argia.eus
INPRIMATU
Europar Parlamenturako hauteskundeak 2009
Ateak zabalik ditu bloke burujabeak
  • Iniziatiba Internazionalistaren emaitzak eskuan, ezker abertzale historikoa udazkenera begira dago jada. EA eta Aralar ere bai, hori bai, oraingo zauriak miazkatuz. EAJk bere lidergoa berregiteko moduetan arakatzen jarraituko du eta PSE-EEk aparretan ez itotzeko kontu izan beharko du: EAEko PPren arnas hezea lepo atzean nozitzen hasiko da.
Xabier Letona Biteri @xletona 2009ko ekainaren 09a
Argazki Press/Marisol Ramirez
Europako hauteskundeek ez dute ezusteko handirik ekarri, izandako emaitza nagusienek ez dute ezer goitik behera baldintzatzen, baina gero eta gehiago test izaera duten boto paperek argi gorria pizten die batzuei eta berdea iragarri besteei.
 
Parte hartze txikiak –42,37 Euskal Herrian–, halaber, Europako Legebiltzarra herritarrengandik oso urruti dagoela baieztatzen du gero eta modu larriagoan. Are urrutiago gainera, kontuan hartuz gero bozkatzen duten herritarren motibazioa gehiago dagoela herrialdearen barne klabeetan Estrasburgon baino.
 
Eta barnera begira, zeintzuk dira Euskal Herriari begira azpimarra daitezkeen lauzpabost klabe garrantzitsuenak? Lehena, Iniziatiba Internazionalistari dagokiona da, hori zen hauteskunde hauetako daturik interesgarrienetakoa, eta Alfonso Sastreren hautagaitzak arrakastaz erantzun die aurreikuspenei.
 
PSE-EEk ere oso ondo eutsi die bere emaitzei, are gehiago EAEn parte hartzea (41,9) 2004an baino ia hiru puntu txikiagoa izan denean. EAJk, aldiz, emaitza txarrak izan ditu, diputatua lortu badu ere, boto kopuruan ia 40.000 boto gutxiago eskuratu baititu. PP ere galtzaileen artean ageri da: 47.000 boto galdu ditu Hego Euskal Herrian. Eta Aralar eta EAren arteko indar batzeak ere ez du bototan emaitza onik eman. Iparraldeari begira, zerrenda abertzale soilen emaitzak onak izan dira eta ABk eta EAk sostengatutako ekologisten zerrendarenak bikainak.
 
Baina goazen zehatzago ikustera egindako iruzkin orokor horien barrunbetan dagoena.
 
HB: Espainiako 100.000 boto haiek!

Iniziatiba Internazionalistak 137.000 boto lortzea asko da eta berriz erakusten du ezker abertzale historikoak bere esparru sendoa ondo finkatua duela. Ez dira boto asko HBk historikoki erakutsi izan duen indarra kontuan hartuta eta ez da legezkoa oraingo boto hauek HBk bere garaian lortutako haiekin erkatzea, baina erreferentzia gisa bederen erabili daitezke.
Ez dira konparagarriak, besteak beste orduz geroztik HB hark zatiketa bat izan duelako –Aralar– eta azken urteetan legez kanpo jardun behar izan duelako, beti ere beste sigla batzuk erabiliz, horrek dakarren etengabeko noraezarekin: orain nuloa, gero abstentzioa, hurrengoan EHAK, ANV... Boto kopuru aldetik, beraz, legez kanpoko ezker abertzaleak badu pozarren izateko motiborik.
 
Eta hala ere, ez du europarlamentaririk lortu, eta hori oso garrantzitsua zen Europako Legebiltzarra bozgorailu gisa erabiltzeko. HBn oraindik ere oso gogoan dituzte Txema Montero, Karmelo Landa eta Koldo Gorostiagaren garaiak. Oraingoan, gainera, garrantzi berezia izango luke Europan ordezkari bat izatea, Euskal Herrian hura ordezkatzen duten botoak legez kanpokoak direnean. Areago Estrasburgoko Auzitegiak ilegalizazioaz eman beharreko epaia aurten etorriko dela entzuten denean. Galdera ikur handia zegoen Iniziatibak Espainian lor zitzakeen botoen inguruan, eta aurreikuspenak ez direla bete esan liteke. Tasio Erkiziak eta berarekin belaunaldi politikoa partekatu zutenek oso gogoan izango dituzte 1987ko Europako hauteskunde haietan Espainian HBk lortutako 100.00 boto haiek. Haiei esker abiatu zen Txema Montero Estrasburgora
Baina garaiotako helmuga nagusia 2011ko udal eta foru hauteskundeetan aurkeztean datza, eta langa hori gainditzeko beste jauzi mota bat egin beharko dute Otegik eta bere jarraitzaileek.
 
