Duela sei urte orriotan bertan, Net Hurbilen, titulu hau ipini genuen: “‘Zazpi minutu falta dira’, dio erloju atomikoak”. Baina duela orain Doomsday Clock (Azken Juizioaren Erlojua) hamabiak bost gutxitaraino iritsi da. Era ulerterrez horretan adierazten dute beren kezka Bulletin of Atomic Scientists aldizkaria egiten duten zientzilariek.
Hedabide nagusiek egunero eskaintzen dizkiguten era guztietako katastrofe ikusgarrien artean, “hondamendiaren ordua bost gutxi” esateak deus gutxi adieraziko luke, baldin eta gertatuko ez balitz ordulari hori 1947tik erabiltzen dutela zientzialariok desastre nuklearraren hurbiltasuna zehazteko. Horregatik balio du termometrotzat.
Buletina sortu zuten bonba atomikoaren ekoizpenean eta orohar energia nuklearraren ikerketan lagundu ondoren haren arriskuez arduratu ziren zientzialariek. Prestigio handia du munduan atomikaz, armez eta bakeaz kezkatuta daudenen artean, bere orrietan bezala webgunean eskaintzen dituen informazioen zehaztasunagatik eta balorazioen zuzentasunagatik.
1947an Doomsday Clock estrainatu zuen Bulletin of Atomic Scientistsek. Izenak baditu kristauek Bibliatik ikasi duten Azken Juizioaren oihartzunak, eta baita militarren kontatzeko manerarenak: ekintza edo gertakizun baterako falta dira hamar, bederatzi, zortzi...
Ordulariaren orratza gauerditik urruntzen da arriskua txikitu denean, eta gauerdira hurbiltzen egoera larritzen den orotan. 1947an zazpi gutxi markatzen estreinatu zuten erlojua. Geroztik, unerik larrienetan bi gutxitan egotera iritsi izan da, eta lasaienetan 17 gutxitan, 1991n, Gerra Hotza bukatutzat eman zenean. 2003ko maiatzaren 25eko Net Hurbilen eskaini ziren xehetasun gehiago.
Aldizkariaren zuzendaritza taldeak, tartean 18 Nobel saridun dauzkan aholkulari ekipoarekin hitz eginda, 1991tik gaurdaino lau aldiz aurreratu du orratza, bost gutxitan uzteraino, uste duelako handitzen ari direla gizadia leize zuloan amiltzeko aukerak. Berritasuna zera da: orain energia atomikoaren arriskuez gain beste bi ere hartu dituztela kontutan kalkulu horietan, klimaren aldaketa eta biosegurtasuna.
Arma atomikoei dagokienez, “bigarren aro nuklearraren ertzean gaude. Hiroshiman eta Nagasakin lehenbiziko bonba atomikoak jaurti zirenez geroztik inoiz ez zituen eduki munduak aurrean gaurkoak bezalako aukera arriskutsuak”, diote buletinean. Ikusi arriskuotako batzuk: Ipar Korea arma nuklearren saioak egiten, Iran nuklear anbizioz, munduan arma atomikoak gero eta gehiago aipatzea, gai nuklearrak segurtasunez zaintzeko ezintasuna... eta funtsean planetan 27.000 arma nuklear daudela, gehienak potentzia handienak, horietatik 2.000 minutu gutxitan abiarazteko prest.
Bigarren aro atomiko honek baditu ezaugarri batzuk 1945ean hasi eta 1990ko hamarkada hasieran bukatu zenarekiko ezberdin egiten dutenak. Estatuen arteko mugak askoz iragankorragoak dira, komunikazioak izugarri azkarrak, ezagutza teknikoak zabaltzea erraza da eta teknologiaren eta materialen trafikoa berdin.
Gerra hotza bukatu zenetik hogei urte pasa ez diren arren, AEBek eta Errusiak bukatutzat eman dute nork bere armategiak txikiagotzeko prozesua. Munduan gaur badira 1.400 tona uranio aberastu, beste 500 tona plutonio 140 gunetan barreiaturik, behar adina babestu gabeko zentral elektriko eta unibertsitateko ikerketarako erreaktore ugari, eta abar luzea.
