara bideratutako natur baliabiderik horri aurre egiteko. Oso-oso defizitarioak gara. Horretan seguru asko Eusko Jaurlaritzak egiten duen diagnostiko bera egiten dugu.

Zer proposatzen duzu egoera defizitarioari aurre egiteko?


Eusko Jaurlaritzak bost urtetik behin egiten duen Energia Planean kontsumoak etengabe gora egingo duela hartzen da kontuan. Diagnostiko horren gainean egindako edozein plangintzari esango diogu ezetz. Herri bezala daukagun lehenengo obligazioa, eta ez bakarrik ekonomikoa morala ere bai, kontsumo hori murriztea da. Zeren ez du balio “Garoña itxi!” esan eta gero Frantziako zentral nuklearretatik datorren kablea gurean onartzea.

Kontsumoa murriztu eta zer gehiago?


Eusko Jaurlaritzaren plangintza zertan oinarrituta dagoen ahaztuta ere, beste akats handi bat ikusten diogu Energia Planari.

Bost urtero zehazten da EAEk zenbat energia beharko duen. Bada, diagnosi horiek, Energiaren Euskal Erakundearen bitartez, energiaren alorra kudeatzen duten enpresa pribatuek Eusko Jaurlaritzarentzat egindako planak dira. Erakunde hori osatzen duten hainbat enpresa pribatuk eratutako klusterrak egiten ditu planak Jaurlaritzarentzat, alegia, enpresa horiek ezartzen dute zenbat kilowatt-eko beharra dugun, eta Jaurlaritza kilowatt horien bidean hasten da Energia Planean zehaztutako beharrak prestatzen. Euskal Herrian zenbat kilowatt behar ditugun publikoki hartu beharreko erabakia da. Kontsumoarena bezala, horrek ere ariketa arduratsua izan behar du. Bateren batek planteatu beharko ditu gauza horiek, gutxienez maila filosofikoan, jakiteko zertan ari garen.

Natur baliabideak eta horien kudeaketa partaidetza publikoaren bidez gestionatu beharko lirateke. Baliabide horiek ez baitira gureak, hurrengoei utzi behar dizkiegu, gure obligazioa da horiek kontserbatzea. Kontrola publikoa ez izatea inkoherentzia da.

Bi ardatz nagusi aipatu dituzu energia politikan: kontsumoa murriztea eta kontrol publikoa. Zein dira zure ustez beste oinarri garrantzitsuak?


Bata, energia “alternatiboa” kontzeptua berreskuratzea eta bestea energia ekoizpenaren deszentralizazioa.

Jaurlaritzak jarraian aurkeztu dituen 3E-2000, 2005 eta 2010 planetan energia baliabideetan oso defizitarioak garela ateratzen zaio. Energia alternatiboen bila aspaldi hasi ziren, horietako bat eolikoa. Lehen alternatibo deitutako energia iturriak (haizea, olatuak, eguzkia...) ordea, gaur egun ez dira ezeren alternatiba, osagarri baizik. Guk zera diogu: berriztagarri esaten dugunean alternatibaren kontzeptura itzuli behar dugula. Horrek baino ez du murriztuko energia kontsumoa, alternatiba izateak.


Zer esan nahi duzu horrekin, energia berriztagarri deitzen diegun horiekin bakarrik ez garela gai izango gure kontsumoari erantzuteko eta murriztu egin beharko dugula derrigorrez?


Oraingo kontsumo maila estaltzera iritsiko bagina oso ondo, baina kontuan izan gure natur baliabide guztiak xahutu beharko ditugula gure bizi maila mantentzeko. Prest bagaude aurrera, jendeak hori nahi badu, zergatik ez! Baina jarri mahai gainean planteamendu hori. Esan jendeari itsasoa zentralez beteko dugula, mendi eta haran guztiak haize-errotez, etxe guztiak eguzki plakez eta etor litezkeen gainerako teknologia guztiak onartuko ditugula.

