Hogeita hamar urte, gure bizitzaren erdia. Baigorriko elizan ospatutako kontzertuaren biharamunean ari natzaizue hau idazten, atzoko zirrarak aje. Hogeita hamabost urte dira inguru hori bizitzen hasi nintzela Daniel Landart enbaxadore: Guk taldearen Aita seme laborari musikaldia. Eneko Labegeri izan nuen kantu lagun eta asteburutan barnealdeko bidaietan txofer-gidari aditua. Iholdiko toberak eta Etxe sartzea obra, gero baigorriarrek Usurbilko herrira eraman zutena. Kultur militantziaren azkarrak Nafarroaren Eguna izan zuen geltoki berezia, sozialki sakon garatua, fundamentuz antolatua. Gure Eltzegor taldearen hastapenetatik bertako gaiteroak etxeko izan ditugu. Hogeita bost urte badira elkarrekin ari garela mundua sortzen eta elkar elikatzen, ingurua eraikitzen kalapita zenbait bidaide. Atzo ez ginen guztiak hor. Bidean gelditutakoak eta guregandik bortxaz urrunaraziak falta genituen gure kantuen erakarle izan zirenak. Basaizea eta Bixentainia, biak osasuntsu eta gaztez horniturik ikusita, harrotasun puntu batez biziarazi ziguten atzokoa, gure arteko ezkutuko konplizitatea motore. Eguraldi gaiztoa dute gaur, noizbait atertuko denaren esperantzan haziek asmatuko dute berriz ere ospakizunean.