argia.eus
INPRIMATU
Santurtzi (Bizkaia)
Itsasoz nahiz lehorrez
  • XI. mendeko agiriek Santurtziren berri ematen badigute ere, egungo udalerria 1900ean jaio zen, artean herri bakarra osatzen zuten Urtuella meatzaria eta itsasertzeko Santurtzi elkarrengandik banatu zirenean. Urteak joan eta urteak etorri, behin arrantzale herrixka izandakoa Bizkaiko Golkoko porturik garrantzitsuenetakoa bihurtu zuen industrializazioak.
Alvaro Hilario Pérez De San Román 2009ko maiatzaren 05
Santurtzi
Itsasoari zein industriari lotua da Santurtziren ospea: portua, sardinak, arrauna. 200 urteko industrializazioak herria desitxuratu duen arren, kultur eta natura ondare oparoa dauka Santurtzik.

Itsasoa

Arrantzak garai batean izandako garrantzia murriztu bada ere, itsasora begira dago Santurtzi. Eta Udalak, testuinguru eder horretaz jabetuta, hainbat ekitaldi antolatzen ditu, santurtziarrek nahiz kanpotarrek ezagutu dezaten. Eskaintza horretan, txangoak dira nabarmentzekoak; belaontziz edo oinez egitekoak, laburrak eta luzeak, ordaintzekoak eta debaldekoak... Eskarmentu handiko profesionalek lagunduta beti, eta herriko gastronomiaz gozatzeko aukerarekin bide batez. Ordutegiak eta bestelako zehaztapenak eskura dauzkazu Udalaren web orrialdean: www.santurtzi.net.

Portua dute abiapuntu belaontziz egiten diren txangoek. Inguruko hainbat portutara bidaiatxoa eginez, bisitariek itsasoaren sekretuak ezagutzeko parada daukate, besteak beste Bizkaiko Golkoko zetazeoak eta hegaztiak.

Bost eguneko iraupena dauka Santurtziko baleak izeneko bidaiak. Hegaztiak eta zetazeoak begiztatzeko sortutako ekoturismo produktua dugu, Portsmouth ingeles portura doan ferryan egiten dena. Santurtzitik bi ordura, kaxaloteak eta zere arruntak –munduko bale espezierik handienetakoa–, zein hamaika itsas hegazti ikusteko toki paregabea dago. Ornitologo baten hitzaldiak eta Santurtziko Oriol Jauregian egonaldiak osatzen dute txango hau.

Iraupen laburragoa dute –hiru egun– Asteburu ornitologikoek. Abrako badia babesleku naturala da hainbat hegazti migratzailerentzat. Parajea ezagutzeko aukera edukiko dugu Asteburu ornitologikoetan, non eta belaontzi batean.

Gorlizetik, Castro Urdialesetik edo Bilbotik igaroko dira bidaiariak egun bakarreko txangoren bat aukeratuz gero. Itsasertzaz gozatzeko da lehenengoa. Santurtzitik Gorlizko Astondo badiaraino joaten da belaontzia; bidean, hondartzak ez ezik, kostaldeko geologia mirestea ere badago. Eguna Gorlizen eman eta gero, arratsaldez ekingo dio belaontziak Santurtziko bideari.
Bigarrengo txangoak Castro Urdiales du helmuga, eta Bizkaiko Golkoa zeharkatzen du, hortaz. Bidean geldialditxoak egiten dira dena den. Hala, Mioñon bainua har daiteke, eta baita meatzaritzak bertan utzitako aztarnak bisitatu ere. Hirugarren bidaia aukeratuz gero, Santurtzitik Bilbora joango gara, kantan bezala. Industrializazioak laga dituen aztarnak eta itsasadarrak jasan dituen aldaketak hobeto ulertzeko balio du bidaia honek, besteak beste.

Lehorra

Hiriaren erdian Santurtzi Parkea dago. Itsasoari lapurtutako eremu hau hiriaren bihotza eta santurtziarren aisialdi-gune nagusia da. Bertan zuhaitz bakanak aurkituko ditugu; Himalaiako zedroak, palmondo afrikarrak eta sekuoia kaliforniarrak, esaterako.
Trenbidearen bestaldean, hura ere XIX. mendean itsasoari ostutako eremuan, arrantza portua dugu, Santurtzi, herrixka ederra ordubeteko bisitaldi gidatuaren abiapuntua. Portua bera eta kofradia, Karmengo Ama Birjinaren monumentua, Udaletxea eta San Jurgi eliza... Horra Santurtziren historia eta ondarea ezagutzeko mugarriak.

Lan gehiago egin beharko duzu lehorrean egin daitezkeen beste txango bietan. Lau ordukoak dira eta, aurrekoa bezala, debaldekoak. Batean, Abrako hegaztiak ezagutzen ikasiko dute ibiltariek. Bestean, Serantes mendiko ondare naturala eta haren kontserbaziorako egiten ari den lana ezagutaraztea dira helburuak. Gastronomia bikaina baino gehiago dago Santurtzin.