Joxerra Garzia, 1990eko
hamarkada hasieran Hitzetik Hortzera saioko bideo bat
editatzen.Aitor Bayo
Eszena solteak dira, album zaharretako argazki horituen antzekoak: solteegiak kronika bat josteko, nireegiak erabateko egia osatzeko. Sentipen katalogo halako bat, hori besterik ez dira, osatu beharrekoak bezain gezurta ezinak.
Bakardadea ageri da lehen eszenan. Telebistaz deus ere jakin ez, eta programa bat egin beharra: izen bat asmatu, eta izenetik izana landu. Bertsoak grabatzera joan, eta bertsolarien protestak. Grabatutako bertsoak nola josi gau-pasak eginez ikasi. Audio eta bideo txarrean bildutako bertso onak emititzeko borroka egin... Bederatzi programa lotsagarri, horra lehen urteko uzta. Eskerrak hilean behingoa zen programa. Nolanahi ere, hauxe dut denetan eszenarik gustukoena.
Epela izan zen ETBren aldetik apustua, nola baliabidez hala jendez. Hala ere jendeari gustatu, antza, eta orduan bai, bigarren urtetik aurrera talde bat eta baliabide gehiago eman zizkidaten. Alderantziz behar lukeela datorkit burura: sinesten den hartan hasieratik egin behar dela benetan apustu, miraria izan baitzen jendeak programa ziztrin hari babesa ematea.
Itomena dakar bigarren eszenak, jendea dut inguruan nonahi. Nolatan ez zara gure saioa grabatzera etorri? Bertsolaritzaren booma, hala esaten zaio: bertso-saio gehiago egiten dira bazterretan, eta aretoak lepoz gain betetzen dira. Hasieran ozta-ozta moldatzen ginen bederatzi programa osatu ahal izateko behar adina bertso biltzeko, orain larri-larri gabiltza nahi genukeen leku guztietara iristeko.
Nekearen lanbroak estaltzen du hirugarren eszenako paisaia. Hasieran libre sentitzen nintzen, apenas inork egiten zion jaramonik programari. Orain, berriz, dena da eskea, dena da zaintza. Bertso munduaren barrutik, dezakeena eta ez dezakeena eskatzen zaio programari (pedagogia lana, hasiberrien berri ematea...). Kanpoan, berriz, sutan da giroa, eta arduradunek, ez noski zentsura egiteko asmoz, jarriko ditugun bertsoak entzun nahi dituzte emititu baino lehen.
Jauntxokeriarik gordinena islatzen du laugarren eszenak. Sekula ahaztuko ez dudan usaina darion bigarren solairuko bulegoan, asto beltzarenak eta bi esaten dizkit kargudun batek. Besteak beste, profesional ona banintz nik neuk eten behar nuela bertsolari gazteen saioa. Kargudun horren gaineko karguek, berriz, ez zuten, antza, nire bertsioa entzun beharrik erabaki beharrekoak erabakitzeko.
Debaldeko Festa, hala zuen izena ohiko programaz gain eginarazi zidaten zuzeneko programa hark. Hitzetik Hortzerarekin hasi nintzenean baino sei urte eta aste bat zaharrago nintzen, 1994ko apirileko egun hark eragin zidan zahartua bazter utzita.
Duela hogei urteko garaira egindako txangotik bueltan, Hitzetik Hortzerako zuzendariari eskerrak eman dizkiot gonbitearengatik, eta azaldu diot gustura joango nintzatekeela festa benetan debaldekoa balitz. Ofizialki, ordea, profesional txarra izaten jarraitzen dudala nik, eta karguan direla orduko kargudunak. Beraz, susmoa nuela festa ez zitzaidala debalde aterako, eta modu sumarioan epaitu nindutenekin topo ez ezik topa egitea prezio garestiegia zela nire duintasunarentzat.