argia.eus
INPRIMATU
Lana bilatzea lanbide
Castillo Suárez @casti_suarez 2013ko maiatzaren 02a
Castillo Suarez
Lanbide baten gisakoa izan daiteke lana bilatzea.
 
Goizean goiz ordenagailua piztu, eta mezurik ote duzun begiratu. Ondotik, lana bilatzeko helbideetan sartu berrikuntzarik ba ote den begiratzeko. Curriculumak bidali intereseko eskaintzetara, baldin badaude. Elkarrizketaren batera deitzeko zain egon. Aldi baterako lana eskaintzen duen enpresa batera joan, eta curriculuma entregatu. Administrazio publikoetako lan eskaintzak irakurri. Lan-poltsa batean izena eman, bigarren batean probak egin, eta hirugarren batean geratu zaren hurrenkera begiratu. Tabernara joan, kafea hartu eta egunkarietako lan eskaintzen iragarkiak begiratu. Enplegu zerbitzura joan, ilaran jarri, eta langabezia-txartela berritu. Ikastaroen zerrenda begiratu. Bakarren batean, izena eman, nahiz eta oso interesekoa izan ez. Egindako azkeneko ikastaroa curriculumean sartu. Autonomoa egiteko aukerak aztertu. Balizko diru laguntzak. Orientatzailearekin taldeko bilkuretara joan, banan banako arreta egiteko baliabiderik ez dagoelako.
 
Lanpetuta egon egun guztia lanik ez duzula gehiegitan ez pentsatzeko.