"Ez dut kontzeptu pobreekin lan egiten, material pobreekin bai"

  • Denetariko objektuz beteriko mahai bat: iratzargailu bat, azalore bat, irrati bat… eta aurrean aulki bat. Esther Ferrer (Donostia, 1937) mahaira hurbildu, objektuetako bat hartu, buru gainean jarri eta denbora batez halaxe egoten da. Gero jaiki, buruan zuena utzi eta beste objektu batekin errepikatzen du ekintza; behin eta berriz, mahai gaineko objektu guztiak pasa arte. Horixe da Las cosas (Gauzak) izeneko performancea. Bere sinplean, bere xumean, erradikala.

    1960ko hamarkadatik gaur arte performancea izan da, batik bat, Parisen bizi den artista donostiarraren mintzaira. Performancea presentziaren artetzat du, ez errepresentaziotzat. “Nik egiten dudana egia da dena, ez dago antzezpenik”. Irakaspenik ez duela eman nahi dioen arren, zer ikasia ematen du.
Esther Ferrer
Esther FerrerMiren Segurajauregi

1960ko hamarkadan, frankismo bete-betean, nola jarri zinen harremanetan arte munduko abangoardia aurreratuenekin?


ZAJ taldearekin harremana Jose Antonio Sistiaga pintorearen bitartez egin nuen. Sistiagarekin haurrentzat espresio libreko tailer bat egina nuen Donostian. Berak esan zidan ZAJ-ekoek Donostiara etorri nahi zutela zerbait egitera, eta ni parte hartzeko prest agertu nintzen. Ekintza –orduan ez zitzaion performance deitzen– San Telmo museoan egin behar genuen. Zer egin behar zen azaldu zidaten eta zein zen euren dinamika. Niri interesatu zitzaidan, eta egin egin genuen. Amaitzean beraiekin horrelakoak egiten jarraitzea eta taldeko kide bihurtzea proposatu zidaten. Hori bezain sinplea izan zen.


Zure ekintzak erabat minimalistak izan dira beti, apenas ekintzarik gabeak. Zein izan da ikusleen erreakzioa?


San Telmo museoko hartan, ez dakit ikusleak “jantziagoak” ziren, beharbada, artista izango ziren asko, Artisten elkartea eraikin hartan bertan baitzegoen. Ez dut oso ongi oroitzen baina uste dut ikusleek nahiko jarrera pasiboa izan zutela. Baina hortik gutxira Bilbora joan ginen eta hura beste kontu bat izan zen. Hangoa ikuslego, komatxo askorekin, “ez hain jantzia” zen, oso gaztea, eta nahi izan zuten bezala erreakzionatu zuten. Sekula ez zuten horrelakorik ikusi, ez zekiten performance bat zer zen, eta bi gizonezko eta emakumezko bat ikusten zituzten oholtzan zernahi egiten, edo apenas ezer egiten. Burutik pasatzen zitzaien edozer esaten zuten.

Garai hartan sorpresak, harridurak bultzatzen zuen ikuslea parte hartzera. Gerora gauzak aldatuz joan ziren eta jendeak ikasi zuen performance bat zer zen. Gaur egun oso ezberdina da.


Eta horrek naturaltasuna galtzea ekarri du?


Gehienean bai. Orain jendeak askoz gutxiago parte hartzen du. Kontuan izan behar dugu, 66-67 urteez ari garela, 68ko maiatzaren atarian ginen. Denek zuten erantzuteko eskubidea, parte hartzekoa. Beste giro bat zen, beste egoera bat.

Performancearen bilakaerak berak ere izan du eragina. Gaur egun asko gerturatu da antzerkira. Eta antzokian jendeak ez du parte hartzen, ikusle pasiboa da. Gu antzerkitik ahalik eta gehien urruntzen saiatzen ginen, ez genuen antzerkiko parafernaliarik erabiltzen, ez genuelako gu eta bestearen artean distantziarik egon zedin nahi. Performance bat egiten duzunean hementxe aldamenean bazaude erreza da hurbiltzea, baina oholtza batean bazaude ez. Mugak eraikitzen dituzu.

