argia.eus
INPRIMATU
Ospelak uzten duen maisutasuna eta erregistro aniztasuna
  • Xabier San Sebastian ::Ospela

    Elkar

    iraupena ::57´08´´

    prezioa ::14.95€

Iker Barandiaran @IkerBarandiara 2011ko urriaren 05a
Donostiar honek eskarmentu handia dauka musikagintzan eta Izotz eta Alboka moduko talde beteranoen buru izateagatik ezaguna egin bazen ere, erregistro eta lengoaia asko menderatzen ditu. Hala, bakarkako bigarren lan honetan kolore askotako doinuak landu ditu, baina folkarekin daukan lotura askotan dago presente, baita jazzarekin eta rockarekin ondo ezkontzen duenean ere. Are gehiago, ahots melodiekin asko jokatzen du eta tarteka igartzen da musika afrikarra, arabiarra edota El Ultimo de la Fila adibidez oso gustuko dituela. Lan berean kantu xuxurlarietatik (Goizeko lauetako airea, Gu haren itzala, Ilunean) bat-bateko rock hit-etara (Atzo naiz, Ta nik zer dakit) edo brit-pop ukitua daukaten pieza progresiboetara (Irrifar bat, 20 aste) salto egiteko gai da, beti ere dotoretasunez.
"Astrofisikaria izan nahi nuen, baina proba egin ostean izarrei kantak egiten hasi nintzen"

Gaua eta izarrak oso presente daude zure hitzetan...


Nire lehenengo bokazioa astrofisikaria izatea zen. Leioan izan nintzen urtebetez fisika ikasten. Ordu pila sartu beharra, neska bakarra klasean... Izarrei buruzko kantuak egiten hasi nintzen.

Ta nik zer dakit. Zalantza eta jakin-mina badago, bada aurrera egiterik?


Bai noski, ez-jakintasunaren kontzientziarantz! Baina inguruan aurkakoa ikusten da, dena epaitu behar, hau ona da –bihar, berriz, txarra–, hura kondenatu behar, besteari beldurra, hau gabe ezin bizi... kaka.

“Harritzekoa da zaurien beharra nolabait heltzeko bizitza bakarra”. Orban asko utzi dizkizu musikak?


Musikak berak ez, gaixoa; poz asko eman izan dizkit eta ematen dizkit, egunero. Musikaren ingurukoak bai, orbanak, ospelak, urratuak eta abar. Imajina zaitez kaktus artean tai-txi egiten...

Zure aspaldiko jarraitzaileak harrituko dira Harritzekoa da kantu brit-popero bezain bizia entzutean?


Ez dakit. Estiloen gainetik musika maite dut: Kobetasonik jaialdia, baita albokari topaketa ere. Baina badira egindako guztian nire estiloa igartzen dutela esaten didatenak –bejondeiela!–.

Kantu rockero eta gitarreroetan baduzu zerbait hemengo taldeek galdu dutena eta kanpokoek ez daukatena; hemengo musika tradizionalarekin lotura daukazula... Asko zor diogu Niko Etxarti?


Bai! Ez nuen horretan pentsatu baina entzuteaz pozten naiz. Aupa Niko! Konplexurik gabe alde bietatik edaten du. Eta doazela pikutara askatasuna barkatzen ez duten guay guziak!

Atzo naiz bat-bateko hit-a da, baina Irrifar bat edo Hogei aste-k hobeto irudikatzen dituzte zure errejistroak.


Bai, bi horiek progresiboagoak dira, ezusteko gehiago dituzte; Atzo naiz lauagoa da. Baina denak dira nere haurtxoak... Espero dut mundua ikusi dezatela eta belarri eta bihotz –eta patrika– askotatik pasa daitezela... Amen.