argia.eus
INPRIMATU
Terrorismoaren Aurkako Akordioa, Madril 2000ko abendua
Xabier Letona Biteri @xletona 2013ko maiatzaren 06a
Berrikuntza bai, baina ez da ezustekorik izan Eduardo Puellesen hilketari emandako erantzunean. Berrikuntza mediatikoa da batez ere eta Patxi Lopez lehendakariaren ahalegin nagusia izan da lehengo agintarien eta oraingoen arteko jokaera desberdina nabarmentzea. Ezker abertzaleko minoria bat ezik, gizartearen gehiengo nagusia ETAren aurka dagoela ikusarazi nahi izan zen Bilboko manifestazioarekin. Eta ez da gezurrik horretan, halakoa da errealitatea ere. Baina jarrera aldaketa egikaritu nahi izan da funtsean: bukatu da ETAri erantzuteko ohiko molde biguna, bukatu da euskal nazionalismoaren anbiguotasuna, bukatu da biktimak bigarren mailan jartzearena; eta hasi da terrorismoaren deslegitimazioaren garaia, terroristen lagunekin gogor jardutekoa, (euskal) nazionalismoaren anbiguotasuna erasotzeko unea...

Hori guztia da orain indarrez taularatu dena, EITB aldaketaren bandera gisa erabiliz. Hala egingo zutela iragarri zuten hauteskunde kanpainan eta eszenifikazio hori indarrez gizarteratzen ari da Lopez lehendakariaren gobernua, bai presoak direla eta, Ertzaintza, biktimak, hezkuntza planak, Iniziatiba Internazionalista... PSE-EE eta PP ondo ari dira erabiltzen gobernu aldaketa, baina beren jarduerak are eta gehiago azpimarratzen du gobernu frontistaren izaera. Puellesen hilketari emandako erantzunean inon baino hobeto antzeman da.

Bilbokoa ikusita, Ajuria Eneko Itunaren itzala irudika zitekeen eta hedabide batzuk hala azpimarratu dute. Baina ez, Ajuria Enekoa baino, hau 2000ko abenduan PSOEk eta PPk sinatutako Terrorismoaren Aurkako Akordioaren itzala da: ez da gatazka politikorik euskal gizartean, ETA ez da horren ondorio eta, beraz, segurtasun indarrek ETA garaitzen dutenean amaituko da arazoaren alde itsusi eta gorrena. Eta euskal abertzaletasunak, behingoz, Espainian eroso bizitzea onartzen duenean, orduan arazo guztia bukatuko da. Atentatuaren beroan, aterki horrek halabeharrez bildu ditzake sentsibilitate politiko gehienak Bilbon, baina hango ele nagusiek ezin dute ETAren aurkako diskurtso politikoa aterpetu. Euskal gizartearen zati bat ordezka dezake horrek, gehiengoa ez.

Batek daki zerk eraman dezakeen ETA armak uztera, batek daki balizko bloke soberanista izan daitekeen horretarako lurreratze pista. Batek badaki, aldiz, herritarren %3-4ko sostengua duen erakunde armatuak jai duela. Ezker abertzaleko sektore zabal bat gogor ari da borroka armatua iraganean uztearen alde, eta bistan da borroka soilik politikora lotzen denean emaitza onak dituela: Iniziatiba Internazionalista azken adibidea. Baina egungo blokeo egoera asko luzatuz gero, gaitza da irudikatzea nola jarraitu ahal izango duten elkar bizitzen ideario politiko beraren itzalean, borroka politikoaren etorkizuna hain molde desberdinez ikusten duten sektoreak.

EA-k bukatu du azken hilabeteetako bidegurutzea. Baina basamortuko zeharkaldia ez da bukatu eta Pello Urizar idazkari nagusi berriak esku bete lan izango du alderdia dagoen egoeratik ateratzeko. Aliantza politikoetan asmatzeko ahaleginean du klabe nagusietakoa eta alde horretatik, ezkerreko abertzaleen bloke burujabearen aldeko apustuari sendo lotu zaio EA. Apustu ausarta da, zintzoa, epe motzeko onurari muzin egin eta erosotasunetik alde egiten duena. Politikan eskertzen den jarrera. Baina denak adierazten du hil ala biziko jokaldia izango dela EArentzat.