Zure ekintzek ez dute irakaspenik eman nahi, ez dira aldarrikapenak. Nondik eta nola sortzen dira?


Hamaika modutan sor litezke. Entzuten dudan zerbait, keinu bat, kalean ikusten dudan zerbait, egoera politiko-sozial zehatz bat... makina bat lekutatik sor liteke.

Beti adibide bera aipatu ohi dut. Garai batean, Parisen, Pont Neuf inguruan bizi nintzen. Gau batean etxetik irten nintzen euripean, negua zen, eta ez zebilen inor kalean. Zubira iristean, oina zubian jarri behar nuen istant berean, pareko espaloian gizon bat abiatu zen oinez kontrako norabidean. Eta pentsatu nuen: “gurutzatu egingo gara”. Nik ahalegin guztiak egin nituen zubiaren erdian gurutza gintezen: nire pausoa bereari egokitu, eta abar. Zubian gurutzatu ginen eta niretzat hura performance bat izan zen. Seguru bera ez zela konturatu ere egin.

Gertakari konkretu hura bezala, izan daiteke ikusten dudan keinu bat, mugimendu bat, edo haserrarazten nauen zerbait. Haserrarazten zaituzten gertakarien aurrean zer egin? Bada, arte obra bat egiten duzu. Oihu egiteko zure modua hori da.


Zu zara zure lantresna nagusia, zure gorputza.


Performancea gorputz artea da, presentzia oso garrantzitsua da. Performancean, ni naiz, ni eta nire gorputza. Eta nik apenas egiten dut ezer nire ekintzetan, ahalik eta gutxien egiten saiatzen naiz. Ondorioz, gorputza, gorputzaren presentzia, asko nabarmentzen da. Aztoratuta zabiltzanean, mugimenduan, gorputza ahaztu egiten zaizu, ekintzaren beraren mesedetan. Baina ia akziorik ez dagoenean, gorputzaren presentzia bera da esanahia hartzen duena.

Perfomancea arte feministarekin oso loturik egon izan da.


Bai, emakume feminista asko sartu dira performancearen munduan, esan nahi duten hori esateko baliabide eraginkorra izan dutelako. Euren borrokak performancearen bitartez bideratzeko modua aurkitu dutelako.

Dena den, fenomeno horrek presentzia handiagoa dauka orain lehen baino. Orain badira emakume gazteen taldeak, batik bat, feministak, performancean jarduten dutenak sozialki oso modu konprometituan. Lehen ez zen horrela gertatzen. Hasieran performanceen munduan oso jende gutxi mugitzen zen. Jakingo bazenu zenbat aldiz izan naizen ni emakume bakarra jaialdi batean!

Bitxia da jakitea zehatz-mehatz prestatzen eta entseatzen dituzula zure ekintza guztiak.


Gezurra dirudi ekintzak egiten ikusten nauzunean, ezta? Ba hala da, bai. Idatzi egiten ditut, marrazkiak egin, pentsatu, birpentsatu, eta batez ere gauzak kentzen ditut. Elementuak kendu eta kendu egiten dut, ia zer kendurik geratzen ez zaidan arte.

Dena oso ongi prestatzea da niretzat inprobisatzeko dudan modu bakarra. Bakoitzak bere mugak ditu. Nik inprobisatu dezaket soilik aurrez ezarritako esparru bat baldin badut, egin nahi dudana oso argi baldin badut. Hortik aurrera, hala nahi badut, prestatutakoa goitik behera alda dezaket.

Denbora kontzeptua zure lanetan behin eta berriz errepikatzen den elementua da. Zer dela eta interes hori?


Denborari denbora ematea gustatzen zait, gauzak mantso egitea. Pasatzen den denboraren ideia hori interesatzen zait. Kontua da ez dakigula denbora zer den. Dakigun bakarra da arrastoa uzten duela.