EAJren lidergoa...

Irabazle izanik ere emaitza txarrak dira jeltzaleentzat, badute zertaz kezkatu. Eta bai, berriz errepikatu behar da hauteskunde hauetan dagoen parte hartze eskasak errealitatea asko itxuraldatzen duela, baina zantzuak hor daude. Boto galeraz eta barne lidergoaz bereziki hausnartu beharko dute Sabin Etxean. Ibarretxeren hutsune larria betetzeko denbora badu EAJk, baina abertzaletasunean aurreikusten diren mugimenduekin, bere indar metaketa propioari ere heldu beharko dio. Hor kokatu behar dira egun batean bai eta hurrengoan ere bai Alkarbidekoei luzatutako keinuak.
 
Eta sendo jarraitzen duena PSE-EE da. Espainian krisiak kosk egin dio Zapaterori, baina EAEko sozialistek Patxi Lopezen agintaldi hasierako aparretan jarraitzen dute. Alderdia bere ilusioa ari da kanporatzen gizarteari begira eta hori bere botoemaileenganaino eramatea lortu du. Sasoi gogorragoak etorriko zaizkio, dena den, PPk hasieran honetan soka luzean utzi du, baina hori ez da horrela izango legealdi osoan.
 
PPk badu pozarren agertzeko arrazoirik Espainian eta, beraz, zeharka Euskal Herrian, baina bere emaitzak ez dira onak EAEn. Bestelako irakurketa egin daiteke Nafarroan, zatiketaren ondoren ere 75.000 boto lortu dituztelako (2004an 90.000). Kanpainan eskua baino gehiago luzatu dien Yolanda Barcinari bederen eman beharko dizkiote eskerrak.
 
Eta EA eta Aralar zer? Helburua bete dute, parlamentaria, baina hori bozkatu aurretik ere lortua zuten. Elkarrekin landutako adostasunak baino, EAEko azken hauteskundeetan Aralarren emaitza onak eta ERCren hautuak jarri dituzte elkarrekin. Gaitza zen uzta horretatik fruitu egokirik jasotzea. Seguruenik Iniziatiba Internazionalistak ere eraman ditu saski horretara joan zitezkeen boto batzuk, batez ere Nafarroan. Zeresanik ez, EAren egoera larriak ere ez die mesederik egin. Eragin txikiko hauteskundeak dira hauek, baina bere txikian NaBai da ukitua atera dena. Eta txikiagoen artean, Ezker Batuko Hegoaldeko bi adarrak gero eta larriago egoteko moduan dira: EAEn 13.121 boto eta Nafarroan 6.719.
 
Bazen behin polo soberanista bat...

Batek daki udazkenean zer izango den, baina Arnaldo Otegik ondo berotu ditu bloke burujabearen kontuok. Ez berak bakarrik, EAko zuzendaritzak ere, datarik aipatu gabe baina ezkerreko abertzaleen indar metaketaren aldeko apustu argia egiten du kongresurako prestatutako ponentzia politikoan.
 
