argia.eus
INPRIMATU
Europar Parlamenturako Hauteskundeak
Zein urrun dagoen Estrasburgo eta zein gertu hauteskundeak
  • Ez dakizula Estrasburgo non dagoen? Abstentzioan erortzeko zorian zaudela? Ez larritu. Hemen duzu Europaz dena jakiteko zazpi erantzun emango dizkizun galdetegia.
Urko Apaolaza Avila @urkoapaolaza 2009ko ekainaren 04a
Europar Parlamenturako Hauteskundeak
Europar Parlamenturako Hauteskundeak
1- Zer erabakitzen da europar parlamentuan?

Estrasburgon (Frantzia) dagoen europar parlamentuko egoitzak 785 eserleku ditu, kasik Victoria Eugenia antzokiak adina. Europar Batasuneko erabaki potoloenak Europar Batasuneko Kontseiluan hartzen dira, 27 estatuetako ordezkariak biltzen dituen organoan. Beraz, galdera derrigorrezkoa da: antzezleku bat ote da eurokamara? Baliteke. Gure eguneroko bizitza arautzen duten lege komunitarioen ehuneko handi bat bertan erabakitzen dela errepikatu digute, baina esku mugatua du. Komertzioan, kanpo harremanetan edo segurtasun kontuetan ez du askorik esateko, adibidez.

2- Zein indar dira nagusi bertan?

Kontserbadoreak nagusi dira. Europako Alderdi Popularrak 286 eserleku ditu eta sozialdemokratek 215. Horrez gain badaude liberal zentristak (98 eserleku), Berdeak eta independentistak (43), nazionalistak (42), ezkerrekoak eta ekologistak (41) eta euroeszeptikoak (24). Talde bat osatzeko 17 diputatu behar dira, horregatik, talde txikienak interes antzekoak dituzten alderdi eta koalizioez osaturik daude.

3- Non eta noiz egingo dira hauteskundeak?

Herrialde gehienetan ekainaren 7an izango dira hauteskundeak, Euskal Herrian ere bai. Estatu batzuetan aurreratu egin dituzte: Ingalaterran eta Herbehereetan ekainaren 4an izango dira; Irlandan ekainaren 5ean; eta Malta, Eslovakia, Letonia eta Italian ekainaren 6an. Hala ere, botoen zenbaketa atzeratu egin dezakete estatu horietan.

4- Zeini bozkatu diezaiokegu euskal herritarrek?

Europar parlamentua munduan sufragio bidez aukeratzen den estatuz gaindiko erakunde bakarra den arren, hauteskunde-barrutia estatuek osatzen dute. Hego euskal herritarrak Espainia osoko zerrendak hauta ditzakete (guztira 37) eta Ipar euskal herritarrek Frantziakoak (161 zerrenda). Hau da, Abaltzisketako Larraizko serorak Partido Andalucistari eman diezaioke botoa eta Madrilgo Genova kaleko gorbatadunak Iniziatiba Internazionalistari. Soziologoentzako datu banku ederra.

5- Zein bilakaera izan du abstentzioak?

Abstentzioa da eurokraten kokoa. Azkeneko hauteskundeetan gora egin du bozkatu ez duten europarren kopuruak. 1979an, %34,3 izan zen abstentzioa eta 2004an %54,5. Apirileko inkesta batek dio aurten %66ra iritsi litekeela etxean geratzea erabaki dutenen portzentajea. Zer motibo dago horren atzean? Europar Batasunaren urruntasuna, desinformazioa, sinesgarritasun falta... Nazioarteko analistek korapilo hori oraindik ez dute laxatu.

6- Zer dago jokoan Europan?

Europar parlamentuak ez du gobernurik osatzen, ezta oposiziorik ere, eta indar nagusiek adostasuna bilatu nahi izaten dute. Horregatik, alderdi bakoitzak estatu barruko demari begiratzen dio gehiago, Europakoari baino. Dena den ikusteko dago krisi ekonomikoak nola eragingo duen hauteskunde hauetan eta herritarren estura zein modutan azaleratzen den.

7- Zer dago jokoan etxean?

Hauteskunde hauek datozen hilabeteetako estrategia politikoak markatu ditzakete, azken batean, makro-inkesta moduko bat baita honakoa. Adibide bat jartzearren: Iniziatiba Internazionalistaren legeztatzeak perspektiba berriak ekarri ditu legez kanpoko ezker abertzalearentzat eta indar erakustaldi bat egiten badu prozesu soberanista beste abiapuntu batetik hasi lezake udazkenean. Aralar eta EAren koalizioak (Indepententistak eta Ezkertiarrak) zein emaitza ematen dituen ere ikusi beharko da alde horretatik. Dena den, alderdi guztiek euren erreka zuloan egingo dute arrantza, militantzia mobilizatzea aukera polita baita, abstentzioaren zolan nabarmentzeko.