Euskal finantza sistema krisian
Euskal finantza sektorea, hau da, bankuak, aurrezki kutxak eta kreditu kooperatibak 2008an hasi ziren krisialdi finantzarioa nozitzen, batzuk nabarmenago eta beste batzuk arinago. Hala, laburbilduz, Hego Euskal Herriko finantza sektorean –Ipar Euskal Herrian ez dago berezko finantza entitaterik–, 2008ko mozkin garbiek 1.200 milioi eurotan egin zuten behera. Sei urtetan lehen aldia da, oro har, finantza entitateek irabazi gutxiago dituztena. Eta 2009 honetarako aurreikuspenak askoz ezkorragoak dira.
1.200 milioi euro gutxiago irabazi dituzte
Informazio honen gehigarri, taula bat ipini dugu, irakurleek Hego Euskal Herriko bankuek eta aurrezki kutxek 2008an eta 2007an izan zituzten mozkin garbien datu globalak egiaztatzeko aukera izan dezaten. 2007. urtean euskal finantza entitate guztien mozkin garbiak 7.210,36 milioi eurokoak izan ziren; 2008an, aldiz, 5.966,2 milioikoak. Alegia, 2008an mozkin garbiak 1.244,16 milioi eurotan murriztu ziren, 2007ko ekitaldiarekin alderatuta.
Entitate batzuetan irabazien beherakada beste batzuetan baino nabarmenagoa izan da. Vital Kutxaren, Nafarroako Kutxaren eta Ipar Kutxaren mozkinak %5 eta %9 bitartean hazi ziren. Mozkinak %10,2 handitu zituen BBKz gain, oso deigarriak dira EAEko nekazari kutxaren emaitza onak, Ipar Kutxarenak, alegia. Alderantziz, BBVAk, Euskadiko Kutxak eta Kutxak %18 eta %45 bitartean gutxitu dituzte irabaziak. Azken horien artean Euskadiko Kutxaren eta Kutxaren mozkinen murrizketak nabarmendu behar dira, bietan eragin handia izan baitute higiezinen krisialdiak eta eragiketa arriskutsuek.
Berankortasuna, higiezinen krisia eta eragiketa arriskutsua
Zein dira 2008ko datu horiek azaltzen dituzten gakoak? Sei urtetan mozkinen markak etengabe hautsi ondoren, badirudi hiru arrazoi nagusi dituela muturreko aldaketa negatibo honek: berankortasuna, eraikuntzaren krisia eta eragiketa arriskutsuak. Batez ere, azken bi gako horiek izan dira Euskadiko Kutxaren eta Gipuzkoako Kutxaren emaitza-kontuari enbarazu egin diotenak.
Berankortasuna –hartutako zorrei itundutako epeetan erantzuteko gauza ez izatea– euskal finantza entitate guztiei eragin dien arazoetako bat da, batzuei besteei baino kalte handiagoa egin arren. BBVAn, berankortasuna 2,5 aldiz hazi zen, Espainiako estatuko sektorearen batez bestekoa baino gutxiago, eta askoz gutxiago, Europako entitateekin alderatuz gero. Banco Guipuzcoanok %2,6ko berankortasuna izan zuen eta Bankoak %1,07koa. Eraikuntza sektorean aktibo arriskutsu gutxien zuena BBK zen: %8; gainerakoek, aldiz %20 inguru. Kutxaren berankortasuna ere hazi egin zen, aktibo arriskutsuen %1,87ra iritsi arte. Vital Kutxaren berankortasuna %1,81ekoa izan zen, 2007koaren hirukoitza. Euskadiko Kutxan berankortasuna %2,21ekoa izan zen, Nafarroako Kutxan %1,93koa eta Ipar Kutxan %1,75ekoa.
Hala ere, euskal finantza sistema, bereziki Euskadiko Kutxa eta Kutxa, gehien kaltetu dutenak eraikuntza sektorearen krisia eta eragiketa arriskutsuak izan dira. Euskadiko Kutxari, batetik, Urazca eraikuntza enpresaren ordainketa etendurak eragin zion eta, bestetik, Lehman Brothers banku iparramerikarraren porrotak, banku horretan 162 milioi euroko gordailua baitzuen. Bestalde, Kutxari Espainiako kostalde mediterraneoko eraikuntzan egindako inbertsioek eta errenta aldakorrezko inbertsioek eragin zioten. Bi euskal bankuek funts-hornidura handiak bideratu behar izan dituzte egoera horietarako. Horregatik jaitsi dira hainbeste 2008ko mozkin garbiak: %45,6 Euskadiko Kutxan eta %34,5 Kutxan.
Fiare: Banku solidarioa eta alternatiboa
Euskal Herrian betiko banku, aurrezki kutxa eta kooperatibez gain, banku solidario eta alternatibo bat ere bada. Banku honek, oraingoz, Fiare Banka Etikoa du izena eta Italian du jatorria. Duela urte batzuk Bizkaira iritsi zen eta gaur egun Euskal Herriko gainerako herrialdeetan hedatu da, baita Espainiako Estatuko gainerako tokietan ere. Bilbon estatuko 275 elkartetako ordezkariak bildu ziren, 2011rako Europa osoko kreditu kooperatiba bat sortzeko asmoz. Ohiko sistema alde batera utzi eta irizpide solidarioetan oinarrituta, finantzen arloan jarduten duen kreditu kooperatiba bat gauzatzea da ekimen honen jomuga.
2009an 1,5 milioi euroko kapital soziala biltzea dute helburu, 2011n bost milioitara iristeko. Horretarako 300 euroko gutxieneko partaidetza aurreikusi dute banakoentzat, 600 eurokoa entitate sozialentzat, eta 1.500 eurokoa enpresentzat eta beste erakunde batzuentzat. Horren bidez, 2011an 10.000 pertsonaz eta entitate sozialez gorako oinarri soziala lortu nahi dute.
Fiare Banka Etikoak gordailuen bolumena bikoiztu egin du 2008an, 2006an jarduera hasi zueneko datuekin alderatuta. 7,4 milioi eurotik, 14,1 milioitara iritsi da 2008an. Gordailu kopuru handiena Hego Euskal Herriko lau bulegoek ekarri dute: 10.786.867 euro. Hiriburuei dagokienez, Bilbok 7,27 milioi bildu zituen; Iruñeak, 2,28 milioi; Donostiak 782.000; eta Gasteizek, 448.000. Gainerakoa, 3,3 milioi euro, Bartzelonako (1, 85 milioi) eta Madrilgo (1,45 milioi) bulegoetan gordailutu ziren.