"Ez harritu bi urte barruko hauteskundeetara ezkerreko eskaintza abertzale bateratua aurkezten bada"

  • Zergatik bihurtzen dira politikariak interesgarriagoak ezkutatzen direnean?
Sabin Intxaurraga
Dani Blanco
Zarata mediatikoz beteriko garai nahasiotan, merkatu logiketatik urrun eta irakurleengandik gertu dagoen kazetaritza beharrezkoa dela uste baduzu, ARGIA bultzatzera animatu nahi zaitugu. Geroz eta gehiago gara, jarrai dezagun txikitik eragiten.

Praka motzetan zebilen Zeanuriko Sabinentzat existitzen zen politika?


Orduko bizitza, ikasketen, nire pilota zaletasun itzelaren eta aitari laguntzearen artean antolatuta baneukan ere, politika oso presente zegoen. Garai hartan elizak eragin handia zeukan baserri giroko herri txiki hauetan eta dena bere inguruan mugitzen zen. Behin 17-18 urte beteta, bazen Herri Gaztedi zeritzan mugimendu bat, politika eta gizarte gaiez kezkatuta zegoen jendea biltzen zuena, eta guretzako sekulako eskola izan zena. Ikastaroak jasotzen genituen, itxialdiak egin, gure artean eztabaidatu... Nolabaiteko tapadera bat zen politika munduan murgiltzeko.
 

Zuk alderdi baterako saltoa askoz beranduago eman zenuen, ostera.


1974an Londrestik itzuli eta Bilbon hasi nintzen lanean. Ordurako Herri Gaztedin ibilia nintzen, eta bertan zebilen jende gehienak gaur egun ezker abertzale bezala ezagutzen dugun mundura egiten zuen salto. Ni ez nintzen sartu ez alderdi batean ez inon, baina alderdiak legeztatu zituztenerako oso argi neukan nire burua abertzalea eta ezkerrekoa zela, nahiz eta ideia horiek indarkeriarekin lotzea desegokitzat jo. Horregatik garbi nuen estrategia armatu bati, zuzenean edo zeharka, babes politikoa ematen zion alderdi batean ez nintzela sartuko. Nire inguruko batzuk HBn sartu ziren, beste batzuk ESBn, eta gogoan dut nola etorri zen Zeanurira ETAko sortzaileetako bat, Algortako Agirre, propaganda egitera. Marketinaren ikuspegitik egin zezakeen okerrena egin zuen ordea, ESBren onurak haizatu beharrean EAJren akatsak egurtu zituen. Handik gutxira, Xabier Arzalluz azaldu zitzaigun eginkizun berera, eta partiduaz neukan irudia oso kontserbadorea bazen ere, bere hitzek konbentzitu, eta probatzea pentsatu nuen. Total, ia oharkabean Bizkai Buru Batzarreko kide izan nintzela, urte batzuk beranduago EAren sorreran parte hartu eta bertako kide egin nintzen arte.
 

Ez da gaurkoa, beraz, ezker abertzalea eta EAJren arteko ezin konpondua.


Tira, beste testuinguru batean bizi gara egun, eta ezin konponduak beste batzuk dira. Gaur egungo ezker abertzaleari arazo bat ikusten diot, ez duela orain arte ETAren magaletik aldentzeko behar hainbesteko gaitasunik erakutsi. Eskerrak azkenaldian bere erreferente garrantzitsuenak diskurtso egoki bat sortzen ari direla, etorkizunera begira, ezinbestekoa baita gure burua ezkerreko eta abertzale independentistatzat dugunok ETAren gonapetik aldendu eta elkarlan estrategiko bati ekitea. Zoritxarrez, Euskal Autonomia Erkidegoko eta Europarako hauteskundeetarako aukera hori galdu da, baina goiz ala berandu, hortik pasatzera kondenatuta gaude, eta irudipena dut, euskal gizarte abertzaleak asko eskertuko lukeela. Esango nuke bai ezkerreko alderdi independentistak bai gizarte eragileak hortaz konbentzituta gaudela eta pauso hori epe laburrean gauzatuko dela. Ez harritu hemendik bi urte barruko Nafarroako zein EAEko foru eta udal hauteskundeetan eskaintza bateratu bat aurkezten bada.
 