EAJk aurkako mugimendu gisa bizi du balizko metaketa hori eta Aralarrek ere mesfidantzaz begiratzen dio, bai ENAMeko ezker abertzaleak izan dezakeen protagonismoagatik eta baita bloke horrek hauteskundeen aurrean izan behar duen izaeragatik ere. Hesi bat gehiago ireki da polo soberanista ospetsuaren bidean. Garrantzitsuena airean da oraindik, baina horrek gehiago du zerikusirik ETAren jarrerarekin.
Allande Boutin: Frantziako lurrikara politikoa
Hauteskunde biharamunean, bestondo triste dira alderdi gehienak. Bi indar politiko salbu. UMP, Nicolas Sarkozyren alderdia bozkatuena baita (%29), nahiz Pyrrhusen garaipena den %71k ez bait diote botoa eman. Beste garaileak, Europe Ecologie, hirugarren postua erdiesten duelako, alderdi sozialistatik oso gertu. Gainbehera azken horrendako, botuen %17 justu lortuz, ekologisten emaitza baino puntuerdi gehiagoarekin. Erabateko galtzailea, François Bayrou politikari zentrista bearnesa, %8 bildu dituena. Eta ezker-ezkerreko hiru zerrendak %2, 5 eta 6 egiten dituztenak. Kaos ekonomikoan ordena nahiago ote du jendeak Europa osoan eskuina nagusi delarik? Frantzian bada beste faktore bat: UMP-k jakin du bere kanpaina egokitzen: Bruselako PPE alderdikideekiko ez hain liberala agertuz eta diskurtso aski ekologista bere eginez. Alderdi sozialistak asmatu ez duena, betiko barne tirabiren preso izanik. Ezta zentristek ere, Sarkozyren aurkako lidergoa hartu nahian, beren “kredo europarra” ahantzi baitute. Ekologistek aldiz, krisiari aurre egiteko Europa mailako ezohiko erantzunak proposatuz, sozialdemokraten soluzioak “zaharkitu” dituzte.
Itsaso Atutxa: “PSOEk nik uste baino gutxiago atera du EAEn”
Espero genuen abstentzio hau. Ez da sorpresa izan. Batzuetan nagikeria ere bada, baina Europan geure gaineko gauza asko erabakiko dira, eta Europako eskuineko alderdi txikiei tokia uzten diegu guk botoa ematen ez dugunean. Egia da ez daukagula Europako benetako parlamentu bat osatzen ari garenaren sentsaziorik, ez dagoelako benetako Europako Gobernu bat, eta beraz urrun geratzen zaigu. Azkenik, estatu bakoitzean barne hauteskunde bihurtzen dira. Emaitza onak jaso ditu PSOEk EAEn, baina duela hilabete Jaurlaritza lortu (oso irabazle agertu ziren...), eta komunikabideetan Zapatero-Raxoi buruz-burukoa hainbeste markatuta, uste nuen emaitza hobeak lortuko zituela. Abertzaletasunarentzat galera handia da bereizita aurkeztea, legea dagoen bezala egonik. Baina ez dut ikusten batasun abertzale handiagorik epe motzean. Ezker Abertzaleak bloke independentistaren lidergoa aldarrikatzea ulertzen dut. Aralarren emaitza oso justukoa izan da. Baina Aralarrek aurrekoetan emaitza onak izan zituen eta Parlamentuan presentzia handia du. Ez da erraza izango Aralarrek Ezker Abertzalearen lidergoa onartzea.
Francisco Letamendia “Ortzi”: “Ezker abertzaleak ez du landu Espainiako boto-emailea”
Atzeraldi garaian bi jarrera sartzen dira norgehiagokan: besteari oposizioa (eskuinarena izan ohi den jarrera) eta arazoa konponduko duen programa batean esperantza. Baina AEBetan ez bezala, Europar Batasunean uste da demokraziaren gizarteak ezin ditzakeela arazoak konpondu, ezin diola krisiari aurre egin, eta beraz besteari oposizioa egitearen jarrera nagusitu da. Espainiako Estatuan, PPk aurre hartu dio PSOEri arrazoi beragatik. Euskal Herrian, EAJk indarra galdu du (Ibarretxe joateak eragin nabaria izan du horretan) eta ezker abertzalea indartsu da berriz, baita Nafarroan ere. Ezker abertzalearen hautagaitza Estatura zabaldu da eta sektore espainiar erradikal, solidario eta koherenteak bilatzeko aukera zuen. Kataluniako independentismoa ere babes garrantzitsua izan zitekeen, eta aukera ona zen erakusteko ezker abertzaleak ez diola soilik bere zilborrari begiratzen, Espainiako langileen arazoekin ere zerikusia duela, baina ez da landu. Espainiako indarrak mantendu izanak esan nahi du PPrekin egin duen aliantzak ez duela PSE kaltetu eta beraz frontismoa errentagarria dela. Baina baldintza txarretan ere, abertzaleak gehiengo dira EAEn.
Iñaki Antiguedad: “Sozialetik gutxi duen mamua da Europa”
Abstentzio handia izan da: Europa urrun geratzen zaio jendeari; buztinezko oinak dituen proiektu ekonomizista da, sozialetik gutxi duen mamua. Hala ere, erabakigunea ere badela onartu behar da. Datuei erreparatuta, eskuma nagusi da, ultraeskuindarrak barne, eta hori ez da arraroa, arraroa da sozialismoa esaten denaren beherapena. Ezker tradizionala ere beherapenean dago aspaldian. Niretzat benetan inportanteena da alderdi sozialistetatik benetako ezkerrera ea zer mugimendu dauden eta egia esan, nik desiratzen dudan konfrontazio ezker horrek oso pisu txikia du Europan. Gauza batzuk badaude txalogarriak: Iniziatiba Internazionalistak haize freskoa ekarri du baloreetan, edukietan. Hego Euskal Herritik kanpo 40.000 boto inguru baino ez du lortu Espainiako Estatuan, eta beraz balore sendoetan oinarritutako benetako ezkerrak lan asko du oraindik egiteko bertan. Ipar Euskal Herrian, Europe Ecologie-k emaitza onak lortu ditu eta konfiantza badaukat jende horrengan, nire konfrontazio ikuspegitik. Positiboa da ezkerrarentzat. Abertzaletasunari dagokionez, ezker abertzalearen datuak ontzat hartzen ditut, bere esparrua berreskuratzen hasi da.
Eskuin muturra aurrera doa Europar Batasunaren kaltetan
Alderdi euroeszeptikoek gora egin dute Europar Batasunean, hala nola, eskuinak orokorrean. Ekologistek ere gora egin dute pixka bat. Galdu, sozialdemokraziak galdu ditu hauteskundeak. Abstentzioa aldiz, euroganberaren Troiako zaldi bihurtu da.
 