Denbora eta espazioa banaezinak dira, baina espazioa ulergarriagoa egiten zaigu, zapaldu egiten dugulako, materiala delako. Denbora, berriz, atzean uzten duen arrastoa baino ez da. Asko interesatzen zait oharkabean pasatzen den denboraren ideia hori, ez zara ohartzen pasa denik, baina bat batean konturatzen zara igaro dela, aurpegian zimur gehiago dituzulako, adibidez.
Performanceak ere denboran zehar aldatu egiten dira nik ezertxo ere egin beharrik gabe. Hori zoragarria da. Maiz ekintzak moldatu egin behar izaten ditut nire gaitasun fisikoaren arabera. 30 urte nituenean egiten nituen zenbait ekintza orain ezin ditut modu berean egin. Nire ekintzak nirekin bizi eta zahartzen dira.

Sekula izan al duzu barregarri geratzeko beldurrik.


Ez. Nik ez diot barregarri geratzeari beldurrik umetan galdu nuelako beldur hori. Eta zalantzarik gabe, izango banu, ez nuke egiten dudana egingo.

Txikitan Clotilde izeneko lagun bat genuen. Berez ez zen ilehoria baina amak ilea tindatzen zion harentzat neskato guztiek ilehoriak izan behar zutelako. Printzesaren eran jantzi ohi zen eta mundu guztiak pentsatzen zuen haur hura erabat irrigarria zela. Baina nire ahizpa eta ni bere lagun min-minak ginen eta ikaragarri maite genuen. Eta gure ahizpa zaharragoek esaten zutenean “Clotilde neskato polita da baina, zein barregarria!”, gu haserretu egiten ginen. Hori baldin bazen irrigarria izatea, primeran, ikaragarri gustatzen zitzaidan!

Irrigarri izatearen kontzeptu hori... ikasi egin beharko nuke zer den.

Baina askotan entzungo zenuen jendea zuri buruz hori esaten.


Bai horixe! Gogoan dut performanceetan buruan aza bat jarri eta horrelakoak egiten hasi nintzenean, elkarrizketa batean esan nuela: “egiten dudanetik gehien gustatzen zaidana da zenbat eta zaharrago izan, orduan eta irrigarriago izango dela”. Eta benetan, halaxe da. 30 urte dituzunean, tira, baina 71 urterekin aza bat buru gainean jartzea...! Jendearentzat are irrigarriagoa gertatzen da. Oso gustuko dut ideia hori.

Eta 70 urterekin biluztu eta aza bat buru gainean jartzea, ez al da are probokatzaileagoa?


Ez. 30 urterekin aza bat buru gainean jartzen banuen zergatik ez dut jarriko 71rekin? Berdin gertatzen da biluztasunarekin ere. Hemen badirudi guztiok jantzita jaio ginela! Hala ere, egia da orain ekintza batean biluzten naizenean, biluzte horrek baduela militantzia puntu bat ere, lehenago ez zuena. Militantziagatik egiten dut, jendeak esan dezan emakume batek 71 urterekin ez duela zertan bere gorputza erakutsi. Badirudi ezkutatu egin behar duzula, eta hori ez!

Ikusgarritasunak eta teknologiak hainbesteko presentzia duten egungo arte munduan zein leku dute zureak bezalako ekintza sinple eta merkeek?


Aukera bat da. Niri “minimal” lan egitea gustatzen zait. Ez dut uste kontzeptuei dagokienez pobre lan egiten dudanik, baina materialki bai. Ahal badut elementu pobreekin edo birziklatuekin lan egiten dut. Nire instalazio askotan, nik instalazioa egin eta gero dena delakoa bere estatus arruntera itzultzen da, eta erabili egiten da. Hori mundiala iruditzen zait.

Gustatu egiten zait parafernaliaz eta trastez betetako jaialdi batera iritsi eta galdetzen didatenean, “zuk zer behar duzu?”, “Bada, ezer ez”. Eta are gehiago orain performancearen mundua espektakularizatua dagoenean, hainbeste baliabide daudenean.... Iritsi, egin eta alde. Uste dut horregatik gustatzen zaidala hainbeste akzioa, eskaintzen didan askatasun horregatik.


Irakatsi al daiteke performerra izaten?