Hortik kanpo ikusten duzu EAJ?


Oraingoz bai, baina horrek ez du esan nahi aurrera begira baztertu behar denik. Munduko estatu aurreratuenetan bi polo egoten dira, ezkerra eta eskuina. Euskal Herrian, bi polo horietaz gain, nazio ikuspegiak zatitzen gaitu, baina zergatik ez da egongo ezkerreko erreferente abertzale indartsu bat gurean? EAJk bere ibilbidea eginda dauka, alderdi sozialistak eginda daukan bezala. Subiranotasunaren aldeko apustuan oso jarrera anbiguoa erakutsi arren, EAJrena proiektu egonkortua da, eta ezkertiarroi dagokigu orain gure erreferentea sortzea, sendotzea eta errotzea.

ETA da ezkerreko abertzaleen erreferente indartsu hori sortzeko oztopo nagusia?


ETAk ez du batere laguntzen, are gutxiago ezker abertzale konbentzionaleko erreferente politiko bezala agertzen denean. Hanka sartze larria iruditzen zait ETAk ezker abertzalearen izenean hitz egitea, erreferente politiko bat izateko hauteskundeetan kontrastatuta egon behar duzulako, eta nik dakidala, ETA ez da sekula hauteskunde batzuetara aurkeztu. IRAk Ipar Irlandan egin duen bezala, bere munduko erreferente politikoari pasa behar lioke lekukoa, eta politikoki bere jokabidea antzua dela ohartu. ETA ez zen sortu besterik gabe indarkeria ekintzak burutzeko, helburu politiko batzuk lortzeko baizik, eta xede horiek erdiesten ez dituen heinean eraginkortasunaren izenean ez dauka zentzurik. Hori gutxi balitz, estrategikoki espainiar immobilismoak daukan aliatu gorena ETA da. Hortaz jabetzen ez den bitartean, sekulako kaltea egiten dio bai ezker abertzaleari, bai proposatzen ari garen ezkerreko erreferente indartsu horri. Zorionez, kartzelatik atera berritan bere izenean euskal gatazkaren konponbide gisan bide zibila eta elkarrizketa aldarrikatzen zuen Arnaldo Otegi, ezker abertzale osoaren izenean mintzo da orain, eta badirudi, ETAk salbu ezker abertzale osoak horrekin bat egiten duela. Hori hala bada, ETAk desagertu edo albo batera geratu behar du, eta bestela ezker abertzaleak aldendu beharko du ETAren estrategietatik.
 

Posible ikusten duzu azken aukera hori?


Mundu horri beste aukerarik geratzen ez bazaio bai. Garbi dago Espainiako Estatuak ezker abertzaleari neurria hartu diola. Orain hiru urte Cándido Conde Pumpidok argi eta garbi esan zidan ezker abertzaleak ez zuela instituzioetan presente egon eta hauteskundeetara aurkezteko inolako aukerarik izango ETAri nolabaiteko babesa ematen zion bitartean. Zoritxarrez, profezia hitzez hitz betetzen ari da, ez baita fiskal nagusi edo alderdi batek diseinatutako estrategia, estatu mailako organo guztiek zehaztutako eta gauzatutako asmoa baizik. Orain arte bezala jarraituz gero ezker abertzaleak badaki zer daukan. Gainera, nik uste dut jendeak aldaketa bat eskertuko lukeela. Ikusi besterik ez dago 1998ko su-etenaren ostean Euskal Herritarrok-ek lortu zituen emaitzak.
 

EAri ez al zaio garesti ateratzen ari bloke soberanista horren aldeko apustua?


EAk askoz lehenago egin behar zuen apustu hori. Egia da Ibarretxeren hautagaitzarekin EAJk EAren boto-emaileen kopurua husteko ahalegin betea egin duela, baina tira, koalizioa betiko zela pentsatzetik erabat baztertzera pasa gara, eta ez da gutxi. Egia da, EAren apustu estrategikoa epe laburrera gaizki atera dela, baina epe ertainerako inbertsio on bat izango dela uste dut. Herri honek independentziarako motor bat behar du, eta hori abertzaletasunetik eta ezkerretik baizik ez daiteke etorri. EAJ ez da sekula independentziaren motorra izango. Hori bai, ezkerretik eskaintza indartsua osatzen ari dela ikusteak bere anbiguotasun enblematikoa argitzera behartuko du, eta ziur egon EAJ ere mugituko dela. Hemen denak mugitzen gara albokoa mugitzen denean. Horregatik diot, aurrera begira ez dela EAJ baztertu behar.
 

