argia.eus
INPRIMATU
Rapa euskaraz
Euskal Errima Erradikalaren ordua da
  • Aurreneko saiakerak egin zirenetik ia hamar urte joan dira, eta geroz eta fruitu gehiago ematen ari da euskarazko rapa. Talde berriak sortzen ari dira, eszena egituratzen. Enplegu Erregulazio Espedienteak nagusitzen diren garaiotan, kaleak bestelako EEE bat eskatzen du; erantzuna letra berberekin idatzi behar da: Euskal Errima Erradikala da gure garaiak behar duen musika.
Gorka Bereziartua Mitxelena @gorka_bm 2009ko ekainaren 09a
Norte Apache
Norte Apache bizkaitarrak euskaraz egindako raparen bigarren belaunaldikoak dira.Lander Arbelaitz
Bafleak ozen egiten du oihu. Norte Apache, indio metropolitarrak, Bilbotik:

Lortuko dugu zuen kontzientziak zapaltzea
Lortuko dugu gure mezua zabaltzea
Lortuko dugu komunikabideetan ere
Zer egingo duzu zuk euskal raparen alde?


Eta galdera hain argi botata, ezin erantzun gabe utzi: zer egingo dugun euskal raparen alde? Ba, euskal rapaz hitz egin, euskaraz aritzen diren rapealariekin. Galdera luzatu digutenekin. Norte Apache hiru lagun dira, Ibon, Rayco eta Aitor. Labetik atera berri dute beraien lehen diskoa, Hesiaren beste aldean (Musikherria). Bederatzi kanta, bidaia polita egiteko txartela. Lehen geltokia, etxe zaharrean, klasikoak gogoan, Mikel Laboaren sanpler bat entzuten; baina aurrera egin ahala apatxeek euskal rapa aldarrikatzen dute, kantatzen diete galdutako haurrei, Sierra Leonari, Palestinari, Stanley Tookie Williamsi, eguneroko arazoei... kontzeptuen oihan erraldoia bihurtzen da CDa. Lasai, inor ez da galduko oihanean, ipar segurua dira errima eta erritmoa helmugara iristeko.

Santutxun jarri dugu hitzordua, arratsaldea sargori dago, hondartzarako hobea asfaltorako baino. Baina konpromisoa hartu zuen Norte Apachek, eta ez dira hitza jan zaleak. “Konpromiso” hitza aipatu dute taldearen sorreraz berba egiten hastean ere. Raycok esan du: hori izan da taldeak aurrera egiteko gakoetako bat. Bera 2002an hasi zen mikrofono batekin aurreneko saioak egiten, El Shintoma lagun hartuta, gaztelaniaz. “Baina Selektah Kolektiboa entzun nuen eta… flipatu. Pentsatu nuen: ‘Badago jendea euskaraz rapa egiten duena!’ Gustatu zitzaidan, eta esan nuen: ‘Ni ere saiatuko naiz’. Jendeak esaten zidan: ‘Euskaraz rapa? Txarto: ez dauka musikaltasunik, errimak moztuta geratuko dira…’. Baina egingo nuela esan nuen, eta azkenean burugogorkeriaz, aurrera jo nuen”. 2005ean atera zen lan horren emaitza. Hortik aurrera elkartu zen tribuko beste kideekin. Lau urte beranduago, aurreneko diskoa kalean, euskarazko rapa hedatzen ari da. Bizkaian eszena interesgarria ari da sortzen 121 Krew, Maisha MC eta Norte Apacherekin. Baina Geronimo hauek gezi asko dauzkate jaurtitzeko; aurreiritziak badaude oraindik; diotenez, batzuk itxita dauzkate ateak euskaraz ari direnentzat.

– Eta horrek kalte egiten dizue? Baztertuta zaudete euskaraz aritzeagatik?
– Bueno, zabaltzen ari da jendea.
– Zuei esker…
– Ez dakit guri esker den –dio Ibonek– baina kontzertu bukaeran askotan etortzen zaizkizu flipatzen, euskaraz egiten dugulako.

