argia.eus
INPRIMATU
Bertsogintza ikastaroa
Hizkuntz eskolan bertsotan
  • Euskara maila txikiarekin ere bertsoarekin goza litekeelako, gozagarri zaio bertsoa Iruñeko Hizkuntz Eskolan ikasle den euskaldun berriari. Bertsoaren unibertsoan egoten eta izaten ikasi dute “Bertsogintza: técnica de improvisación oral” moduluan izena eman duten 10 ikasleek, eta horren bekatari nagusi da txiki-txikitatik bertsoarekin maitemindu zen Ainhoa Aranburu euskara irakaslea.
Josune Zabala 2009ko ekainaren 18a
Bertsogintza ikastaroa
Bertso jarriak etxean egiten dituzte eta eskolan bat-batean aritzen dira. Lehenengoan ez bada bigarren intentoan.Josu Santesteban
Euskara irakaslea eta eskolako koordinazio pedagogikoaren arduraduna da Ainhoa Aranburu donostiarra. Euskal Filologian lizentziatua, Bartzelonako Hizkuntz Eskolan euskara sailaren sortzaile eta hamaika urtean euskara ikastaroak bertan emana. 2004az geroztik, Iruñeko Hizkuntz Eskolan dihardu lanean, eta aurten, bertsogintza lantzeko modulu berria ere ematen ari da.

Zaharrak berri dira Aranbururen ikaslearentzat bertso-ikastaroak, betidanik eman izan baitu bertsolaritza euskara klaseetan. Aranburu eta bertsoa bat dira ikasleentzat. “Asko gustatzen zaie. Nola duzu izena / ta nongoa zara? kantatu, eta txundituta gelditzen dira. Hizketan baldin badakizu eta belarriak baldin badituzu oso zaila da bertsoarekin ez zaletzea… ez da nire meritua” dio ahots eta begirada zirraratsuaz.

Bizitza da bertsolaritza

Hunkipen kutsakorrez definitzen du Aranburuk bertsolaritza, “Kantua, hitza, komunikatzea… garenaren esentzia ukitzen du”, eta bizitzarekin alderatzen: leku batera iristeko helburu bat (azken puntua); edozein bide urratzeko askatasunean, betekizun diren baldintzak (neurria). Eta ahal bada, bidean pausatzen den ederraren ikuspegia (errima). Urrats bat (puntua), eta gero hurrengoa… “Eta hortxe, bat-batekotasuna dago, aldiro-aldiroko arnasa. Hemen eta orain gertatzen da. Mezua (testua) eta emozioa (kantua) elkartzen dira”.

Gazte-gaztetan bertsoa askorik ulertu gabe, bere gisara ikasi zuen haren barrunbeetako jokoekin jolas egiten. Jabetu zen bertsoaren edukia osorik ulertu gabe ere ongi pasatzen ahal zuela beste elementu batzuei erreparatuz: errimak, doinua, silaba kopurua, eta abar. “Bertsoa entzulearengana iritsi aurretik, bertsolariak bere buruan aplikatzen du, ezinbestean, bertsoa osatzeko teknika. Eta horrek, alderdi teknikoak, bertsoaldiaren barrenean egoten laguntzen dio entzuleari, nahiz mezua bere osoan ez jaso. Entzule bakoitzak, ikasle bakoitzak, prozesu mental diferenteak egingo ditu –batek guztia ulertuko du, besteak errima jokoari erreparatuko dio, hurrengoak puntuak zenbatzeari–, baina denak egongo dira bertsolari-entzule arteko ekintza horren barnean. Bertsoaren teknika jakiteak laguntzen du bertsoarekin gozatzen”.

Hizkuntz Eskolaren eskaintza

Iruñeko Hizkuntz Eskolan moduluak eskaintzen dira eskola arruntez gain, eta ikusirik bertsolaritza lantzeak izan ohi zuen arrakasta, proiektua aurkeztu zuen Ainhoa Aranburuk aurtengo ikasturterako. 3. mailatik (B1) gorako ikasleentzat eskaini zen, eta koloretsua da aurtengo ikasleria: hizkuntza maila ezberdinetako ikasleak daude taldean. “Bertsolaritzari buruz ez zekiten ezer; kurtso hasieran ez zekiten bertso doinu bat ere, eta gaur egun bertsotan egiten du bakoitzak bere mailan. Euskara osotasunean jakin zain egon beharrik ez dago bertsoa lantzeko”.

