argia.eus
INPRIMATU
Lander Fernandez
Joxemari Ostolaza 2013ko maiatzaren 02a
Joxemari Ostolaza
Urte zenbait atzera, inguruan ezagutu genuen orain berrikitan berari gertatua. Lagun pare batek jasandakoa ekarri digu gogora. Era berdintsuan gertatu zenez, batena kontatzea aski izango duzue. Lanera zihoazela ohiko bidetik kotxez, bost bat tipok zibilez mozorrotuta beren autoa trabeskatu, kotxetik aterarazi, berenean sartu eta mendiko borda batera eraman zuten. Bertan, egun erdiz galdezkatu ondoren, lagunak sala zitzan estu-estu saiatu ondoren, haiekin kolaboratzera behartu nahi izan zuten era guztietako amenazoak erabiliz. Ordu batek egun osoaren luzera duen egoera hartan arratsa arte bahituta eduki eta kolaboratzeaz gain, gertatutakoa inori ez kontatzea agindu zioten. Lagun biek, abokatuari esan zioten publikoa egin gabe. Denboraldi batez haien deiak, ele erronkatsuak eta kontu eskatzeak jasan behar izan zituzten. Landerri gertatua ez zitzaidan berria egin. Eta oraingo kartzelatzea ere ez, publikoa egin zuelarik bururatu baitzitzaidan horrelako zerbait gerta lekiokeela. Eta Jon Anzaren desagertzea, inpunitate jarduera berberaren ondoriotzat dut, inguru hurbilean pairatzen diren dramaren erakusle, ekidistantziatik urrun gelditzen direnak, bakardadean igaro beharrekoak.