Selektah-ren errapetik edaten

Aitor, Ibon eta Rayco, Norte Apacheko kideak, bigarren belaunaldiko kumeak dira. Entzun dugu, ez da erraza izan beraientzat euskaraz aritzea inguruko taldeak erdaldunak izanda. Baina gutxienez bidearen hasiera sasiz garbi eduki dute. Ez dira lehenengoak izan, eta aurreiritziek harramazkak egin badizkiete ere, lehenengo errima bururatu zitzaienetik bazeukaten erreferente bat. Selektah Kolektiboaz ari gara, noski. Duela hamar urte inguru planta bota zuten Daddy Jeffek, Wankak, DZk, Moltek eta Aritz Sound Systemek. “Hemen gaude” esan zuten, molotov koktel batekin erre zituzten sastrakak, eta erakutsi zuten hip-hopak euskaldunen artean ere bide egin behar zuela. Bi disko, su horren emaitza: Selektah kolektiboa (Esan Ozenki, 2000) eta Esperientzien etorbidetik (Metak, 2002).

Hirugarren bat ere ia prest zegoen, baina arrazoi ugari tarteko, ez zuten grabatu. Aritz Sound Systemek azaldu digu Selektah-ren argitaragabeko disko horren historia. Hernaniko Molotoff irratiko estudioetan egin dugu solas, astero egiten duen Sound System irratsaioan. “Ezberdina da ikaslea zarenean, edo sartzen zarenean helduen mundu beldurgarri horretan: lan kontuak, taldeko batzuek harreman serioagoak, pisu batean sartzea…” eta dena batera etorri zitzaien. Horregatik erabaki zuten hurrengo urteko Durangoko Azokarako diskoa ez publikatzea; aurrerago egingo zutela, presa gutxiagorekin. Baina gero, Metak itxi zuten. Eta diskoa urrutiratzen hasi.

Atera ez bazen ere, Selektah-ko partaideak urte hauetan aritu dira lana beltz egiten –hitzaren bi zentzuetan–: DZ Fermin Muguruzarekin aritu da, Daddy Jeffek jarraitzen du musika egiten, eta Aritzek… Aritzek zortzi beso beharko lituzke: irratian, prentsan, disko-jartzaile, Bertso Sound Systemak antolatzen, Hip-Hop Egunak… musika beltzari eskainitako bizitza da. Lan gehiegi pertsona bakarrarentzat? “Militantzia puntu bat ikusten diot nik, Euskal Herrian zoritxarrez nahiko itxita egon garelako kanpotik zetozen estiloetara”.

Barakaldotik Ziburura

Aritzek kanta bat jarri du galdeketarekin jarraitu aurretik arnasa hartzeko. 121 Krew irratiko kaskoetatik:

121, tokatan urduri
Gora Baraka!
Behera Neguri!


Eta pentsatzen duzu: euskaraz bizitzea zailena den lekuetan atera direla euskarazko rap taldeak, bere garaian punkarekin eta rockarekin gertatu zen bezala. 121 Krew Barakaldokoak dira –kanta zati hori irakurrita igartzen denez–; Indarrap Gasteizkoak; MAK berriz, Ziburu eta ingurukoak, Baina Baionan jarri dugu hitzordua Jon Eiherabide abeslariarekin.

MAKi tokatu zitzaion Selektah Kolektiboaren eta sortzen ari diren talde berrien arteko zubi-lana egitea hamarkada honen erdialdean: 2005ean Suari darion kea (Metak) disko sendoa argitaratu zuten; bi urte beranduago Suaren garai, errauts errekai autoekoizpenarekin, garbi utzi zuten ez zirela txantxetan ari. Iaz Interneten edonork deskargatzeko jarri zuten Hauts eta errauts erremix. Diskoen tituluak ikusita bakarrik antzematen da, ildo bati jarraitzen diotela. Azkenekoan errautsek duten sinbologiaz galdetu dugu, ea ziklo bat ixtera doan taldea. “Laster: taldearen hasierako hilabeteetan gauak pasatzen genituen musika eginez eta gure buruetan istorioak sortzen. AEBetako Wu-Tang Clan taldea genuen erreferente: nahi genuen sortu giroren bat, istorioren bat hari gorri bezala eramateko”. Euskal mitologiari buruzko liburuetan aurkitu zuten istorioa: dragoiak, sua, kea... Eta hiruzpalau aletan banatzea erabaki zuten. Azken pausoan, laugarren diskoan, hautsetatik berriro piztuko dira garrak. Hortik aurrera? “Ikusiko”.

