argia.eus
INPRIMATU
Altxor publikoa eta interes politikoak
Juan Mari Arregi 2013ko maiatzaren 06a
Joan den astean bi gertaera erregistratu ziren diru publikoak bidegabe eralgitzearekin –zergadunen dirua– edo beren gestio txarrarekin erlazionatuak. Horrek erakusten du soilik argitara ateratzen direla etsai politikoa kaltetu daitekeenean. EAJk, bere Arabako diputatu nagusiaren bidez, PP salatu zuen diru publikoak bidegabe eralgitzeagatik foru erakunde horretan agintean egon zen bitartean: hiru diputatuk auto ofiziala erabiltzea euren familiekin oporretara joateko; eta Euskal Finantza Kontseiluari milioi bat euroko zerga-bilketa ezkutatzea –2006ko zor batetik eskuratua– modu horretan eragotziz diru-sarrera horren banaketan Gernikako Udala eta Eusko Jaurlaritza sartzea. Lakuako Gobernuak, bere aldetik, bozeramailearen bidez, Ibarretxeren aurreko Gobernua salatu zuen eta haren gainean jarri Guggenheim Museoak utzitako 7,5 milioi euroko “ondasun zuloa”. Hori estaltzeko, kapitala handitzea erabaki zuen aurreko Gobernuak; erabaki okerra, zeren eta Bizkaiko Aldundiak eta Lakuako Gobernuak zati igualetan egiten duten ekarpen normal eta aldizkakoa da hori.

Salaketa horiek egiten dira EAJ harrapaturik dagoenean, PP PSOE presionatzen ari baita zentsura mozio bat bultzatu eta EAJri Arabako Aldundia kentzeko. Botere forala galtzeko arrisku hori ez balu, EAJk azaleratuko al lituzke irregulartasun horiek? Zergatik orain, eta hain justu orain, salatzen du PP diru publikoak bidegabe eralgitzeagatik, eta ez Foru Aldundiaren gobernuan sartu zenean? Bestalde, Lakuako Gobernuko bozeramaileak “irristada bat” egin zuen Bilboko museoko kapitala handitzeko arrazoiak azaltzerakoan, handitze hori ez baitzen “ondasun zuloa tapatzeko”, nahiz eta defizitak hortxe jarraitzen duen. Baina salaketa orain jaurti da, EAJ ordu baxuenetan dagoenean. Interes politiko alderdikoi gehiegi!