EAJk sekula baztertu ez dituenak AHTa bezalako proiektuak dira. Ingurumen sailburu izan zinen aldetik, denak balio du aurrerapenaren izenean?


Ezta hurrik eman ere! Nik trenbide sarea berritzearen aldeko apustua egin nuen, ingurumen arrazoiengatik, eta euskal lurraldeak kohesionatzeko formula egokia izan zitekeelako. Ezinbestekoa iruditzen zait merkantzien garraioa errepideetatik ateratzea. EAEn AHTa ez da abiadura handiko tren bat izango, tren azkar bat baizik, eta Jaurlaritzak hanka sartze bikoitza egin duela uste dut. Batetik, oso berandu hasi zen tren horrek merkantziak garraiatzeko balioko zuela esaten, eta bestetik ez du intermodalitatea bultzatu trena bidaiarientzat ere baliagarria izan dadin. Badakit holako tren bat ezin dela herriz herri gelditu, baina zergatik ez geltoki bat eskualdeka? Horrek merkantzien garraioa hobeto kudeatzen lagunduko luke, egungo trenbide sarearekin lotzen asmatuz gero. Egia da ingurumenaren aldeko askok ez dutela nire iritzi hau konpartitzen eta tren sozialaren alde egiten dutela, baina biak josi ezean jai daukagula iruditzen zait. Ez dauka zentzurik 500 kilometroko bidaiak autoz edo hegazkinez egiteak.
 

Pasaiako kanpo-portuak zentzurik badu?


Ezta txikiena ere! Hor erabiltzen diren merkantzia gehienak txatarrarekin, metalurgiarekin eta ikatzarekin funtzionatzen duen bertako zentral termikoarekin lotuta daude. Horretan oinarrituta ez dauka kanpo-portuaren premiarik. Gainera, lurralde antolaketa ikuspegitik ere ez dauka inolako logikarik. Baionako portua hor dago, Bilbokoa bere ahalen %70ean baino ez da erabiltzen, eta portu horiek tren sare egokiarekin korapilatzen badira ez legoke aparteko arazorik. Gaur egungo Pasaiako portua beste modu batera antolatzea aski da Gipuzkoak dituen etorkizuneko beharrizanei erantzuteko.
 

Erraustegiarena da pil-pilean dagoen beste ingurumen gaia.


Nik ez daukat erabateko ez aldeko ez kontrako jarrerarik. Garbi dudana da zabor hondakinak ahal bezain zehatz eta taxuz sailkatu behar direla euren berrerabilpena posible izateko. Ezer baino lehen 0 zaborraren aldeko apustua egin behar da, eta beti geratuko den % txiki horrekin zer egin teknikoki aztertu beharko da. Horren aurretik egiten dena da gakoa, ez baita onargarria erraustegietara hala nolako bilketa eramatea energia sortzeko. Horregatik iruditzen zait egokia Usurbilen martxan jarri duten etxez etxeko zabor bilketa. Badirudi jendearen kontzientziazioa eta parte-hartzea bultzatuz gero, askoz hobeto sailkatzen direla zabor hondakinak, gerora berrerabilpena errazteko gisan.
 

Bizimodu eredu aldaketa baten atarian gaude?


Garapen iraunkorraren aldeko apustua egitea ez da Pasaiako kanpo-portuari Eco-port deitzea, edo diseinatzen diren plan guztien izenburuei “iraunkorra” eranstea. Apustu horrek bizimoduaren eredu aldaketa eskatzen du. Oso gaztetatik hasi behar da jendea iraunkortasunaren eskemetan hezten, esaterako garraio publikoaren alde eginez, produzitzen duguna baino askoz zabor gutxiago produzituz. Dena den, administrazioaren partetik bakarrik ez, aldaketa horrek enpresen eta herritarren aldetik ere beste erantzun mota bat eskatzen du. Alfer-alferrik idatziko dira txosten bikainak gobernuetan eta legebiltzarretan bakoitzak egin dezakeguna egiten ez badugu.
 