Euskal Herriko eszenaz galdetzeko probestu dugu elkarrizketa, zazpi lurraldeak aldenik alde zeharkatu baititu MAKen musikak: agertokitik begiratuta, antzematen al da diferentziarik Bidasoaren alde batean ala bestean? “Ibiltzen garen euskal munduan berriki sartzen ari da rapa, baina Bidasoaren bi aldeetan, auzo popularretan aspaldi sartua da. Bai, esaten ahal da frantziar Estatuan rapa lehenago sartu zela espainiar Estatuan baino... baina ez dut uste hori denik inportanteena. Uste dut gure kulturan izan ditugula beste erreferentzia batzuk, punka, metala... eta orain emeki-emeki rap eszena potolotzen ari dela”.

Laboaren eta Xenpelarren groove-a

Elkarrizketa bukatuta, erreportaje honekin batera Interneten jarriko dugun bideorako zerbait kantatuko al digun galdetu diogu Joni. Baietz, problemarik ez, eta mural baten aurrera joan gara. Hasi dira errimak, kamera aurrean:

...ez naiz gerra zale baizik eta pakearen alde
zeinek nahi duen galde, berari tira dale
bala bat sartu buruan aspertuko da orduan
bala bat sartu buruan aspertuko orduan...


Denak ala inor ez kantako zati bat da, Xenpelarren Iya guriak egin du bertsoetan oinarritua. Talde batzuetan igarri dugun joera da: klasikoak aldarrikatzea, berrerabiltzea; erakustea musikan ere ona dela birziklatzea. MAKen kantetan aurkituko dituzu, beste batzuen artean, Mikel Laboa eta Telesforo Monzon ere; rap disko batean imajinatu ere egingo ez zenituzkeen ahotsak. “Rapealariak ez dira musikariak, beraz musika egiteko aurkitu behar dira manera berezi batzuk –dio Eiherabidek–. Sanpleatzea izan da gurea; punkiek hiru akorde zituzten, eta horrekin adierazten zuten behar zutena”. Aspalditik egiten da: Public Enemyk James Brown aldarrikatzen bazuen, nola ez du euskal talde batek Laboa aldarrikatuko? Baina erritmoak diferenteak dira: “ez da erraza izan, baina saiatzen gara bi munduen artean –Laboarena eta gurea– zubiak eraikitzen”.

Zubi horiek ondo etortzen dira entzule berriak lortzeko ere. Norte Apacheren letretan aurkitu ditugu “...ze urrun dagon Kamerun” edo “Borreroak baditu milaka aurpegi” moduko esaldiak, Zaramari eta Negu Gorriaki egindako keinuak. Raycok dio klasikoak erabiltze horrek baduela zeregin praktikoa. “Kontzertuetan hasten zarenean ‘Borreroak baditu milaka aurpegi’-rekin jendeak dio: ‘Ostia, hau nik badakit!’... Jendearen erreferentzietara hurbiltzen saiatzen gara. Horregatik pixka bat folklorikoak garela esaten dute batzuetan (kar, kar, kar!)”.