Betiereko eztabaida da hori. Nik nire iritzia emango dizut, ezetz. Eta zuk esango didazu seminarioak ematen ditudala. Bai, nik seminarioak ematen ditut, baina ez dut performancea irakasten. Zuk ikas dezakezu performancea, baina zerorri izango zara zure irakasle. Seminarioetan parte hartzaileek ariketak egiten dituzte, eta beraien burua probatzen dute, ikusten dute ideia batetik ekintza bat egiteko gai direla. Ondoren, horri buruz hitz eginez, norbera ohartzen da ongi egin duen edo ez, egin nahi zuen hori egitea lortu duen edo ez, interesatzen zaion edo ez, eta abar. Hori bai, hori egin liteke seminario batean. Bat batean norbait ohartu liteke uste zuena baino gehiago interesatzen zaiola performancea bere sormena kanporatzeko bide gisa, eta hortik aurrera nik esaten diot, orain zure teoria, zure praktika, zure diziplina, zure teknika... guztia asmatu behar duzu.


Baina norberak asmatzen badu guztia, nola baloratzen da zer dagoen ongi eta zer ez?


Hori beste kontu bat da. Hain da subjektiboa... Baina, nik adina urte daramatzazunean performancearen munduan, norbait ikusten duzunean berehala sumatzen duzu ez dakiela zertan ari den, edo alderantziz, badakizu ideia bat izan duela eta badakiela zertan dabilen. Nik ez dut ona eta txarra kategoriez hitz egin nahi, soilik niri interesatzen zaidanaz edo interesatzen ez zaidanaz. Performanceak egin nahi dituenak egitea besterik ez du.


Duela hilabete gutxi Espainiako Arte Plastikoen Sari Nazionala jaso duzu urte luzetan ez ikusiarena egin dizuten erakundeen eskutik. Zer suposatu du sari horrek?


Saria ematen dizutenean, bat batean mundu guztia zure bila dabil, elkarrizketak egiten dizkizute, eta abar. Baina nik berdin-berdin jarraitzen dut lanean. Oso kontziente naiz honek guztiak gutxi iraungo duela, eta dena bere izate normalera itzuliko dela laster. Neurri batean poztu egiten zara saria jasotzean, baina, berez, ez da ezer aldatzen, ez nire barruan eta ezta kanpoan ere. Gehiago aldatzen da besteek zutaz duten irudia, zuk zure buruaz duzuna baino. Zuk oso ongi dakizu zer balio duen edo ez duen balio egiten duzunak.

Azkenak
LAB: “Klase elkartasunaren oinarrizko printzipioa da langile migranteei harrera egitea”

Botere sindikalaren inguruko bigarren azterlana argitaratu du Ipar Hegoa fundazioak. 2016an argitaratu zuen lehena eta, beraz, orain 2016 eta 2023 arteko eboluzioa ikus daiteke. Ondorio nagusien berri emateko prentsa agerraldia egin dute ostiral honetan LABeko koordinatzaile... [+]


2025-01-03 | Leire Ibar
Etxegabetzeko arriskuan daude bi familia Burlatan

Burlatan, Nafarroan, bi familia euren etxeetatik kaleratuak izateko arriskuan daude. Iruñerriko Etxebizitza Sindikatu Sozialistak azaldu duenez, familia bat putre-funts batek bota nahi du, alokairu kontratua berritzea ukatu diolako; beste familia, berriz, etxejabeak bota... [+]


WordPress-en formularioak sortzeko Ninja Forms plugina euskaratu du Iametzak

WordPress-en formularioak sortzeko Ninja Forms pluginaren euskaratzea utzita zegoela ikusita, Iametzak bere gain hartu du itzulpena eguneratzeko lana.


Analisia
2025ean etxebizitza zer?

