argia.eus
INPRIMATU
Gizon grisen aurka (edo alde?)
  • Nere Lujanbio ::Oteiza, jenio hutsa.

    Elkar

    orrialdeak ::148

    prezioa ::12.10€

Amaia Alvarez Uria 2011ko urriaren 05a
Biografia historia kontatzeko eta ereduak emateko beste modu bat da, kontalariak erabakiko du zein bertsio kontatu eta zein irudi utzi nahi duen gure gogoan liburua irakurtzen amaitzean. Nere Lujanbiok irakurlego zabala izan du buruan, era dibulgatiboan kontatu du, berarengana hurbildu gaitu jakin mina piztuz, azpititulutik hasita gertatu dena: “jenio hutsa”. Nori deitu ahal diogu jenio? Zeinek erabakitzen du nor den artista? Eta artisaua? Edozein da sortzaile?

Leibnizek zioen egiten ditugun ekintzen hiru laurdenetan garela automatak. Oteizaren kezketako bat haurren heziketa estetikoa zen; sormen-gaitasuna lantzeko eta garatzeko biderik ez zaiela ematen esaten zuen. Agian jenioa laurden horretan barneratu eta beste era batean pentsatu eta sentitzen duena da. Bide desberdina hartu eta bere lekua topatzen ahalegintzen den pertsona izango da artista. Beharbada jokabide ez-ohikoa izango du –edo ez– eta horren aurrean botereak goratu ala baztertuko du, jenio ala sorgin izendatuko.

Oteiza hasieratik hasi zen, hautemate prozesuari bueltak ematen, ezagutza jasotzeko moduari erreparatzen: oinarrizko forma geometrikoak landuz, figura eta fondoa aldatuz. Materiari lekua kenduz espazioa eskultura bihurtu zuen. Honela eskulturak funtzio sakratua hartu zuen, bere lanen helburua estetiko-erlijioso-soziala izanik. Artearen betebeharra espiritua sendatzea, gizakia babestea, pertsona berria eta hobea sortzea zela esaten zuen. Bere ustez arteak artista askatzen du honek errealitatea eralda dezan.
Baina ez zen bakarkako sorkuntza eta gogoetara mugatu. Materiaren desokupaziotik abiatuz talde lanera pasatu zen kultura biziberritzeko. Eskulturaz gain bere gogoetek eragin handia izan zuten jendearengan, bereziki Quosque tandem...! lanak. “Alegoria nazionalik eraginkorrena” izan da liburu hori Joseba Gabilondoren ustez, “kapital sinbolikoari ekarpen handia egin ziola” esango luke Pierre Bourdieuk. Lan erreferentziala euskal nortasuna deskribatzerakoan. Kontzientzia eta aldarrikapenak piztu zituen sua.

Abangoardian, modernitatean kokatu duten izaera bizi eta bortitzeko intelektuala izan zen Oteiza. Hautemateko eta baloratzeko kategoria berriak ezarri zituen –subertsio sinbolikorako bidea izan zitekeena, baina ez–. Pena da ideien munduan geratu izana Platonen ondoan, espirituari begira, intelektoa landuz, gorputza eta egunerokoari muzin eginez, aurrekoek egin bezala, beste behin.