Deszentralizazioa aipatu duzu laugarren oinarri.


Jaurlaritzaren Energia Eolikoaren Lurraldearen Zatikako Planak bi ezaugarri ditu: zentral handiak direla eta mendilerroetan daudela. Egitura dago antolatuta enpresa handi gutxi batzuei etekin asko eta azkar emateko. Horretarako zentral handiak behar dira, energia iturri zehatzak. Mendilerroetara jo dute han haizea dabilelako. Mendietan haizea dabilela denok dakigu. Baina kostaldean, haranetan... ere haizea badago. Europan eta beste hainbat lekutan haize-errota piloa dago industriagunetan eta auzogunetatik hurbil. Hemen haize zirkulazioen ikerketa seriorik ez da egin helburu horri begira.

Azpeitian, Eusko Jaurlaritzako Energia Saileko kargu politiko bati iaz hitzaldi batean hala galdetu nion: “Zarauzko kanpinean errota batek ez al luke Gazumen bostek adina energia kopuru emango? Erantzuna: “Bai, baina inpaktua handiegia litzateke”. Zeri deitzen diozu inpaktua? Natur parkean haize-errotak jarri eta ohitu egin behar dugula diozue eta Zarauzko kanpineko errotak hondartzatik ikusten direlako, orduan ez. Argumentazio klase hori ez dugu onartzen.


Eta deszentralizatuta nola izango litzateke eredua?


Beharren arabera egokitutako energia iturri puntualak antolatu beharko lirateke, seguru asko kudeatzen zailagoak, baina beharretara hobeto egokituta, eta inpaktu askoz txikiagoa eragingo lukete. Ez dut esan nahi bestelako ereduekin oraingo beharrak asetzera iritsiko ginatekeenik, baina bestelako aukerarik plazaratu ere ez digute egin.


Eredu deszentralizatuari segituz, sarri entzuna da irtenbide garestiak direla, esate baterako, etxean jarritako eguzki plakena.


Egia da. Baina ez delako horrelako ereduetan aritu nahi. Energia iturri puntual txikiak arazoa dira orain. Horrek ez du esan nahi teknologiarik ez dugunik horretan hobetzeko, baizik eta dirurik ez dugula horretara bideratu nahi. Konplikatua izanagatik bidea hori da.

Haize-errotak natur parkeetan jartzen direla esan duzu lehenxeago.


Ia denak daude LICetan (Europar Batasunak ezarritako babes arauak) eta natur parketan, mendilerroak hartu dituztelako. Araban tramitatzen ari diren hirurak (Cruz de Alda, Iturrieta eta Arkamo) LICak dira eta Gazume ere bai. EAEko Lurralde Antolaketaren egitura oso hierarkikoa da. Legedi horren parean Naturaren Kontserbazio Legea eta Europar Batasunetik datozen araudiak daude.

Kontua da Lurralde Antolaketarako legedia hain dela anbiguoa, haize-errotak babestutako edozein tokitan egin daitezkeela gaur egun, besteak beste Europako legediaren moldaketa egiteke dagoelako eta kontserbazio arauak eta neurriak oraindik gauzatu ez direlako LICetan. Gure galdera hauxe da: Naturaren Kontserbaziorako Legearekin zer ari gara babesten? Hasieran esan dut, finkatu dizkiguten energia beharrak ez ditugula onartzen, eta gainera, dagoeneko planteatzen ari zaizkigu babestutako eremuetan horrelako eragin agresiboak. Guk dioguna da: egon pixka bat, hau ez da momentua. Naturaren kontserbazioaren alde dagoenarentzat zuen asmoak oso agresiboak dira.
Aitziber Sarobe
"Gazumekoa 'rekotxineoa' da"
Legebiltzarrak Jaurlaritzari energia eolikoaren plana eteteko eskatu baino lehenago egindako elkarrizketa dela nabari dute galderek. Erantzunek merezi dutelakoan mantendu ditugu.