Urte berria hasi dugu, baina etxebizitza arazo oso potoloa bihurtu zaigula aspaldi honetan, hori ez da berria. Hala ere, azkenaldian zabaldu diren datuak ikusita, 2025a mugarri bat markatzekotan dela esan daiteke, eta iragar ezinak diren ondorio sozial eta politikoak antzeman... [+]


Boli Kosta: Frantziako armada kanporatzen duen zazpigarren estatu afrikarra

Joan den asteartean, hilaren 31n, Boli Kostako presidente Alassane Ouattarak iragarri zuen bertan behera utziko zituela Frantziarekiko harreman militarrak. Horren ondorioz, datozen asteetan 1.000 bat soldadu frantses atera beharko dira herrialdetik.


2025-01-03 | Leire Ibar
2025etik aurrera, Hego Euskal Herrian alokairuak gehienez %2,2 igoko dira berritzean

Espainiako Estatistika Institutuak erreferentziazko indize berria argitaratu du urtarrilaren 2an. Horren arabera, alokairuen prezioak gehienez %2,2 garestitu ahalko dira urtean. Indize hau 2023ko maiatzaren 25ean indarrean sartu zen Etxebizitza Legearen ondorio da, eta data... [+]


2025-01-03 | Gedar
Pertsona afroamerikar bat kolpeka erail dute kartzelariek AEBetako espetxe batean

Hiru funtzionariok jipoitu zuten Robert Brooks, eskuak bizkarrera lotuta zituela. Hurrengo egunean hil zen, eta autopsiak dio asfixia izan zela heriotzaren kausa.


2025-01-03 | ARGIA
Surf irakasle batentzat 85 urteko kartzela zigor-eskaera, adin txikikoei sexu gehiegikeriak egiteagatik

Gipuzkoako Fiskaltzaren ustez, 40 urteko irakasle hondarribiarrak 9 eta 17 urte arteko hamaika adin txikikori sexu gehiegikeriak egin zizkien 2011 eta 2021 urte artean. 2021ean kartzelatu zuten, bere sei ikaslek salaketa jarri eta gero.


2025-01-03 | Jon Torner Zabala
Espainiako Pilota Federazioa
“Eskura dauzkagun lege-erreminta guztiak baliatuko ditugu Espainiaren eskubideak babesteko”

Askok espero zuen moduan, Nazioarteko Pilota Federazioak Euskadikoa onartu ostean eskubide osoko kide gisa, Espainiako kirol-erakunde, alderdi politiko edota hedabideek erabakiaren aurkako oldarraldia hasi dute, nork beretik presioa eginez. Ostegunean, Espainiako Pilota... [+]


Euskararen kontrako oldarraldia salatzeko pintaketak egin dituzte epaitegietan eta CCOO eta UGTren egoitzetan

Baionako eta Donostiako epaitegiak margotu ostean, ostegun gauean Eibarko epaitegian pintaketa egin dute zenbait ekintzailek. "Oldarraldia gelditu" idatzi dute eta pintura berdea jaurti diote eraikinari. Abenduan, CCOO sindikatuaren egoitza ugari margotu dituzte, baita... [+]


Segi dezala akelarre antifaxistak

FERMIN MUGURUZA  40. URTEURRENA
Noiz: abenduaren 21ean.
Non: Bilbo Arenan.

-------------------------------------------

Urtero janzten da festa giroz Bilbo abenduaren 21ean. Sagardoa eta taloa protagonista, San Tomas eguneko azoka eguna da. Aurten, gainera,... [+]


Zunda bat Eguzkitik inoizko gertuen igaro da, arrakastaz

NASAren Parker zunda 6,1 milioi kilometroko distantziara arte gerturatu da Eguzkiaren azalera, bere misioaren lehen gerturatzean. Hala, Eguzkitik inoizko gertuen egon den objeku artifiziala bilakatu da. 692.000 kilometro orduko abiaduran igaro da, eta jasotako datuak funtsezkoak... [+]


Kultur transmisioa feminismotik zikloa izanen dute asteburuan Beran

Goldatz talde feministak antolatua, ortziralean, urtarrilaren 3an, Jantzari dokumentala proiektatuko dute Beralandetan (17:30ean) eta biharamunean, urtarrilaren 4an, Berako bestetako tradizioak aztergai izanen dituzte Maggie Bullen antropologoarekin leku berean (10:30).


Eguneraketa berriak daude