argia.eus
INPRIMATU
Gauzen neurria
Juan Ramon Makuso 2013ko maiatzaren 02a
Juan Ramon Makuso
Gure nerabezaroan, eskoletan eta egun ere, entzuten genituen –ikastea norberaren baitan uzten dut– sofista baten hitzak, Protagorasenak: “Gizakia gauza guztien neurria da”. Eta egun hauetan, gehiago esango dut, azken bolada honetan, makulu dira hitz horiek nire egunerokoan. Egunero, goizarekin bat, begiak ireki orduko, edozein gertaerek, Protagoras zaharra nirekin dut solasean. Zizel bat da. Eta kolpe bakoitza irri bat ene ezpainetan. Hiri bat, eta bere hiritarrek beraien bizitzak piztu eta itzali egiten dituzte, futbol partida bat ikusteko, umetako panpinen modura, guk “cuerda” ematen genionaren arabera. Lehendakariak poesia irakurtzen du bere agintea zinpetzerakoan; ea poesia berpizten den! Foru Aldundiko nagusi ohi batek bazkarietan xahutzen ditu gure diru pixarrak. Valentzia Erkidegoko presidentea, epailearen aurrera egia esatera doa –nonbait bestelakoetan ez da horrela gertatzen– hainbat hiritarren txalo zaparrada artean. ETA, Argi eta Gauekoren –ongi aukeratutako ezizenak– hitzekin dator. Ea hitzak gardentasunez gailentzen diren! Argiakoek badakite zenbat kostatu zaidan oraingo Txandari neurria hartzea.