argia.eus
INPRIMATU
Idazle baten galderak mende berriaren aurrean
  • Jon Alonso ::Agur, Darwin eta beste arkeologia batzuk

    Pamiela

    orrialde kopurua ::135

    prezioa ::11,50€

Gorka Bereziartua Mitxelena @gorka_bm 2011ko urriaren 05a
Agur, Darwin eta beste arkeologia batzuk
Tituluren bat jarri behar eta... Ez dakit Jon Alonso mende berriaren talaiatik ari ote zen Agur, Darwin eta beste arkeologia batzuk idatzi zuenean; edo idazleak aspaldi luzean bildutako kezka batzuk papereratu ote zituen. Kontua da 2001ean eman zela argitara saio laburrez egindako liburu hau, Juan Zelaia Saria irabazita, Pamiela argitaletxearen eskutik.

Eta lehenengo saiotik (liburuari titulua ematen dion Agur, Darwin) konturatzen zara Alonso ez dela ohiko saiakeragilea. Ze, literaturaren unibertsaltasuna mito bat dela esateko era ugari dago; modu asko, azaltzeko unibertsal eta ez-unibertsalaren arteko lerro gorria, funtsean, ideologikoa dela. Baina gaiak abstrakzio maila bat baduenez, asmatu egin behar da interesgarri presentatzen, modu eraginkorrean komunikatzen. Agur, Darwin-en egoera narratibo bi alderatuz eta maieutika erabiliz argudiatzen du idazleak. Forma sinpatikoa iruditzen zait, literatur eztabaidak doktoreen esparrutik kalera atera daitezen. Molde horretatik ateratakoak dira gainontzeko saioak ere: adibide bat oinez hasten da, eskutik heltzen dizu, eta kalerik kale kontzeptuen hiri bat erakutsi.

Asmazio kaltegarri baten ajeak, sendabelarrak eta bestelako ortopediak izenekoa egin zait interesgarrien, astindu ederra ematen dielako literatura filologiaren behatxulotik bakarrik ikusten dutenei; eta mahaigaineratzen duelako gai bat eztabaida merezi duena: literatura egiteko konbentzio batzuk finkatuta edukitzeak badituela abantailak, “aberastasunik gabeko aniztasuna”-ren aurrean (“encogerse de hombros” euskaraz esateko zazpi modu diferente aurkitzen ditu Alonsok zazpi liburutan, eta esaten du horrek ez dakarkiola literaturari aurrerapenik).

Idazleak euskaraz aritzeagatik eman behar dituen esplikazioak; gure hizkuntzaren indar metaforikoa nola lumatu zuten; literatura nazionalek oraindik daukaten pisua; politikaren eta letren harremana... Zortzi urte beranduago oso argigarriak begitandu zaizkit Alonsoren gogoetak. Publikatu zirenean baino gehiago? Ez dakit. Beharbada beti hor egongo diren gaiak dira, eta idazleak nondik jotzen duen da garrantzitsuena, nola jotzen duen. Ikuspegi sistemikoz, baina ñabarduretan arreta jarriz; gogoeten maila jaitsi gabe, baina modu ulerterrazean, Agur, Darwin eta beste arkeologia batzuk ederra da literatur kezka sakon xamarretan murgil egin nahi duenarentzat.

Finitzeko: Nafarroa Sizilia da saioa apur bat lekuz kanpo dagoela iruditu zait, besteekin disonantzia txiki bat egiten duela. “Baina”-ren bat jarri behar eta...