argia.eus
INPRIMATU
Bertso berriak... Patxiri jarriak
Imanol Lazkano 2009ko maiatzaren 21a
Imanol Lazkano
I
Lehendakaritza hartuagatik
tranpetan edo ebatsiz,
orainaldian hasea dute
zorion eta goraintziz.
Gure amonak ikusi balu
esango zuen “mekatxis!”
lehenago ere ederki asko
aspertu baikinen Patxiz.

II
Izandu baitzen Patxi txiki bat
txikia bezain gaiztoa,
suge gorria bezin zitala
zuena bere miztoa
babesle hartuz ejerzitoa
eleiza eta kristoa
oihukatzen zun “ni naiz zuentzat
jainkoaren ministroa”.

III
Berak zioen jainkoarekin
jokatu izan balu fin,
eragin zuen hainbat sarraski
ez zezazkean eragin.
Zenbat aberi Españan bertan,
zenbat aberi Euskadin...
Beste jainkorik hark etzuen nahi
baizik bera jainko egin.

IV

Haren odola dute Fraga, Aznar,
Rajoi eta Basagoitik,
lotsarik gabe kukurrukua
jo nahi digutenak goitik.
PSOE ere aldatu denez
Patxi xaharraren sasoitik
berriro haren dotrina bera
atera dute kajoitik.

V
Irrika hortan pasa ondoren
hoitamar urte inguru,
tranpetan baina eskura dute
nahikoa boto kopuru.
Ikurrin batzuk azaldu arren
egon gintezke seguru
Euskadin ordez “España grande”
dutela hoiek helburu.

VI
Hoien pausoak demokrazian
hain dira axalekoak
aurka egiten diotenekin
gupidarik gabekoak.
Terrorismoan aurka badira
golpe denak balekoak
berei galdetu beharko zaie
zer ziren ba GALekoak.

VII
Nabaria da euskaldungoak
duen kezka ta samina,
makurra gerta daitekelako
guzti honen eragina.
Baina halare ez degu hori
gure akatsik handina:
askozaz ere okerrago da
geure konpondu ezina.

VIII
Baina bidea luzea da ta
oraindik ez da amaitu
aurrera ere geurean tinko
beharko degu jarraitu.
Zalantzik gabe aurki daiteke
hau dena nola garaitu:
eman diguten kazkarrekoak
esna arazten bagaitu.