argia.eus
INPRIMATU
Gatzagitan
Jakoba Errekondo 2013ko maiatzaren 02a
Cynara scolymus.
Mendak esnea gatzatzea galarazten du. Gatzatzea, baina, esneari iraunarazi eta jaki on eusteko bide izan da usu. Ziabelarra, Galium verum, aipatu berria dugu hementxe; landare ugari baliatu izan da, ordea, lan honetarako.
 
Mikatzetik osatuta dauden landare gehienen ia atal guztiak esnea ziatu eta gatzatzeko gai dira. Bitxilorea eta tankerakoak biltzen dituen konposatuen familiakoen lore-talamo edo multzoak dira ezagunenak, kardu askorenak tartean.
 
Izenak ederki asko adierazten dion lubeazuna da bat, Centaurea calcitrapa. Haren loreak gatzagi izan dituen gaztak aparteko zaporea hartzen du.
 
Negu partean hostoen zurtoin lodikoteak jaten dizkiogun baratz karduaren, Cynara cardunculus, loreak ere gazta bidean jartzen du esnea. Genero bereko Cynara scolymus, alkatxofaren loreek ere bide beretik darama ur zuria.
 
Konposatuak ez diren beste familia batzuetako landare gatzagiak ere badira. Esneak esneari tiraka. Izerdia esnetsua duten landare gehienen isurkin hori toxikoa da eta ukitzen duen oro ihartzen du. Karatxoak eta abar galtzeko erabilia, kontuz maneiatu behar da, zauriak, begiak... erre egiten baititu, baita esnea ere. Esne-belarrak deitzen diren Euphorbia generokoak dira latex hau duten ezagunenak, Euphorbia helioscopia ohikoena. Ficus carica, pikondoaren izerdi lodiak bezala, loreak ere legar dira.
 
Garratzak diren landareek ere gogortzen dute esnea, barrabasak edo basoko mingotsak, Oxalis acetosella, adibidez.
 
Ameriketan, sugandilen isatsa ere erabili izan da gatzagi.