argia.eus
INPRIMATU
O único que queda é o amor
Patxi Zubizarreta 2021eko uztailaren 15
Patxi Zubizarreta
Zaldi Ero
Alain de Libera adituak kontatu zigun nola izan zen itzulia Avicena Toledoko Itzulpen Eskolan, Erdi Aroan. Antza, filosofo eta sendagile pertsiarraren lana Ibn Daud juduak arabieratik itzultzen zuen ahoz gora eta, bien bitartean, Dominicus Gondisalvi kristaua arduratzen zen ahozko itzulpen hura latinera bihurtzen eta papereratzen. Aditu frantsesak gaineratu zuen: “Bagdad eta Toledo benetako ikasgaiak dira, izan ere itzultzeari uzten dion gizartea heriotzara gainbehera baitoa. Horixe gertatu zitzaion mundu musulmanari Toledoko garaian: itzultzeari utzi, bestearen jakituriari buruzko kezka galdu, eta horra elkarbizitzaren porrota”.
 
Ez dago hain atzera egin beharrik elkarbizitzaren porrot horren adibide gehiago topatzearren. Orain bospasei urte Nagib Mahfuzen Mirarien kalezuloa (Alberdania & Elkar) eta Mila eta bat gauen gauak (Txalaparta) itzuli zituzten, baina obrak euskaraturik egon arren, baimenik etortzen ez... Luzamendu hori argitu nahian, halako batean jakin zen zer aitzakiatzen zuen idazle egiptoarraren agenteak, alegia, obra horiek gaztelaniaz egonik, ez zegoela zertan euskaraz argitaratu. Argudio hutsal hori gainditu nahirik gestioak abiarazi ziren, EIZIE, Jaurlaritza, Cervantes Institutua... eta bi urte inguru igaro ziren harik eta, noizbait ere, deskubritu zuten arte oztopo nagusia Kairon ez, baina Madrilen zegoela, Madrilgo agentearenean: auzia –edo aurreiritzia, edo mozdade intelektuala– ez zen hizkuntza nagusituen eta minorizatuen artekoa, baizik eta itzulpena zein hizkuntzatan argitaratzekoa zen, hau da, euskara, hau da, bortizkeriaren eta terrorismoaren hizkuntza... To! Argudio harekin harri eta zurturik, eta baimenik ezin zela espero ikusirik, Txalaparta argitaletxeak –etorriko ziren isunak isun– liburua argitaratzeko erabakia hartu berria zuelarik, baimena etorri zen eta liburuak legez etorri ziren euskal azokara (ar. suq; zoco).
 
Azken urteotan, gurean zazpi ahaleginak egin dira itzulpenaren arloan eta Literatura Unibertsala dugu horren adibiderik behinena (besteak beste, ezin Igela argitaletxea ere nabarmendu gabe utzi). Alabaina, hemen ere aurreiritziek badute pisurik, izan ere, Iban Zalduak dioen bezala, irakurle klubetan –toki berez pribilegiatuetan, alegia– itzulpen bikainak programatzen direnean asistentziak automatikoki egiten baitu behera: “Itzulpenena sintomatikoa iruditzen zait: zein puntutaraino euskal idazleak irakurtzen ditugunean ez ote garen gero eta gehiago ohitzen ari oso gauza errazak irakurtzen, eta zailtasuna minimoa izaten hasten den momentutik horrek izutu egiten gaituen irakurle bezala?”. Horrekin batera, inertziak edo halako nagikeriak ere eragin handia dute eta, esate baterako, egiten diren Galeusca guztiak gorabehera –idazleak, editoreak...–, ez dugu a
 
Guztiarekin, badago salbuespen pozgarririk. Orain arte Agustin Fernandez Paz idazle galegoaren hainbat lan euskaratuak izan dira, eta aurten bertan, O único que queda é o amor liburu zoragarria gaztelaniaz gozatu dut nik: Lo único que queda es el amor (liburu honek Espainiako haur eta gazte literaturako sari nazionala jaso zuen), bai ipuinak bai Pablo Auladell-en ilustrazio ezin iradokitzaileagoak, eta orain, Uxue Alberdiren itzulpenean datorkigu Elkar-en eskutik, ustekabean eta edizio ederrean: Maitasuna da geratzen den bakarra. Eta inoiz ez baita berandu, hona nire gomendioa, aurreiritzirik gabe hurrera zaitezen, goza dezazun eta elkarbizitzaren porrota gainditzen has gaitezen.