Elkarren segidako hiru zutabek heltzen diote ikastaroaren egiturari: lehena da bertsoaren osagaiak identifikatzen jakitea (teorikoa); bigarrena, berriz, lehen urrats-aldikoak aplikatuz saioak gozatzea (praktikoa); eta azkenik, aurrez ikasiekin bertsotan aritzea.

Xabier Amurizak Ni ere bertsolari lan ezagunean egindako teorizazioaren faseak, azken unitate txikieneraino deskodetu ditu Aranburuk bere ikasleari ahalik eta laguntza tresna xehatuena eman diezaion. Irakaslea bere ikas-prozesu propioan egindako ibilbidean oinarritu da eskolako irakas-metodologia aurrera eramateko: helburu oso txiki eta gaindi-errazak ezarri eta hainbat fasetan banatu ditu. Lehenengo kolpean oso erraz diruditen helburuak dira, zailtasun maila jakin bat dutenak eta guztientzat lorgarriak: “Zerbait egiten dugunean oso garbi dugu denok zein den helburua eta unizelularra da. Horrela, aldiro lorpen bat du ikasle bakoitzak”.

Finkatua zen lehen zutabeari eutsiz abiatu zuten ikastaroa, bertsoaren teknika paperean ikasiz, alegia. Hirugarren hilabeterako, berriz, zirrikitu bat ireki zen hirugarren zutabea aurreratzeko (bertsotan aritzea). Izan ere, txantxetan zebiltzan batean kantuan hasi zen ikasle bat, eta irakasleak ikusi zuen posible zela boligrafo eta paperik gabeko lanari bide ematea. Orduz geroztik, eskolan ahoz trebatzen dira ikasle guztiak (paperezko euskarririk gabe), eta etxean egiten dituzte idatzizko bertsoak. Harriduraz eta ikasleekiko mirespenez kontatzen du Aranburuk ikasleak nola diren gai bat-batean aritzeko.

Beharra nolakoa, makulua halakoa

Irakaslearen kezkarik handiena horixe da: ikasle bakoitzak zer behar duen jakitea, eta behar bakoitzaren neurriko makuluak ematen asmatzea. “Aldiro galdetzen diet puntu bat bota ezinean dabiltzanean, zer pasatu zaien buruan eta nola sentitzen diren. Nik hori jakin behar dut beraiei laguntzeko”. Ezinbesteko baita ikaskuntza prozesua zelaitsua izatea. “Nik ikas-prozesua eskailera moduan irudikatzen dut eta koxka bakoitzean oso denbora gutxian lortzen diren helburu errealistak jartzen ditugu”. Horretan, emaitza eta prozesua bereizten ditu irakasleak, eta prozesuari ematen dio lehentasuna. Jarritako helburuak prozesuari dagozkio (ez emaitzari), eta edozer delarik ere egitekoa, helburu nagusia egitea bera da. “Lehenik, bertsotan egiten ikasi behar dugu, aurrerago ikasiko dugu ondo egiten”. Urrats oro esplizitatu egiten da ikaskuntza kontzientea bultzatuz, eta prozesuan ikasleekin argitzen da beharrak ase ote diren eta helburuek zenbaterainoko zailtasun maila izan duten.

Miraz mintzo da ikasleen hobetze desioaz, iritsi nahiaz eta parte hartzeko grinaz: “Ongi egiteko aukera gutxi izanda ere hortxe, lanean dabiltza, saiakeran. Ikasleak besoak falta ditu, eta eskubaloian ari da!”. Ikastaroko partaideen jarrerak ederretsiz josten ditu bere azalpenetan ikasleei ematen dizkien adibideak, kantatzen dizkien bertsoak, eskaintzen dizkien estrategiak…

Eta edozein hizkuntz irakasleren amets handi bat lortzen du horrela Aranburuk: ikasiarekin emozionatzea eta kalean erabiltzea. Klase ordu ofiziala arratsaldeko zazpietatik bederatzietara mugatzen bada ere, iluntzeko hamarrak arte luzatzen da eskolako atarian egiten duten bat-bateko jardunarekin. Bizitza bezala, bere mugetan askatasunarekin jolasean. Eta hori gutxi balitz, jakin dugu iruindar euskaldun berri bat bat-batean kantari ibili dela orain gutxi Oiartzun aldean.

Datorren ikasturtean moduluari izena aldatzekotan da irakaslea: “Bertsogintza”ren ordez “Bertso-eskola”, izanari izena aitortuz.