argia.eus
INPRIMATU
Mugetaren merindadeak
Jakoba Errekondo 2009ko maiatzaren 05
Plazer dira loreak sortan, buketan edo, bizkaierak izurtutako Goierrin esaten duten eran, erramilotan. Atsegin zaizkio emaileari eta hartzaileari; bere buruarentzat egiten dituenarentzat, bi halako gozamena... Derrigorrak zapuzten du laketa, eta gogokoa gogaikarri, baita goragalegarri ere, bihurtzen. Buketa izanagatik ere... Nafarroa Behereko merindadekoek, ustezko maitasunaren adierazle, maiatzaren lehenean emazteei oparituko dietena, euro ziztrin batzuen truke eskuratutako buketak izango dira. Ez nolanahiko buketa, sorta mugeta, Convalaria majalis. Era guztietara biziko da egun horretakoa, derrigor, maitasunez, amodioz, onginahiz, musu-truk...
Musu-truk arabarrek dute eskura. Bertan dugu ugarien mugeta, harizti eta pagadietako erreka ondoetan. Gipuzkoako mendi garaienetan eta mugante dituzten Araba eta Nafarroako goietan, 600 eta 1.500 metro arteko harkaitz karetsuen gainetako belaze ospeletan bizi da. Udaberriaren ikur honek ura eta karea maite ditu.

Mugeta, mugetatzea eta larlirijua izenak topatu dizkiot geurean. Lehen parea Pirinioen iparraldera, frantsesezkoaren eraginez, inondik ere. Hirugarrena hegoaldera. Lakoizketak ere jasoa du azken hau 1.888ko hiztegi paregabean.“Lirijua” liriotik eta “lar”-ek arantza esanez, basoetakoa adierazten omen du. Lar horrek ez ote du urrutikoa esan nahi? Etxeetatik urrutikoa, larlur hitzaren gisara... Bere etimologiari eusteko Bibliara jotzen du Narbarteko erretore izan zenak, Salomonena omen Eresien eresia-ra. Bertan, Sicut lilium inter spinas sic amica mea inter filias, senar zoragarriak emaztea arantza artean hazten den lirioarekin parekatzen duela dio.

Nafarroako iparreneko merindadeko Baigorriko kantonamenduko Larla mendian ba ote da mugetarik? Eta ekialdeko mugetako Zangotzako merindadeko mendi eta erreketan? Untzitiko Mugetaxarra eta Longidako Mugeta, larlirijo ala muga ote?