argia.eus
INPRIMATU
Capsula
"Musika egiteak mugiarazten gaitu"
  • “Guk musika egitea dugu helburu: maite duguna, ilusioa egiten diguna eginez bizitzea. Agertokira igotzeak bizirik sentiarazten gaitu –diote Coni Duchessek eta Martin Guevarak, Capsula taldearen sortzaileek–. Pretentsio handirik ez izatekotan, gastuak murriztuz eta lan asko eginez, musikari esker bizitzea badago, nahiz eta gogorra izan. Fakturak zelan ordaindu ezberdina da. Gure erabakiak ez du diruarekin zer ikusirik”.
Alvaro Hilario Pérez De San Román 2009ko ekainaren 18a
Capsula taldea
Capsula taldeko kideakIñigo Azkona
Taldea 1997an jaio zen, Buenos Aires Hiriburu Federalean. Han egin zituzten lehenbiziko kontzertuak: “Taldea eratu eta berehala hasi ginen jotzen; dena dela, Hego Amerikan, Europan dagoen birak egiteko ohitura ezezaguna da, besteak beste hirien arteko distantziak itzelak direlako. Buenos Airestik kanpora joateko oso talde garrantzitsua izan behar duzu, azpiegitura handia daukana; bestela, akabo. Guk ahalik eta kontzertu gehien ematea genuen xede. Europan berriz, bada 1980ko hamarkadan jaiotako underground zirkuitua eta taldeak jo eta ke jotzen ari dira”. Musikarekiko grinak bultzatuta etorri ziren Europara. 1998ko irailaren 20an eskaini zuten lehenengo kontzertua Euskal Herrian, Deustuko Gazte Lokalean. Handik aste gutxira, Bilboko Kafe Antzokian egin zuten agerraldia. Ingalaterran, Frantzian eta Espainian ere ibili ziren. Bigarren bidaiarako Buenos Airesen grabatutako diskoak zekartzaten besapean: “Lehenbiziko diskoak, Sublime (1999) eta Judoka (2000), genuen tresneria erabiliz grabatu genituen. Diskoetxea ere, La Nena Records, sortu genuen. Diskoak Buenos Airesen banatu genituen”.

Argentinako krisialdiak eztanda egin baino lehenago, Deustun finkatuta zegoen Martin. Coni aurrerago etorriko zen. Hirugarren diskoa Euskal Herrian grabatu zuten, Bilboko DDTrekin. “Hemen bizi ginen. Nahi genuen gure burua ezagutaraztea, jendeak zer egiten genuen jakin zezala. Horretarako, kanta berriak eta aurreko bietako batzuk sartu genituen Capsula (2002) diskoan”. Bisita txartela inprimatuta, errepiderantz abiatu ziren berriro: “2002-2004 tarte hartan, Irlandan, Ingalaterran, Frantzian, Alemanian eta Espainian egon ginen gure lanak, gure musika aurkezten. Horrela ezagutu gintuzten Madrilgo Lilliput diskoetxekoek; beste disko bat egiteko proposamena egin ziguten eta Sounds and Circuits (2007) grabatu genuen. Askok lehenengoa dela pentsatzen dute, Europan banatu zen aurrenekoa izan baitzen eta Espainiako Estatuko hedabideetan agertzen hasi ginelako”. 