Ez da hainbesterako izan. Abstentzioa igo egin da, orotara, Europar parlamenturako hauteskundeetan, baina ez omen da hainbesterako izan. Prebisio katastrofistenek %60tik gorako abstentzioa espero zuten eta azkenean %56,61ean geratu da. Kontsolamendu bat al da hori? Ez du ematen, eta Europako burokratek hausnartu beharko lukete zergatik ari den, pixkanaka, Batasunaren ideia herritarrengandik urruntzen eta zergatik 215 milioi lagunek ez duten botoa hautestontzira sartzeko keinu sinplea egiteko motibazio nahikorik izan.
 
Alderdi euroeszeptikoen gorakadak zerikusia du Europaren identitate krisiarekin. Zenbait herrialdetan indar handia hartu du joera anitz horrek, batez ere eskuin muturraren aldetik. Austrian esaterako, euroeszeptikoek botoen %35 lortu dute eskuin muturrarekin batean, eta Herbeerehetako Geert Wilders anti-immigranteak lau eserleku lortu izanak ere kezka sortu du. Hein batean, muturreko alderdien gorakada zigor botoaren ondorio ere bada; krisi ekonomiko globalaren desmasiak ikusita, espero zitekeen zerbait. Hain zuzen, berdeek gora egin dute orokorrean –ikusgarriak izan dira Europe Ecologie alderdiaren emaitzak Frantzian, alderdi sozialistatik oso gertu– baina hala ere, ez dute lortu eskuineko gorakada kontrajartzea. Horrek badu esplikazio bat: sozialdemokraziaren hondoratzea. 217 eserleku izatetik 160 inguru izatera pasatu da sozialisten taldea.
 
Gauzak horrela, Estrasburgoko parlamentua duela bost urtekoa baino “anitzagoa”, eskuindarragoa eta eszeptikoagoa izango da. Troiako zaldia euroganberan dago jadanik.
 
Berlusconi eta Sarkozy amoranteak

Arreta eman du Berlusconik bere mantsioan egindako bihurrikeriek, edota Sarkozyren amodioek izandako protagonismoa europar hauteskunde hauetan. Ez bide die eskandaluek eta jarrera pertsonalek kalte handiegirik egin, baina mami politikorik gabeko eztabaida gailendu izanak Europak sortzen duen interesaren maila zein neurritan geratzen ari den ikusteko balio izan du askorentzat. Lisboako Tratatua atzeko atetik sartu nahi duten bitartean edo zuzentarau hertsienak aurrera ateratzeko saiakeren aurrean, bi amoranteen peripeziak nabarmentzen dizkigute.
Grafikoak
Udaberriko ortzadar abertzaleak eutsiko ahal du larrazkenean!
Iparraldeak euskal herritar bat dauka Europako Parlamentuan: UMPko Alain Lamassoure. Abertzaleen bozek José Bové eta Chaterine Grèze eraman dituzte parlamentura. Abertzaleek bultzaturiko hautagaiek ia 23.000 boz bildu dituzte. Udazkena ernetzen udaberrian hasi ote?
 
