Nork bere balorazioa egingo du langileek hartutako lehen neurri horrek, greba orokorrak, izandako oihartzunaz. Sindikatuek une larrietan baino ez dituzte deitzen greba orokorrak eta oraingoa, zalantzarik gabe, une larria da. Bere mugen gainetik, erantzuna inportantea izan da, herrialde bakoitzean desberdina. Grebatik irakaspen bat eta hainbat abisu atera daitezke etorkizunera begira, izan ere, krisiak langileak eta herritarrak zigortzen jarraituko du eta beharrezkoa izango da erantzun sozialerako neurriak artikulatzen jarraitzea.
Lehenengo irakaspena: ekintza bateratuaren beharra dago mobilizazioak eta grebak eraginkorrak izan daitezen. Sindikalgintza abertzaleak ekintza bateratua planteatzen jakin du eta babes politiko eta sozialak jaso ditu. Ondorioz deialdiari emandako erantzuna garrantzitsua izan da. Ekintza bateratua eraginkorragoa izango litzateke CCOO eta UGT integratzea lortuko balu, Hego Euskal Herriko hainbat eremutan indar handia baitute. Sindikalgintza abertzalearen eta estatalistaren estrategiak ezberdinak dira. Dena den, euskal langile klasea egoera larrian dagoenez, garrantzitsua litzateke ekintza bateratuak egiten saiatzea.
Greba orokorra patronalari emandako abisua ere izan da, esanez “honaino iritsi gara”, eta ez dutela onartuko xantaia gehiago negoziazio kolektiboetan, ez enplegu finkoak ezabatuz enplegu prekarioak lortzeko, ezta soldaten beherakada adosteko ere. Nafarroako eta Gasteizko gobernuentzat ere izan da abisua, kapitalismoaren zerbitzura dauden politika ekonomikoak eta soziolaboralak alda ditzaten, gizartearen gehiengoaren, langile klasearen eta herri sektoreen interesei zerbitzatzeko.