Diskoen artean alderik badagoen galdetu, eta beraiek diote etengabeko eboluzioa ikusten dutela: “Estiloa aldatzen doa; sekula ez gara gure soinuarekin konforme geratu. Errepidean eta bilaketan datza ideia; errepideetan eginiko kilometroek urradurak laga dituzte, soinuan eta gugan. Musika gogortzen du; gitarrak, adibidez, gero eta zorrotzagoak dira. Gure soinuarekin ez badugu aspertu nahi, zerbait berria asmatzeko beharra daukagu. Bestaldetik, diskoak grabatzerakoan izan ditugun bideek ere eragin handia izan dute. Entsegu lokalik ez geneukanean, kasu, diskoaren formatua akustikoagoa zen. Oinarrizkoa, ezinbestekoa baino ez genuen. Artisau lanak ziren Sublime eta Judoka. Inoiz, bateria grabatzeko mikrofono bakarra izan genuen eta elementu guztiak banan-banan grabatu behar genituen; bonboa lehen, kaxa gero… normalean, bateria grabatzeko hamabi mikrofono erabiltzen dira. Pentsa, anplifikadorerik ere ez genuen. Baina, arestian esan dugunez, musika egin nahi dugu eta saiatu gara beti tresneria eza horretarako zailtasuna ez izaten. Genuenarekin egiten genuen musika. Horrek ere soinua aldatzen du. Hamar urte pasa dira, gero eta ekipo hobeagoa daukagu”.

Lilliputekoekin egindako Sounds and Circuits harekin bi urtez biratu zuten mundua: “Lehen aipatu ditugun herrietan egon ginen berriro, baita Portugalen eta AEBetan ere. Ordurako, hedabideak guri kasu egiten hasiak ziren; laugarren diskoa argitaratu genuenetik, aurreko lanak ere nabarmendu zituzten”.

2008ko amaieran, Berlinen zeudela, Kataluniako B-Core diskoetxekoak ezagutu zituzten: “Ziur asko, Europako diskoetxe independente zaharrena da B-Core; hauek ere, disko berria egiteko esan ziguten. Baldintzak oso onak ziren eta egitea erabaki genuen”. Rising Mountains (2009) New Yorken grabatu zuten, Ivan Julianekin. Egungo bateria jole Alberto Diezentzat (Elfo Negro, Pateando Porkeria) lehenbiziko diskoa da.

“Ekoizle batekin grabatu dugun lehenengoa da: Fleshtones, Heavy Trash edota The John Spencer Blues Explosion taldeen ekoizlea da; gitarra jole mitikoa ere bada, The Clash-en Sandinista-n parte hartu zuen. AEBetan jotzen ari ginela ezagutu genuen. Lehen mailako pertsona da, oso umila, oso langilea. Hain lagun egin gara, ezen kaleratzear dagoen bere bakarkako diskoaren banda gu geu baikara”. Diskoa maiatzaren amaieran agertuko da, Euskal Herriko Bloody Hotsak diskoetxearen eskutik. Ivan Julian, Capsula lagun, Andoaingo eta Aritzatxuko jaialdietan izango da uda honetan. Hilabete bi daramatzate disko berria ezagutarazten: “Pasa den hilabetean, Frantzian, Portugalen, Kanadan eta AEBetan egon ginen; Espainian eta Euskal Herrian ere izanak gara. Aurtengoa AEBetan egon garen bigarrengo aldia da. Jendeak, dagoeneko, ezagutzen gaitu. Geurea ahoz ahoko hedapena izan da. Iaz baino jende gehiago etorri da geu ikustera. Prentsan ere agertu ginen. AEBetako Rolling Stone aldizkarian agertu ginen, azken hogei urteotako senior editorearen zutabean”. Texasen ikusi zituen, han eman zuten hirugarren kontzertuan. Gustatu zitzaizkion. Asko: rock’n’rollaren salbazioa direla esan zuen. Alberto Keith Moonekin konparatu zuen eta Martin Pete Townshedkin.

Ezinezkoa ematen zuen, duela ez horrenbeste, hemengo rock talde bat mundu mailako birak egiten ibiltzea: “Guk betidanik izan dugu hiri ezberdinetan, hiri askotan, jotzeko grina; mugiarazten gaituen motorra da hori. Urteak pasa ahala, musikarekin geu bezain erotuta edota gustatuta dagoen jendea ezagutu izan dugu nonahi, eta hori birak egiteko oso baliagarria da. Dena dela, mundu osoan zehar biratzea gauza arrunta bilakatu da Euskal Herriko taldeentzat. Europan jotzeko leku asko dago”.