argia.eus
INPRIMATU
BertsoZiriMarra
Inprobisazioaren haritik sokatiran
  • Marrazkia eta bertsoaren arteko jolasa gozatu genuen Indautxun (Bilbo), maiatzaren 8an, ARGIAren 90. urteurrena ospatzeko. Inprobisazioaren hariari tiraka, sokatiran bukatu zuten sortzaileek: Asisko Urmeneta eta Adur Larrea marrazkilariak mutur batean eta Unai Iturriaga, Igor Elortza, Fredi Paia eta Miren Amuriza bestean.
Estitxu Eizagirre @eeizagirre 2009ko maiatzaren 12a
Tenderetea biluzik ageri zen eskenategian, Asisko Urmeneta eta Adur Larrearen irudimena hari batetik zintzilik eta lau bertsolariak marrazkiak pintzekin hartzeko prest. Kale egin ez zuten irakurleek eta Bilboko bertsozaleek jakinminezko tximeletak zerabiltzaten sabelean. Goxo zegoen Karmen aretoa.

Xabier Letona zuzendariak aurkeztu zuen ekitaldia, eta Argiaren 90 urteko historian bi une nabarmendu zituen: hilabetekaritik astekari izatera igaro zenekoa, eta “Zeruko”rik gabe, Kaputxinoen eskuetatik langileen jabego izatera iritsi zenekoa. 2009ra etorrita, komunikazioa ezin dela Internetik gabe ulertu azpimarratu zuen, paperezko tradiziokoak bagara ere. Argia ateratzeko beharrezkoak diren 21 langileak eta kolaboratzaile eta laguntzaileak nabarmendu zituen, baita, batez ere, harpidedun eta irakurleak.

Marra-bertsoa

Unai Iturriagak aitortu zuen lehen agurrean aurrean zuten erronka:

Arratsalde on, pareko jente
ongi etorriak saiora
pixkat nerbioso gagoz gaur laurok
dardara jatort ahora
marrazkilari bigaz deukogu
gaur benetan suzko proba
jo beharko dugu gure errora
bertsoen zona zerora
gaur inprobisazinoa bera
inprobisaua izango da.

Hasieran bertsolariak aritu ziren marrazkilarien arrastoan, marrak dezifratu nahian, eta arrapaladan agertzen ziren irudiak elkarri josiz. Asiskok eta Adurrek asmatu zuten tintazko akuiluz bertsolariak zirikatzen, gaiak zikiratu gabe. Amurizaren behatz bendatua Quirogaren kondoidun bihurtu zuten, edo labana sartutako zerria eltxetxo. Paiak azaldu zuenez:

Itxulapiko betea
remanente potentea
hain da esperantza merkea
labana sartu txarritxuari
horrela dabil jentea
sintetizatu dabez ederto
krisi ta txerri gripea
txerri ta krisi gripea

Elortzak ere marrazkilarien kontraesanak agerian jarri zituen zerriarenean: “zelan eiten dau belarri horrek / grabitatearen kontra?”.

Bertso-marra

Inflexio puntua Unai Iturriagak eta Fredi Paiak jarri zuten, marrazkiei bizkar emanda nahi zutenari buruz kantatzea erabaki zutenean. Aurrerantzean, bertsoen doinura egin behar izan zuten dantza rotulagailuek.

Iturriagak:

Kandinski esan dozu
pinturari maitez
ondo hartuko deutzut
txarrik ez dau bapez
ta bide bat zabaldu
dozu hain suertez
pintura ta gu laurok
ointxe batu geinkez
nik beti ikusi zaitut
zu pixkat Velazquez.

Paiak:

Sorollaren ikasle
sortua mundura
Zuloagak jarraitu
eban abentura
Zumetan abangoardia
estranbotiko hura
bai, Velazquez nauzu ni
dakizun modura
ta zuk dekozu kriston
menino itxura.

Marrazkilariek ez zuten aukera galdu eta Velazquez zein menino pertsonalizatuak agertu ziren, bertsolariek hasieran euren aurpegiak errekonozitu ez zituzten arren.

Hortik aurrera bertsolari eta marrazkilarien arteko erronka handitzen joan zen, eltzea berotzen, eta saioa bertsolariek asmatutako ariketak lehertu zuen: bertsolariek marrazkilariei puntu bat jarri ahala, marrazkia osatu behar zuten, errimatuz gainera. Arpa-jotzea zena erronkatzat hartu zuten marrazkilariek, eta bertsotarako sena erakutsi zuten:

Paiak jarri zion lehena Adurri: “puntu hontan marraztu / eizu zure logela”. Berehala kartzela agertu zen paperean. Elortzak Asiskori eskatu zion: “Egin zeure burua / astelehen goiz baten”. Asisko neutro bat ikusi genuen behatzak batuta, “ZEN” izenburupean.
Saio bukaeran ikus-entzuleak oso gustura agertu ziren, saio berezi eta ideia-egoslearen jokaldi onenak gogoan. Sortzaileak ere egindako lanarekin harro, inprobisazioaren bertigoa gaindituta. Eta ahozapore gozoa laburbiltzeko, Elortzak puntukako saioan bota zuena ahoan: “lehenengoz ikusi dot / Asisko sufritzen”.