argia.eus
INPRIMATU
Otordu lasaia
Jakoba Errekondo 2009ko ekainaren 03a
Muki-belarra
Muki-belarra
Kurkumak, Curcuma longa, inurriak uxatzen baditu, muki-belarra, Pinguicula vulgaris, haiek erakartzen saiatzen da.

Muki-belarra izena hostoen azalean duen muki berezi batetik datorkio. Landare txiki honek inongo zurtoinik gabe hostoak lurraren gainean zabaltzen ditu, borobilean, zainaren jira osoa berarentzat hartuz. Toki hezeetan baino ez da bizi. Eguzkiak arin jo edo batere azaltzen ez denetan. Erreka bazter eta, batez ere, ura sortzen den lekuetan topatuko duzu. Oraintxe zabalduak ditu hostoen platerean, erdi-erditik, sustraitik zuzenean sortutako garatxoen buruan lore ubel dotoreak. Ezproi eta guzti, nabarmen asko, hosto horizta, mukiz distiratsuen gainean.

Inurriak erakartzen ahalegin berezia egiten duela nioen. Inurriak eta inguruan dabilen edozein intsektu txiki. Hostoen gainetik igaro edo hegaka bertara jaisten denak elorrio du. Hosto azaleko milaka iletxoen muturrean duen mukiak gogor eutsiko dio eta ezin izango du inola ere alde egin. Bertan hilko da eta hostoak intsektutxo gajoa liseritzeko urak jariatu eta jango du. Hosto gainean animaliatxoen azal gogorrak besterik ez dituzu ikusiko, bapo jan duenaren hondar. Intsektua itsatsi eta erabat jan artean usteldu ez dadin, gai bakterizida bat du, otordu lasaiak asko balio duela!

Gai bakterizida hori aspalditik ezaguna da. Aziendaren zauriak pasmoak harrapatu gabe, ahal den azkarren ixteko muki-belarraren hostoak jartzen zaizkie.

Norvegian eta Suedian hosto hauek esnea gatzatu edo mamitu eta filmjölk deituriko jogurt antzeko bat egiteko erabiltzen dituzte.