argia.eus
INPRIMATU
Haiek jubilatuko bagenitu!
Bixente Serrano Izko @bixentesi 2013ko maiatzaren 02a
Bixente Serrano Izko
Josu Santesteban
Botoa ematen edo egin ezaz, ez ditugu jubilatu nahi politikari neoliberal europarrak, eta hauek –mendekuz, ote– ez dute nahi izanen langileok jubila gaitezen 70 urte bete artean. Pentsatzekoa da hauteskundeen emaitzek indar berria emanen diotela eskuin neoliberal horri bere asmoei eusteko. Izugarrizkoa da krisi ekonomikoa lehertu denetik hedatzen ari den ofentsiba, lan-urteak luzatze aldera, bai ekonomia bai politika arloko ustezko adituek –direla eskuindar petoak edo omeneko ezkertiarrak– bultzatu dutena.
 
Bion adinaren kontuak izanen ote du zerikusirik, baina harri eta zur utzi ninduen aldizkari honetako iritzigile batek, Gorka Moreno Marquez soziologia irakasleak, bere “Pentsioen krisia dela eta ez dela” artikuluarekin (2187 zkia., 2009ko ekainaren 7a). “Galdera hauen inguruan hausnartzea ezinbestekoa iruditzen zait. Lehenengo harria botata dago”, amaitzen zuen Gorka Morenok. Ba, horra doa nire bigarren harria –edo lehen zura–.
 
Irtenbide zirrikitu bat proposatu zuen, progre eta sinpatikoa –light bezain sinpatikoa–, pentsioen krisiarentzako. Baina ez da hori kezkatu ninduena, haren abiapuntua baizik. Hau da, gaurko pentsio sistemari dagokionez, gure iritzigileak benetako arazoa aipaturiko adituen irtenbideetan ikusten zuela, eta ez planteamendu horiei eusteko erabiltzen diren arrazoietan: erran nahi baita, arrazoi horiek zentzudunak izanen bailiran hartzen zituen abiapuntutzat.
 
Kasualitate hutsez, irakurri berria nintzen artikulu bat, Vincenç Navarrorena (Pompeu Fabra Unibertsitateko Errektore eta Zientzia Politikoetako katedraduna, Bartzelonako Unibertsitateko Ekonomia Aplikatuko katedratiko ohia): “Los errores de Almunia, Fernández Ordóñez y el PPE”. “Almunia, Fernandez Ordoñez eta EPPren erroreak” izenekoa. Ongi maite nauen lagun batek bidali zidan posta elektronikoz, zehaztu gabe, baina, non zegoen argitaraturik. Bila joan eta URL honetan aurkitu dut interesatuentzat: www.rebelion.org/noticia.php?id=85233. Biziki gomendagarria. Hain zuzen ere, ustezko adituen arrazoien falaziak agerian uzten dituelako. Ezjakintzat jotzen du katedratikoak omeneko hainbat aditu.
 
Adibidez, ez bide dakitelako bizitza-esperantzaren luzapena ez doala bat lan-ahalmeneko urteenarekin: batez bertzeko bizitza-esperantza, funtsean, haur-heriotzaren tasak izugarri murriztu direlako luzatu dela, ez, aldiz, ezta hurrik ere, gaur jaiotzen direnen bizitza-esperantza bertze garaietako haur-adin hil-arriskutsuagoa gainditu genuenona baino askozez luzeagoa izanen delako. Hortaz, batez bertze, lan-gaitasuneko urteak ez dira bizitza-esperantzarenak bezainbertze luzatu, ez horixe!, berdintsu jarraitzen dute lan-mota zabalentzat.
 
Adibidez, ez bide dakitelako norbanakoaren bizitza-esperantza estu-estu lotuta dagoena klase sozial eta lanbide motekin, halako moldez non konparaezina baita 60 urteko eraikuntza-peoi baten lan-ahalmena unibertsitateko ikerle batenarekin.
 
Adibidez, ez bide dakitelako pentsio gastuen zamaren bilakaera ezin daitekeela kalkulatu produktibitate hazkundetik at, jakinda preseski askozez hazkorragoa izan dela indize hau pentsioen gastuena baino: hau da, errekurtso gehiago egonen direla, langile proportzio txikiagoa izanik ere, produktibitatea hazten den heinean. Adibidez, adibidez...
 
Omeneko aditu horiek ezjakintzat hartzen dituenaren plantak egin ditu Navarrok, samur maltzurki egin ere: nahita faltsario eta manipulatzaileak direla zakarki ez errateagatik.