Dani Blanco
Neure eskuetan gaur Hitza hartu, eta letra larritan eguneko berri nagusia ikasi dut: “Aste Nagusiak aurten ere zezenketak izango dituela” (2009ko maiatzaren 30ekoa).
Serolo-ren eskaintza baino hobea izanik, Nuevo Desarrollo de Anoeta izeneko enpresak lortu du antolatzeko baimena. Zenbatetan? 10.100 eurotan.
Zein torero etorriko den eta gainerakoak, dena prest.
Illunberen bultzatzaileek arnasa hartu eta ozenki egin dute oihu: “Olé!”
Eskuindar espainolistek (Donostian ez urri) arnasa hartu ahal izan dute. Badakizue: “Ni una ciudad española sin Plaza de Toros, ni una celebración popular sin Fiesta Nacional”. Noski!
Batzuek aitzakia ere aurkitu dute. Zezen Plazan herri kirolak ere ospa daitezke: harri jasotzaileak, bertsolariak, aizkolariak, trontzalariak. Pilotalekuak, frontoiak herri kirol horiek burutzeko leku egokiagoak direla ahaztu zaie.
Kolore politikoa hartu du eztabaidak. Hots, dirudienez, Aralarrek ez bestek salatu du erabakia. Gainerako talde politikoak ados nonbait... Fiesta Nacionalaren aldeko berriak paroxismoraino eraman bide ditu. Fiesta Nacionalik gabe... horixe bai asperraldi jasangaitza!
Baina, denaz gain, edo aurretik nahiago bada, hau dago: zezenketa basakeria hutsa dela, animalia bat heriotzaraino torturatzea ankerkeria gupidagabea dela, eta erabateko krudelkeria.
Hala ere, “corrida presiditzen” topatu izan ditugu, lasai, gure udal eta autonomi agintariak, zezenaren odola borbor isurtzen hondarra gorritzen den artean... Arrazoi aski, gure ustez, agintari horiek gaitzesteko.
Behin joan nintzen 1941ean –12 urte nituen– aitarekin Txofreko Plazara.
Eta astakeria hura ikusita ez dut sekula ere zezenketarik berriro ikusi. Eta ohoretzat daukat marka hori.
Pikadorearen “faena”ren ondorioz odola ahotik botatzen ikusi nuen zezena, izugarrizko sufrikariotan akabatzen. Ezpataz azkeneko kolpea anitza izan zen, zezena ez baitzen hiltzen. Azkenean hil zen gizarajoa, eta arrastaka eraman zuten, hondarrean marka gorri bat utziz. Orduan Pasodoble torero alai (?) bat jo zuten, eta horrela amaitu zen balentria nazkagarria.
Hala ere gure aita ez zen zezentzalea. Politikaz Azaña maite zuen. Zergatik eraman ote ninduen korrida bat ikustera? Ez dakit.
Hain zuzen aitarengandik ikasi nuen nik Eugenio Noel nor zen.
Madrildarra (1885), makina bat lan egin zuen Noelek zezenketak debekarazteko. Hamaika artikulu eta liburu argitaratu zuen zezenketak erauzteko. Guztiz ozenki maixeatu zituen flamenkismoa, txulaponeria, oso espainola den arkeria antifeminsta.
Pan y Toros liburuak (1924) eskandalu gaitza sortu zuen eskuindar espainiarren artean. Alfonso XIII ere kritikatu zuen: El Rey se divierte. Eta 1936ko Cruzada hasi baino hiru hilabete lehenago hil zen Bartzelonan .
Gure aita ados zen Noelekin.
73 urte joan dira geroztik. Baina hark ereindako hazia ez da Espainian garatu.
Eta gure Euskal Herri honetan ere ez. Ondikotz!
Zezenketak? Utikan!