Kezka iturri nagusia lehergailu atomikoetan egon arren, argindarra sortzeko erreaktoreek ere arrisku handia eragiten dute, zientzialarion arabera. Zentralak ugaritzeko planak asko dira, batik bat Asian, non Japoniak bost eraiki nahi dituen 2010erako eta Txinak 30 berri aipatzen dituen 2020rako. Aitzakiatzat aipatzen dira zentral zaharrak ordezkatu beharra, elektrizitate gosea, energia fosilen ordez bestelakoak ugaritu beharra, baita atmosferara karbono gutxiago jaurtitzea ere. Baina zentralen ugaltzearekin handitzen da gai nuklearren proliferazioa ere, gero eta kontrolgaitzagoa.
Zientzialariok proposamenak ere egiten dituzte. AEB eta Errusiako armadetan bonba atomikoak dituztenen alerta maila apaltzea. Dauden arma nuklearretatik 20.000 desegitea ondoko hamar urteetan. Armatarako lehengaien ekoizpena geldiaraztea. Energia nuklearrari buruzko elkarrizketei ekitea mundu mailan. Baina zientzialariok ez dute ikusi orain arteko aholkuek aurrerapenik eragin dutenik, ordulariaren orratz luzea atzeratzerik erabaki ez dutenerako.
Azken garaiotan, bi mehatxu berrik kezkatzen dituzte hasieran energia atomikoa ikertzen zuten jakintsuok. Klimaren aldaketa dago batetik. “Klimaren aldaketak dakartzan arriskuak kasik arma nuklearrenak bezain larriak dira. Baliteke epe laburrean haren ondorioak ez izatea leherketa nuklearrek lekarketen suntsiketa bezain dramatikoak, baina datozen hiru edo lau hamarkadetan klimaren aldaketak kalte konponezinak eragin ditzake gizarteek bizirauteko behar dituzten habitaten gainean”.
Frogatutzat ematen dute karbono dioxidoaren kontzentrazioa gaur egun azken 650.000 urteetako handiena dela. Gas horren isurketa oraintxe bertan etenez gero ere, ondorengo mendeetan ere nabarituko dira ondorioak. Klimaren Aldaketarako Nazioarteko Panelaren (IPCC ingelesezko sigletan) ideiak berentzat hartuta, aldaketon kalte larriak zerrendatzen dituzte, bai ekosistemei dagozkienak, gizakien osasunari lotuak, nekazaritzaren kalteak eta beste.
“Beroketa globalarenak dira –idatzi dute zientzialari atomikoek– giza zibilizazioarentzako mehatxu handienak, arma nuklearren ondotik. Uholdeen eta desertifikazioaren bidez, klimaren aldaketak kaltetuko ditu habitatak eta nekazaritza, gizarteen biziraupenaren oinarria. Eragingo ditu multzo handizkako migrazioak eta baita gerrak ere laborantzarako lurrengatik, uragatik eta beste baliabide naturalengatik”.
Ordularia aurreratzera eraman dituen hirugarren mehatxua biosegurtasunarena da. Laburki esateko, jendeen bizimodua hobetzeko lagungarri izan daitezkeen ikerketa genetikoek ahalbideratuko dute jakintza horren okerreko erabilera ere, bioingenieritza izango omen delarik ondorengo 50 urteetan arrisku nagusia.
Pozez ikusiko dugu Azken Juizioko Erlojua atzeratuko duten eguna. Baina baliteke tartean larrialdi handiren bat gainditu behar izatea.
Argazki oina: Argazki handian ikus daiteke Frantziak Itsas Barean 1970an leherrarazitako Licorne bonba atomikoaren eztanda beldurgarria. 1968an zapartatua zuten lehenbizikoa militar frantsesek, Canopus izenekoa, berehala Txinak leherketa atomikoei ekitea ekarri zuena. Fotoaren beheko aldean nabarmentzen da Fangataufa atoloia, gaur oraindik Mururua bezala erradioaktibitatez kutsaturik dagoena. Irudi txikikoa Bulletin of the Atomic Scientistsetik hartuta dago: horixe da Doomsday Clock, Azken Juizioko Erlojua. 1991an 17 gutxiago markatzen zuen,OTANen eta Varsoviako Itunaren arteko Gerra Hotzaren amaiera zela-eta; geroztik lau aldiz aurreratu da. 2007tik bost gutxi markatzen du. Krisi militar larrienetan bi gutxi markatu izan du.
