argia.eus
INPRIMATU
Noeren dinosauroak
Nagore Irazustabarrena Uranga @irazustabarrena 2009ko maiatzaren 12a
Noeren arka
Amerika, K.a. 600. urtea. Israeldarrak Amerikara iritsi ziren. Berehala bi klanetan zatitu ziren, baina Jesukristok bisita egin zienean batu egin ziren. Jesusek alde egin zuenean, berriro zatiketa iritsi zen. Edo halaxe zioen behintzat Joseph Smithek Mormoiaren liburua (1820) izenburuko lanean.

Eta ez pentsa halako astakeria historikoak iraganeko kontuak direnik. Damian Thompson kazetari estatubatuarrak azken urteetako sineskerien bilduma osatu du Counterknowledge (2008) liburuan –gaztelerazko itzulpena berriki argitaratu da Los nuevos charlatanes izenburupean–. Lan horretan, besteak, egileak Sasi Historia (Fake History) deritzonaren harribitxiak bildu ditu.

Zerrenda horren izar nagusietakoa Noe da. Answers in Genesis, AEBetan azkar hazten ari den muturreko elkarte kreazionistaren arabera, dinosauroak duela gutxi arte bizi izan ziren gure planetan.Baina nola lortu zuen Noek animalia itzel horiek arkan sartzea? Hona elkarteko bozeramaileetako baten erantzun soila: “Dinosauro gazteak besterik ez zituen ontziratu”. TheStoneAge.org webguneak dioenez, Harri Aroa ez zen existitu, eta adi bertan irakur daitekeen esaldi honi: “Noek ontziak eraikitzeko teknika ezagutzen zuen, Koranari esker baitakigu haren arka lurrunari esker zebilela”. Lehen lurrun-makina 1606an patentatu zen.

Lawrence Gardner-ek –beste inork ez– bere burua Estuardo Errege Etxearen historiografo ofizial izendatu du. Haren esanetan, sumeriarrak Irlandara iritsi ziren. Hauxe teoria horren oinarri sendoa: “Irlandan dragoiari sumaire esaten diote”.

Egitoko piramideak, Stonhenge eta Rapa Nuiko estatuak bidaiari estralurtarrek eraiki zituzten. Teoria hori Erich von Däniken suitzarrak zabaldu zuen Etorkizuneko oroitzapenak (1968) ez-fikziozko liburuan. Hamar milioi ale saldu zituen.

Aldiz, Jainkoen aztarnak (1995) liburuak bost milioi saldu zituen. Graham Hancock The Economist-eko korrespontsal ohiak Esfingea K.a. 5000. urtean eraiki zutela dio: “Izotz Aroan hedatu zen eta adimen berezia zuen herri ezezagun batek eraiki zuen”.
Teoria hauek guztiek irribarrea eragingo ligukete, gehienek milioika jarraitzaile izango ez balituzte.