Zein egoeratan dago Gazumeko haize-errota parkea?


Gazumekoa ‘rekotxineoa’ da. Eolikoen zerrendan bigarren taldean zegoen, interes gutxiagokoa, zentral txikiagoa zelako eta era berean ingurumen inpaktu handiagokoa. Lehenengo taldekoak egin gabe daude eta bigarren taldera jo dute. Bazar bat dirudi.

Orain sozialistak daude Jaurlaritzan. Zer espero duzu?


Aldaketa txikienik ere ez. Orokorrean, energia politikan, ez dago alderdien arteko kritikarik, ez dago beste energia politika baten beharra edo horretarako bide posiblea planteatzen duen alderdi politikorik.

Parkea atzera botatzeko aukerarik ba al da?


Ingurumen eraginaren txostena negatiboa (eraginak jasanezinak direla ondorioztatzea) izatea da modu bakarra. Beno, beste aukera erabaki politikoa da, baina horrek ondorio ekonomikoak dauzka dagoeneko parkea enpresa pribatuari esleituta dago-eta.

Eta zer tankera dauka ingurumen txostenak?


Txostena txapuzeroa da, beste parke eolikoetan bezalatsu. Partikularrek, natur eta mendi taldeek eta administrazioek (hainbat udalek eta Gipuzkoako Foru Aldundiak) alegazioak egin dizkiegu. Ingurumen txostenean haize-erroten jarduera osoak kokagune horretan izango duen eragina neurtzen du. Baina horretarako, aurrez, eremu horretako natur balioen ikerketa serioa egin behar da. Inoiz ez da ikerketa seriorik egiten, oraingoan ere ez.

Legebiltzarrak plana eteteko eskatu berri du.


Beharrezkoa zen horrelako erabaki bat. Hiru lurraldeetako Batzar Orokorrak eta proposatutako haize-erroten parkeek eragina izango luketen udalerri gehienak kontra azaldu dira, eta zer esanik ez natur talde eta mendizale elkarteak. Orain, parlamentuak berak onartu du lege hori ez dela behar bezala tramitatu eta berrikuspena behar duela. Guk aspaldi aldarrikatu duguna berretsi dute: energia eolikoaren inguruko asmoak eta legedia bera dauden bezala onartezinak direla.

Azkenak
Frantziak Netanyahurentzako “immunitatea”, Libanorekilako su-etena onartzearen truk

Israelgo lehen ministro Benjamin Netanyahuk "immunitatea", hau da, babes politikoa baduela adierazi du Frantziako kanpoko aferen ministroak. Israelgo Haaretz eta Maariv komunikabideek jakitera eman dute Libanorekin adosturiko su-etenaren baldintzen artean zuela... [+]


2024-11-28 | Gedar
Zumaiako Balenciaga ontziolako langileek mobilizazioei ekingo diete, lanpostuen defentsan

Enpresa jo dute egoeraren erantzuletzat, baita erakunde publikoak ere. Langile batzuek bost hilabete baino gehiago daramatzate kobratu gabe, eta ostiral honetan egingo dute manifestazio bat, ontziolatik abiatuta: ez dezatela itxi aldarrikatzeko.


Sindikalismo eraldatzaileaz eta lanaz eztabaidatzeko nazioarteko kongresua Leioan

Ostegun eta ostiral honetan 40 hizlari baino gehiago ariko dira EHUko Leioako campusean Lana eta sindikalismoa XXI. mendean Nazioarteko Lehen Biltzarrean. Lan munduaren eta sindikalismo eraldatzailearen erronkez eta estrategiez eztabaidatuko dute.