Europe Ecologie da Frantziako Estatuan ustekabe nagusia eman duena, bozen % 16,2 eta 14 diputatu lortu ditu-eta. José Bové da Sud-Ouest hautesbarrutian aukeratuetako bat, Ipar Euskal Herriko AB eta EA alderdien sostengua jaso du 14.054 boz bilduz.
 
Nicolas Sarkozyren UMP izan da alderdi garailea Estatuan hala nola Iparraldean, 26.719 bozekin. Estatuan 30 eurodiputatu eta bozen %28 erdietsi ditu. 17 diputatu zituen, beraz 13 aulki gehiago dauzka. PS izan da galtzaile: 31 aulki zituen eta 14 besterik ez ditu beteko. Iparraldean, esaterako, Europe Ecologiek baino ia bi mila boz gutxiago eskuratu du. François Bayrouk lideratzen duen MoDem alderdiak bozen %8,5 jaso du. 11 diputatu izatetik 6 izatera pasa da. Galtzaile hau ere, beraz.
 
Iparraldean EHAk 5.639 boz lortu ditu (2004an baino 600 gehiago) eta PNBk 3.101. Europe Ecologiek bildutakoekin, 22.800 boz inguru egiten dituzte. Kolore anitzeko bozak dira, bistan da, baina kopuru esanguratsua. Gainerako indarrek, ezker nahiz eskuin muturrekoek, ohiko boz multsoa eskuratu dute.
 
Alain Lamassoure diputatu

Iparraldea “galdu” egiten da Sud-Ouesteko hautes-barrutian. Alta bada, EHAk “orbain” abertzalea utzi du kartan. Europe Ecologiek berriz ortzadarraren koloreak indarrez agertu ditu Iparraldean eta orobat Okzitania hartzen duen barrutian, Bovéz bestera Chaterine Grèze izanen baita parlamentuan. PNBk aurkeztu hautagaitzak, jeltzaleen jite europar kristau-demokrata tarte, bere arrastoa utzi du bozetan. Bere txikian, agergarria.
 
Euskal herritar bakarra Alain Lamassoure da, UMPko ordezkari angeluarra. Kanpainan oso minduta agertu zen, zerrendan hirugarrena zihoalako. Alta, bera ezezik laugarren diputatu bat ere lortu du UMPk. Abstentzioak alderdi kontserbadoreen mesederako izaten da, eta oraingoan ere horixe dugu adibidea. Estatuan abstentzioa %60koa izan da, beraz, badute zer hausnartua, eta bereziki ezkerreko indarrek, krisi ekonomiko garaian eskuina indartua irten baita. Galdera hauxe da: Europe Ecologie formula baliagarria al da Frantzia mailako politikan eragiteko? Bereziki, PSren baitan gogoera eragiteko? Zein ezker behar du Frantziak? Europe Ecologiek, hasteko eta behin, badu ardura eta lana Europako erakundeetan.
 
Iparraldearen ekarria

Iparraldeko abertzaleek jomuga ezberdinak izan dituzte boz hauetan. Jeltzaleek Europan egin nahi duten bidean Euskal Herri osoa kontuan hartzen dutela agertu dute; PNBren emaitza lekuko. EAk eta ABk berriz, Europan eta Frantzian oro har, estatu gabeko herrien beste indar aurrerazaleekin batera bide egin behar dela agerrarazi dute. EHAk, bestalde, bere ekarria egin dio ezker abertzaleak Iniziatiba Internazionalistaren (II-HE) bitartez lortu duen sostenguari. Ezker abertzale historikoak Europako bozetan bloke burujabearen oinarria dela erakutsi du. Artean, Orioko bardoaren “Udazken koloretan, landen lurrinak zeharkatuz...(...) Gatibu naukan denborak...” eleak entzuten ditugu Orhi magalean.