Bizimodu berri horretan ur eskasiak eragin omen dezake hurrengo mundu gerra, eta zu ur agentziako langilea izan...


Mundu hobe baten alde egitekotan ezinbestekoa da ur hornidura eta saneamendu egokiak izatea. Milurteko helburu guztiekin lotura dauka urak: generoarekin, garapenarekin, osasunarekin, hezkuntzarekin... Denarekin. Zoritxarrez, eta premia-premiazkoa izan arren, herrialde batzuetan jabetza pribatutzat daukate ura, eta altxor handia suposatzen duela jakinik ere, zeregin handia daukagula uste dut. Garapenerako beharrezko laguntzak bultzatzen badira, ordea, gerrarako baino elkartasunerako elementu bihurtuko da ura, beste gatazka mota batzuk konpontzeko ateak zabalduz.
 

Politika mundurako zure ateak zabalik jarraitzen du?


Ez zait politikarako grinarik sekula itzali. Lehen esan bezala, gure burua ezkerreko abertzale independentistatzat dugun asko kezkaturik gaude, eta lanean ari gara arrangura horiek erabakiak hartu behar dituztenengana iritsi daitezen. Hortik gauzak mugiarazteko moduko ezer aterako balitz nire babes eta laguntza osoa izango luke. Izan ere, ez dut uste politikaren lehen lerrora itzuliko naizenik, baina politikaz kezkatuta nagoen heinean nire ekarpentxoa egiteko prest nago, nire alderdiak edo mugitzen naizen inguruak horretarako gai ikusten nauen artean.
Nortasun agiria
1949ko abenduaren 30-ean jaio zen Zeanurin. Ekonomian lizentziatua, ibilbide oparoa du euskal politikagintzan, Zeanuriko alkate, legebiltzarkide, eta Justizia zein Ingurumen sailburu izandakoa baita. Politikako lehen lerrotik erretiraturik, URA Ur Agentzian egiten du lan.
Harreman pertsonalak
“Politikoki mutur bateko zein besteko jendearekin oso harreman onak izan ditut eta mantentzen ditut oraindik. Alderantziz, inguruko edo gertuko batzuekin harreman oso txarrak dauzkat. Gertutik egiten diren zauri horiek osatzea askoz gehiago kostatzen da”.
Ohorea
“Legebiltzarrean eta Jaurlaritzan egon banaiz ere, politika gustatzen zaion pertsona batentzat egon daitekeen ohore handiena norbere herriko alkate izatea da. Zorionez, hamabi urtez izan dut ohore hori”.
AZKEN HITZA
Atera kontuak!
“Zoritxarrez ezkerrarentzako hauteskunde erreferenteak gainbehera doaz. Azken hauteskundeetan ezker abertzalea onartua izan balitz 6-7 aulki lortuko zituzkeen, Aralar garaipen handitzat saltzen ari da 4 legebiltzarkide atera izana, eta EAk bakarra baino ez du erdietsi. 1986ko hauteskundeen ostean HB, EA eta Euskadiko Ezkerraren artean zenbat legebiltzarkide ginen begiratu eta atera kontuak!”

Azkenak
2024-11-28 | Gedar
Zumaiako Balenciaga ontziolako langileek mobilizazioei ekingo diete, lanpostuen defentsan

Enpresa jo dute egoeraren erantzuletzat, baita erakunde publikoak ere. Langile batzuek bost hilabete baino gehiago daramatzate kobratu gabe, eta ostiral honetan egingo dute manifestazio bat, ontziolatik abiatuta: ez dezatela itxi aldarrikatzeko.


2024-11-28 | Irutxuloko Hitza
Mikel Zabalzaren omenezko plaka jarriko du Donostiako udalak larunbatean, Intxaurrondoko kuartelaren aurrean

Donostiako Udalak Mikel Zabalza Garateren (1952-1985) omenezko plaka bat jarriko du larunbat honetan (hilak 30), Guardia Zibilaren Intxaurrondoko kuartelaren aurrean (Baratzategi kalea, 35). Guardia Zibilak gaurko egunez atxilotu zuen Zabalza, 1985ean, Altzako bere etxean... [+]


Plastiko kutsadura mugatzeko negoziaketen azken fasea abiatu du NBEk

Azaroaren 25ean hasi eta abenduaren 1era arte iraunen du Hego Koreako Busan hirian aitzina doan gailurrak. Petrolio ekoizle diren estatuak eta beraien lobbyak oztopoak jartzen dabiltza, ekoizpenaren mugatzerik ez dutelako nahi.


