Ahozkotasunaren ikergunea da Mintzola Fundazioa eta patronatua honako erakundeek osatzen dute: Bertsozale Elkartea, Euskal Herriko Unibertsitatea, Gipuzkoako Foru Aldundia, Kutxa eta Villabonako Udala. Joxerra Garziak egindako txostena da proiektuaren oinarri, eta txostenaren arabera Mintzola “ahozko tradizioaren behatzaile dinamikoa izango da eta gaurko gizarteak ahozkotasunaren alorrean dituen premiei erantzungo die”. Hau guztia aurrera eramateko, ahozkotasuna ikertzen duten beste erakundeekin elkarlanean arituko da Mintzola (unibertsitatearekin, Bertsozale Elkartearekin...): alor bakoitzean diren hutsuneak ikusi eta proiektuak elkarrekin sortuz. Ikertzeaz harago, ikertutakoa gizartean aplikatzea da Mintzolaren helburua.
Proiektuari tira egiteko, patronatuak aukeratu du zuzendaria: Josune Zabala. “Ahozkotasuna” zaku zabalean zer sartzen den galdetu diogu: “Ahozkoak daude, alegia, genero desberdinak, ez ahozkotasun bakar bat: hitzaldia, bertsoa, ipuin kontaketa, esaera zaharrak, elkarrizketa... Zer ahozko dauden diagnostikatu behar dugu, eta zer ikertu eta zer bultza nahi dugun erabaki”.
Josune Zabala (Errezil, 1978) formazioz eta lan eskarmentuz, bete-betean da ahozkotasunaren mundukoa. Euskal Filologian lizentziatua eta doktorego ikasketak burututakoa, Kortesia estrategia pragmatikoak eta Kortesiaren azterketa euskarazko bi debateetan ikertu ditu. Ikerlari izan da azken bi urteotan lanbidez, EHUko Psikolinguistika Laborategian, EJE (Euskararen Jabekuntza eta Erabilera) taldean. Eta 2004tik 2007ra, berriz, Mondragon Unibertsitateko irakasle aritu da, Humanitate eta Hezkuntza Zientzien fakultatean. Hemen ere hainbat ikerketa proiektutan parte hartu zuen, Ahozko hizkuntza derrigorrezko hezkuntzan, eta Esku-hartze psikopedagogikoa testuinguru kulturanitzetan, besteak beste. Horrez gain, Errezilgo Atala kultur taldearen motorretako bat da: Zokomian hilabetekaria jarri zuten martxan iaz, eta erredakzio buru da geroztik. Atala kultur taldeak egindako “Gari lanak Errezilen” proiektuaren arduradun izan zen.