Testuliburuetan, literatura-lanetan, “Ipurbeltz”en eta, batez ere, prentsan, maiz ikusi ditugu Antton Olariagaren marrazkiak, hitzari lotuak beti, besteen hitzei balio erantsia eskainiz edo, zergatik ez, hitz berriak asmatuz. Valentzian Arte Ederrak ikasten ari zela hasi zen prentsan kolaboratzen, Las Provincias egunkarian hain zuzen. Publizitate munduan zebilela, marrazki batzuk Zeruko Argiara bidaltzea bururatu zitzaion. Astekarikoei gustatu eta, berehala, 1972. urte hasieran Olariagaren marra bereizgarria argitaratu zen oraindik egunkari itxura zuen astekari hartan.
Hasieran marrazki solteak ziren. Gero, 80ko hamarkadan, asteroko atal eta pertsonaia finko bihurtu ziren: “Izan ere”, “Hormasprayko” eta “Mozorrozko”.
Baina ez zuen soilik Zeruko Argian kolaboratzen. Anaitasuna aldizkarian ere argitaratu zituen marrazkiak eta Zakilixut pertsonaiarekin eskutik eguneroko prentsara salto egin zuen –Eginen hasieran, eta Berrian gaur egun–. Argiarekiko lotura, dena den, ez du eten; horren lekuko, berriki Argiaren 2.000 ale borobilaren azala berak egin izana.
Olariagaren lanek txiste grafikoen muga gainditzen dute; umore alesez gain, hausnarketak, iruzkinak, dira. Bere “txistegintza komentariogintza da gehiago” irudigilearen beraren hitzetan.
Duela aste batzuk zera esan zion Sustrai Colinari astekari honetan bertan: “Ez zait pitorik gustatzen atzera begiratzea”. Guri bai, ordea, atzean ikusten duguna Olariagaren trazoa baldin bada.