AEBko eta munduko hiri handienetakoa den Los Angeles sute ikaragarriek harrapatu dute eta jadanik 150.000 lagun lekuz aldatu behar izan dituzte agintariek. Alkateak larrialdi egoera ezarri du, garrek ehundaka etxe kiskali dituzte hainbat auzotan, eta haizete gogorrek ez dute... [+]
Auzoko familia bat etxea galtzeko arriskuan dagoela salatu du Berriozarreko Hipotekak Kaltetuen plataformak, hipoteka 600 eurotik 1.150 eurora igo eta gero. Familiarentzako irtenbide bat eskatu du plataformak.
Groenlandia eta Kanada AEBen barne eta Panamako Kanala bere kontrol zuzenaren pean nahi ditu Trumpek. Gazari begira ere argi utzi du: israeldar bahituak ez badituzte berehala askatzen, "infernua" zabalduko du Ekialde Hurbilean. Azkenik, Mexikoko Golkoari izena aldatu... [+]
2023ko otsailean irakurri nuen berria prentsan, eta triste geratu nintzen, ezustean harrapatu eta zer pentsatua eman baitzidan. Azpeitiko Jostaldi Kirolak Erdikaleko denda itxi egingo zuten, 48 urteko ibilbidearen ondoren.
Denboran atzera bidaiatu arazi zidan horrek. Makina... [+]
Datorren larunbaterako, urtarrilaren 11rako, Sare Herritarrak euskal presoen eskubideen aldeko manifestazioa deitu du, beste urte batez, Bilbon. Aukera paregabea da gure herriarentzat elkarbizitzaren bidean aurrera egiteko, hainbat hamarkadatan liskar bortitzetan murgilduta egon... [+]
ELA, LAB, ESK, Steilas, Etxalde eta Hiruk herri ekimen legegilea aurkeztu dute Eusko Legebiltzarrean eta Nafarroako Parlamentuan, gutxieneko soldata propio baten alde. Lanbide arteko akordio bat lortzeko ekimen bateratuak ere iragarri dituzte. Eusko Jaurlaritzak begi onez ikusi... [+]
Urtarrilaren 20rako bidea. Donald Trump urtarrilaren 20an izendatuko dute AEBetako presidente. Demokraten aldeko elite ekonomikoak hainbat aldiz saiatu dira Trump hiltzen. Lortuko al dute helburua urtarrilaren 20a baino lehen? Hortaz gain, guda fase berri garratzagora eraman... [+]
Espainiako Industria Ministerioak antolatu du bilera, eta langileek jakinarazi dutenez, ez dituzte gonbidatua, "gure interesak ordezkatuko dituena Nafarroako Gobernuaren ordezkaritza izango baita". Langileek elkarretaratzea egingo dute ostiralean 12:00etan enpresaren... [+]
2017an Indonesiak eta Herbehereek akordio bat sinatu zuten, Europako herrialdeak hiru mendeko kolonialismoaren ondorioz lapurtutako ondarea itzul tzeko helburuarekin. Gusti Agung Wesaka Puja itzultze prozesuaren arduradun indonesiarraren hitzetan, akordio hori... [+]
Grezia, 1975. Herrialdeak urtea errepublika gisa hasi zuen, hiru aste lehenago, 1974ko abenduaren 8ko erreferendumean, herritarrek monarkiaren amaiera erabaki ondoren.
Hamarkada bat lehenago, 1964an, Pablo I.a erregea hil zenean, Konstantino semeak hartu zuen tronua, 23 urte... [+]
Hamaikagarrenez antolatu dute euskal nobela beltzaren astea, urtarrilaren 20tik 26ra. Ekitaldi ugari egingo dira Baztango bailarako hainbat herritan. Liburu aurkezpenak, mahai-inguruak, solasaldiak eta kultur ekitaldiak izango dira, eta ekintzetan parte hartzea doakoa izango da.
96 urterekin hil da Jean-Marie Le Pen, eskuin-muturreko aurpegi ezaguna, Frantziako Estatuan urtez urte indartu egin den Fronte Nazionalaren sortzailea. Ahoan bilorik gabe aritu izan da beti eta beti bere ideia arrazistak zabaltzen. Ideia arrazistak ereiten, eta uztak jasotzen:... [+]
Euskal kulturako berritasunak ezagutu nahi dituenak eta egile zein argitaletxeei zuzenean erosi nahi dizkienak urtean zehar baditu hainbat azoka eta ekimen aukeran. Urte askotako tradizioa dute horietako batzuek eta berriagoak dira besteak; tematikoak dira horietako asko eta... [+]