argia.eus
INPRIMATU
Postfeminismoa
2013ko maiatzaren 02a
Juanjo Olasagarre
Judit Fernandez
Postfeminismoa aldarrikatzen dutenek, feminismoaren segida naturaltzat jotzen dute bai, Katixa. Nik baino dexente gehiago dakitenek Estrukturalismoaren bukaeraren ondoriotako joko dute postfeminismoa, eta beraz, feminismoari egindako kritika moduan. Izan ere, feminismoak, bere gizarte heterosexualaren dekonstrukzio baliagarri eta aurrerakoiarekin, ez ote zuen suposatzen estruktura bera zutela emakume guztiek mundu guztian? Eta zentzu horretan ez ote zen feminismoa, beste ismo batzuekin, berriz ere ariketa kolonizatzaile bat?
 
Hurbilago dagokidan liburu bat aipatu nahi nuke, postqueerra: Desiring Arabs, Joseph A. Massad ikerle palestinarrak idatzia. Hauxe du bere tesi nagusia: gaytasuna mendebaldetik, berriz ere, ezarri nahi den kategoria da. Izan ere, esaten digu Massadek, ez dago gaytasuna kontsidera daitekeen kontzepturik mundu arabiarrean eta kategoria horren ezartzeak, integrista, oraingoan bai, islamiarren eta gobernuen errepresioa ekarri du lehen gizartean trufa edo mesprezua bainoago eragiten ez zuen portaeren gainean. Eta portaera azpimarratzen dut, Massadendako portaera homoerotikoak praktikatzen dituztenak baitira, eta inoiz ez izaera bat osatzen duten homosexualak.
 
Bada iruditzen zait berdin feminismoarekin. Zer dute komunean Iraneko emakume batek eta Euskal Herriko batek? Bada emakume kategoria betetzen duen ezaugarririk? Eta baldin badira, zein dira? Berdinak dira mundu osoan? Uste dut horregatik birplanteatu zela feminismoa. Ezaugarri sozial eta politiko komunik ez dela erabakiz gero, errepararaziko dizute ilustratuek, erlatibismo kulturalean eror zaitezke; aldiz, badela erabakiz gero, esan bezala, kolonialismoan, izan ere, mendebaldeko ikuspegiaren unibertsaltasun bokazioak bere ezagutza eta interpretazio egiturak ezartzen ditu ez dauden tokian. Feminismoa bezalakoak, hain zuzen ere.
 
Zure ikasleek, beraz, Katixa, neurri batean arrazoi dute. Eta hala ere makina bat arrazoi dago borroka egiteko eta feminista izateko, kontua da borroka egite hori ez dela lehen bezain erraza, garbia, ideia nagusi bakar batek gidaturik. Munduko emakumeok elkar gaitezen. Bale. Zeren kontra eginen dugu borroka? Eta orduan sortzen da nahasketa.
 
Izan ere, eta badakit astakeriara joko dudala, klitoriaren ablazioa arbuiatzen dugularik, gure parametro zuri eta mendebaldekotatik egiten dugu, eta, beti erabil daiteke kontra-argudio moduan ablazioa tradizio kultural bat dela. Jauziak jauzi, Alardeari dagokionez onartezina bihurtzen den kontra-argudioa, interpretazioaren egilea eta eskubide gabezia kultur parametro beraren pean, mendebaldean, hitz batean, gertatzen direlako, ablazioaren kasuan ez bezala.
 
Akordatzen naiz Hego Afrikan, Apartheida bukatu berritan, zehaztasuna helburu horrela esanen dugu, joera homoerotikoak zituzten beltzak Sowetotik Johanesburgo erdialdera, zurien eremura, ihes egiten zutela haien sexualitatea modu errazagoan bizitzera, besteak beste, ANCek gaytasuna mendebaldeko gaixotasuntzat jo izanak eragindako presio soziala zio. Horregatik, Eider, zure bainak oso ongi ulertzen baditut ere –gizonezkoak gorroto dituen emakume frigido eta iletsua– aukeran neronek nahiago dut euskal gaya izatea ezen ez joera homoerotikoak dituen egipziarra.
 
Horrenbeste gorrotatzen dugun mendebalde honetako gay euskalduna, ezen ez 1970ko hamarkadan Kontzentrazio Zelaietan atxilotu zituzten gay kubatarrak. Hemen emakume, eta ez han, zurikeriak, zurikeria.