“Hezkuntzak izan behar du patxadatsua eta geldoa”

Eguneroko abiadura itogarritik atera eta eskola-proiektua amesteko, gogoetatzeko denbora hartzea aldarrikatu dute solaskideek, Superbotereak liburua aurkezteko mahai-inguruan. Patxadatsu aritu dira, hain justu, eraldatzeaz, inpotentziaz, ilusioaz, eskola bakoitzak egin beharreko... [+]


2024-11-27 | Julene Flamarique
"Euskara ez den hizkuntza bat” erabili du Barakaldoko Udalak kanpaina batean

Barakaldoko Udalak euskararen erabilera “umiliagarria” egin duela salatu du Sasiburu euskara elkarteak. Salaketa argitaratu ostean kanpainaren euskarazko bertsioa ezabatu du udalak. Halakorik berriz gerta ez dadin arduradunen barkamen publikoa eta behar diren... [+]


2024-11-27 | Leire Ibar
180 eragile baino gehiagok egin dute bat etxebizitzaren eskubidea bermatzearen aldeko mobilizazioarekin

Abenduaren 14an Bilbon etxebizitzaren negozioaren aurkako mobilizazio nazionala antolatu dute Euskal Herriko Etxebizitza Sindikatu Sozialistak eta Euskal Herriko Etxebizitza Sindikatuen Sareak. Ia 200 izan dira auziarekiko elkartasuna adierazi duten eragileak.


2024-11-27 | Julene Flamarique
Gutxienez 2027ra arte atzeratu dituzte berriro ere AHTren obrak EAEn

2024ko otsailean Astigarraga-Hernani tartea amaitu zutenean Abiadura Handiko Trena 2027an prest egongo zela aurreikusten zuen Eusko Jaurlaritzak. Orain Arkautiko lotunearen obren lizitazioari ekin dio Jaurlaritzak; Euskal Trenbide Sarea enpresaren esku utzi du, eta 2027an hasiko... [+]


Erretiroa hartuko du Benito Lertxundik

82 urteko abeslari oriotarrak azken disko bikoitza kaleratu du, Gernikan 2023ko azaroaren 11n eskainitako kontzertuaren zuzenekoa. Eta horrekin bere ibilbideari amaiera eman diola iragarri du.


2024-11-27 | Mati Iturralde
Gogoan ditut

2006. urtean, Baltasar Garzonek, orduko epaile izarrak, errebelazio moduko bat izan zuen, eta jardunbide bat idatzi zuen, terrorismoagatik inkomunikatutako atxilotuen eskubideak bermatzeko. Epaile berak ehunka atxilotu inkomunikatu pasatzen ikusi zituen bere aretotik, horietako... [+]


Valentziako ilargia

Duela gutxi, larrialdi klimatikoa zertan zetzan galderaren aurrean, zientzialari batek erantzun bikain hau eman zuen: “Begira, larrialdi klimatikoa hauxe da, zure mugikorrean muturreko fenomeno meteorologikoei loturiko gero eta bideo gehiago ikusten dituzu, eta konturatzen... [+]


2024-11-27 | Castillo Suárez
Pertseberantziaz

Bihotzean ditudan oroitzapenik politenetakoak dira. Euskal Filologia egiten ari nintzen garai hartan, eta Arbizuko elkarte batera joan ginen Ruper Ordorikaren kontzertu batera. Han zeuden Rikardo Arregi Diaz de Heredia eta Juanjo Olasagarre. Ez nintzen Arregiri esatera ausartu... [+]


Materialismo histerikoa
Zuekin nahi dut

Gutxi ateratzen naiz azken urteetan. Askotan esan dut, badakit, baina badaezpada ere. Bertso saio batera joan naiz gaur. “Bejondeizula”. Bai, horregatik abisatu dut gutxi ateratzen naizela, pentsatzen dut zuek kultur ekitaldi askotara joaten zaretela, eta... [+]


Eguneraketa berriak daude