argia.eus
INPRIMATU
100 DVD disko batean
Joxerra Aizpurua Sarasola 2009ko maiatzaren 21a
Générale Electric enpresa estatubatuarrak iragarri berri du laster izango dela merkatuan 500 GB-eko disko optikoa; beste hitz batzuetan esanda, egungo 100 DVD bilduko dituen diskoa.

Disko berriaren tamaina oraingo DVDena izango da, baina desberdintasuna datuak gordetzeko eran datza. Gaur egungo DVDek laser sekuentzial baten bidez gordetzen dituzte datuak, eta disko berriek holograma moduan edo hiru dimentsiotan gordeko dituzte.

Diskoa laborategitik atera berria da, baina orain merkaturatze estrategia landu behar da. Lehenbizi eremu profesionalera zuzenduko da produktua, baina azkeneko helburua etxeko erabiltzailea da. Horretarako, disko berria irakurriko duen gailua diseinatu behar da, edo hobe esanda, disko berria eta egungo DVDa irakurriko dituen irakurgailua da diseinatu beharrekoa. Horrela, tresna bakarrarekin bi disko mota irakurri ahal izango dira.