argia.eus
INPRIMATU
Garaituen soa
Edu Zelaieta Anta 2009ko maiatzaren 21a
Edu Zelaieta
Visión de los vencidos liburua oparitu zidan Pedrok orain zortzi urte, elkarri agur esateko azken momentuan. Aurreko egunetan denetariko gaiak ibiliak genituen aho-belarrietan: zapatisten iraultza, Euskal Herriko egoera, sentiberatasun eza ezkerreko ortodoxoetan, enpatiaren garrantzia egunerokoan, eta abar.

Liburua Mexikotik bueltan irakurtzeko esan zidan, nik munduari so egiten diodan lekuan. Aste batzuez ez nuen liburua begien aurrean pausatu. Dudarik gabe, nire lagunaren mandatuak jakinmina piztu zidan; ez nekien zer topatuko ote nuen orri haietan, ez baitzidan beste azalpenik eman, hark berak liburua motxilan sartu aurretik.

Oparia udazkenean ireki nuen, neure etxean. Bertan Leon-Portilla antropologo mexikarrak espainolen –eta Hegoaldeko euskaldunen– konkistari buruz bildutako agiriak aurkitu nituen, Hernan Cortesez mintzo ziren Mexika indigenen kodizeak, duela bostehun urteko garaituen soa.

Lehengoan, apalak enegarrenez txukundu nahian, Pedrok emandako liburua bigarrenez hartu nuen: berrogeita hamar urte joan dira liburua lehen aldiz argitara eman zenetik eta, hala ere, putzuaren honaindian apenas dakigu deus garaituen seme-alaben berri.