argia.eus
INPRIMATU
Izenak
2013ko maiatzaren 06a

Uxue Alberdi idazle eta kazetariak lehenengo eleberria plazaratu du: Aulki-jokoa (Elkar). 36ko gerran kokatua, hiru emakumeren istorioak jaso ditu elgoibartarrak liburu horretan. Joseba Jaka bekari esker idatzi du eleberria.

 

Tonino Carotone musikari iruindarrak Ciao Mortali! diskoa plazaratu du. Kojon Prieto y Los Huajalotes taldeko kide ohiak Italian grabatu du bere hirugarren diskoa. Aurreko bien bideari eusten dion lan berriak, eta besteak beste, Manu Chaok eta Bandabardó eta Gogol Bordello taldeek parte hartu dute.

 
 

Hezur muinetan (-3.200 / +2009) izeneko argazki erakusketa paratu dute Donostiako Kubo-Kutxa aretoan. Confocal mikroskopioak ateratako mikroargazki digitalen formatu handiko erreprodukzioak bildu dituzte.

 

Xavier Tarrega kataluniarrak irabazi du Basauriko kultur etxeak antolatutako Ganorabako komiki lehiaketako sari nagusia, Saloon lanarekin. Kataluniarrak dira bigarren eta hirugarren sarien irabazleak ere: David Muñoz eta Javi Fernandez batetik, eta Jose Angel Labari bestetik. Orotara 89 komiki aurkeztu dira lehiaketara, eta guztiak Basauriko Pozokoetxe kultur etxean erakutsiko dituzte orain.