Suntsipen handiko errimak? Ez, mesedez

Kanta bukatu da eta Aritz Sound Systemengana itzuli gara, irratsaiora. Ia ordubete ariko gara sake eta erresto, informazio asko, nobedadeak –ez genekien Maisha MCk bakarkako diskoa atera behar zuenik–, baita iritzi trukaketa interesgarri bat baino gehiago ere. Aritzen ustez Euskal Herrian dezente ari zaio kostatzen sartzea rapari, inguruko herrialdeetan ez bezala. “Badaukat kezka horrekin: Euskal Herrian rapa entzuten duten gazte askok erdaraz entzuten dute, Estatuetatik datorren rapa. Logikoa da, medioetatik hori da iristen zaiguna. Baina musika egiterako garaian ere hori hartzen dute eredu, eta niri ez zait gehiegi gustatzen; batetik erdaraz delako; bestetik, erabiltzen dituzten edukiak, gaiak, estiloa... raparen adarrik pobreena dela iruditzen zaidalako”. AEBetan gangsta esaten dioten estiloaz ari da, Espainiako Estatuan hardcore izenarekin ezagunagoa dena.

Eta estilo horretan sartuko lirateke, indarkeria, dirua, drogak, auto garestiak... klixe gehiegi musika estilo bakarrarentzat? Elkarrizketatuek zalantzarik gabe erantzun dute: ez dute gustuko hedabideek eskaintzen duten irudia. “Kapitalista” esan dio MAKeko Jonek, gaia atera eta berehala, imajina horri.

– Eta zuk beharrezko ikusten duzu gauza gehiago aldarrikatuko dituen zerbait egitea.
– Noski, rapak hori du sustraia. Gero, seguru telebistak beste rap hori duela saltzen, baina... Gure kultura ez dugu egin behar telebistaren gainean. Bakoitzak begira dezala eskuin-ezker zer egiten den. Bistakoa den gehiena orain rap kapitalista horrek betetzen du, baina badira beste talde asko pentsagailu bezala ibiltzen direnak: ideia zorrotzak, galderak... Hori zuen punkak garai batean, eta uste dut momentu honetan rapak baduela.

Gertu gertutik ezagutu dute klixe hori Norte Apachekoek ere. Bilboko eskoletan rap tailerrak eman izan dizkiete gaztetxoei –bokazioa: gizarte-hezitzailea da Aitor–, eta asko kostatu zaie haurrei kaskoan sartzea rapa ez dela ondokoarekin sartzeko hitz jokoa. Musika kultur-anitza dela; errespetuan oinarritzen dela; zerbait aldarrikatzeko beharra dela rapa. Aitorrek kontatu du eszena. Hasi dira hori azaldu nahian eta... “eta esaten dizute: ‘Hori ez da hip-hopa; bestea iraintzea eta izorratzea da dibertigarriena’”. Ibonek atzetik: “Hori da tristeena. Gaur egun gazteei gehien iristen zaiena oilar-borrokak dira –rapealariak elkarri irainka aritzea–. Hori hor dago, baina... suntsitu egiten du mezua”. Raycok errematatu du: “Ez zara mezu positibo batekin gelditzen. Badago abesti bat esaten duena “lo mio es crear, no destruir”. Hori erakutsi nahi izan diegu: hobea dela zerbait sortzea, suntsitzea baino”.

Seguru aurrerantzean ere lan hori beharrezkoa izango dela. Rapak euskaraz bide egingo badu, hemengo musikarien ukitu pertsonalari esker izango da, ez MTVko bideoklipak euskaraz klonatu dituztelako. Gauza asko falta da egiteko, baina lan gogorrena azken hamar urteotan egina da; erreportajean aipatu ditugun taldeek egin dute: oinarriak jarri dituzte, euskaraz rapa posible dela erakutsi. Orain badator olatua, egon ziur: Euskal Errima Erradikalak geroz eta ozenago hartuko du kalea.

Saren entzun ditzakezu

Sarean bilaka rapeatzaile euskaldun ugari aurkitu dugu. MySpace eta tankerako guneek beraien artean harremanetan jartzeko aukera eman diete, baita diskoak banatzeko aukera berriak eman ere. Hona hemen euskaraz ari diren rap talde eta bakarlari batzuen guneak:

Basque Rap Conspiracy
121 Krew
Indarrap
Maisha MC
MAK
Paul Lee
Das Keken
Norte Apache