2024-11-28 | Irutxuloko Hitza
Mikel Zabalzaren omenezko plaka jarriko du Donostiako udalak larunbatean, Intxaurrondoko kuartelaren aurrean

Donostiako Udalak Mikel Zabalza Garateren (1952-1985) omenezko plaka bat jarriko du larunbat honetan (hilak 30), Guardia Zibilaren Intxaurrondoko kuartelaren aurrean (Baratzategi kalea, 35). Guardia Zibilak gaurko egunez atxilotu zuen Zabalza, 1985ean, Altzako bere etxean... [+]


Plastiko kutsadura mugatzeko negoziaketen azken fasea abiatu du NBEk

Azaroaren 25ean hasi eta abenduaren 1era arte iraunen du Hego Koreako Busan hirian aitzina doan gailurrak. Petrolio ekoizle diren estatuak eta beraien lobbyak oztopoak jartzen dabiltza, ekoizpenaren mugatzerik ez dutelako nahi.


“Hezkuntzak izan behar du patxadatsua eta geldoa”

Eguneroko abiadura itogarritik atera eta eskola-proiektua amesteko, gogoetatzeko denbora hartzea aldarrikatu dute solaskideek, Superbotereak liburua aurkezteko mahai-inguruan. Patxadatsu aritu dira, hain justu, eraldatzeaz, inpotentziaz, ilusioaz, eskola bakoitzak egin beharreko... [+]


2024-11-27 | Julene Flamarique
"Euskara ez den hizkuntza bat” erabili du Barakaldoko Udalak kanpaina batean

Barakaldoko Udalak euskararen erabilera “umiliagarria” egin duela salatu du Sasiburu euskara elkarteak. Salaketa argitaratu ostean kanpainaren euskarazko bertsioa ezabatu du udalak. Halakorik berriz gerta ez dadin arduradunen barkamen publikoa eta behar diren... [+]


2024-11-27 | Leire Ibar
180 eragile baino gehiagok egin dute bat etxebizitzaren eskubidea bermatzearen aldeko mobilizazioarekin

Abenduaren 14an Bilbon etxebizitzaren negozioaren aurkako mobilizazio nazionala antolatu dute Euskal Herriko Etxebizitza Sindikatu Sozialistak eta Euskal Herriko Etxebizitza Sindikatuen Sareak. Ia 200 izan dira auziarekiko elkartasuna adierazi duten eragileak.


2024-11-27 | Julene Flamarique
Gutxienez 2027ra arte atzeratu dituzte berriro ere AHTren obrak EAEn

2024ko otsailean Astigarraga-Hernani tartea amaitu zutenean Abiadura Handiko Trena 2027an prest egongo zela aurreikusten zuen Eusko Jaurlaritzak. Orain Arkautiko lotunearen obren lizitazioari ekin dio Jaurlaritzak; Euskal Trenbide Sarea enpresaren esku utzi du, eta 2027an hasiko... [+]


Erretiroa hartuko du Benito Lertxundik

82 urteko abeslari oriotarrak azken disko bikoitza kaleratu du, Gernikan 2023ko azaroaren 11n eskainitako kontzertuaren zuzenekoa. Eta horrekin bere ibilbideari amaiera eman diola iragarri du.


2024-11-27 | Mikel Zurbano
Trumpkonomia

AEBetako agintaldi berriak ekonomiaren esparruan ekarriko duena zehaztea ez da lan erraza. Estrategia ekonomiko berriaren ardatza liberalismoaren eta kanpo sektorerako protekzionismoaren arteko uztarketa bitxia izango da. AEBetan aldian-aldian halakorik gertatu den arren,... [+]


Teknologia
Hartzea ematea delako

Azken 15 urteetan dugun Internetak hartu duen bilakaera ikusita, duen eredu teknologiko eta negozio ereduari lotuta, gizatasunaren alde txarrenak areagotzeko tresna dela pentsatu dezakegu. Ideia horrekin konforme ez dauden eragileak sortu dira mundu osoan zehar. Honako... [+]


Eguneraketa berriak daude